14.4. Gobernu ona eta administrazio publikoa, administrazio elektronikoa eta zerbitzu publiko elektronikoak
Gobernu onean eta administrazio publikoan, administrazio elektronikoan eta zerbitzu publiko elektronikoetan, ondokoa izan behar da kontuan:
Eusko Jaurlaritzaren Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legearen Aurreproiektua
Printzipio orokorrak:
Printzipio hauen garapenak herritar informatuak, parte hartzaileak, aktiboak eta erantzuleak sortu nahi ditu, gizarte desegituraketa arintzen duen gizarte-egitura bat eratuz, herritarrei informazio egokia emanez, herritarrak proposamenak egitera bultzatuz eta erakundeekin lan egin dezala bultzatuz, baita arauak sortzeko prozesuetan eta politika publikoak planeatzeko eta ebaluatzeko faseetan laguntzera ere.
IV. titulua. Herritarren parte hartzea (24. artikulua.- Herritarren parte hartzearen xedea eta artikulazioa).
a) lortu nahi diren xedeen, egingo den prozesuaren eta hartu diren konpromisoen berri ematea eta zabaltzea.
b) jakintza, gogoeta eta eztabaida sustatzea.
c) deliberazio-eztabaida eta zenbait ikuspegitatik eta zenbait interes-talderekin kontrastatzea.
e) proposamenak eta adostasunak bilatzea.
f) parte hartze prozesuaren ondorioen berri ematea jendeari.
Otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa
Hitzaurrea:
1.- Dekretu honen xedea herritarrek administrazioarekin harremanetan sartzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz, zerbitzu publikoak eskuratzeko eta administrazio prozedurak izapidetzeko duten eskubidea garatzea da, baita herritarrei zerbitzu publikoak elektronikoki eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6. artikuluan aitortutako gainerako eskubideak ere.
2.- Era berean, egoitza elektronikoa, iragarki-ohol elektronikoa, herritarren eta administrazioaren identifikazioa eta autentifikazioa, ordezkarien erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, komunikazio elektronikoak eta dokumentu elektronikoak eta beraien kontserbazioa arautzen dira.
1. artikulua.- Xedea.
1.- Dekretu honen xedea bere aplikazio-eremuko erakundeetako edozeinen aplikazio informatiko guztiak irekitzeko edo jendearen esku jartzeko (berrerabil ditzaten) baldintzak ezartzea du xede.
2.- Era berean, dekretu honen xedea da aipatutako erakundeek aplikazio informatikoak, beren bizi-ziklo osoan zehar, eskuratu, garatu edo mantendu baino lehen bete beharreko baldintzak ezartzea, aplikazio informatiko horiek erabiltzea ahalbideratzen dutenak, bai jarduera horiek bitarteko propioak erabiliz burutzen direnean, bai kontratazio egokia eginez erabiltzen direnean.
3.- Ukitutako aplikazio informatikoak hauek dira: beraien iturburua edo zati bat gutxienez dekretuaren aplikazio-eremuan dauden erakundeetako edozeinek eskuratuta edo garatuta daukatenak (bizi-aldi osoan egiten zaizkien aldaketen ondoriozkoak barne).
4.- Aplikazio informatiko horien zatiren batean aipatutako erakundeetakoren batek jabetza intelektualeko eskubideak eskuratzen baditu, zati hori dekretu honetan xedatutakoaren mende egongo da.
Uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua, herritarren parte hartzeari buruzkoa
5. artikulua. Partaidetza eskubidea.
1. Gipuzkoako lurralde historikoko egoiliarrek, bai zuzenean bai dagozkien herritar erakundeen bidez, eskubidea dute Foru Aldundiaren eskumen diren gai publikoen kudeaketan parte hartzeko, antolamendu juridikoan ezarritako baldintzetan eta, zehazki, foru arau honetan aurreikusten diren prozeduren bidez, emakumeek eta gizonek era orekatuan parte hartzea bultzatuz eta, bereziki, emakumeen parte hartze txikia duten erakunde mistoetan emakumeen parte hartzea bultzatuz.
2. Foru arau honetan aurreikusitako ondorioetarako, herritar erakunde interesatuak izango dira Partaidetzarako Herritar Erakundeen Foru Erregistroan behar bezala izen emanda daudenak, betiere izen-emate horretan aditzera eman duten interes, lurralde edo gai esparruari dagokionez. Hala eta guztiz, Foru Erregistroan izena eman gabe egoteak ez du eragotziko berariaz prestatutako prozeduraren bidez partaidetza prozesuetan parte hartu ahal izateko gaitasuna.
3. Foru arau honen esparruan, herritarren partaidetzak bi bide izango ditu gauzatzeko, batetik pertsona egoiliarren eskubide indibidualak erabiltzea eta, bestetik, partaidetza prozesuak garatzea. Prozesu hauek egituratzeko hainbat fase izango dira, informazioa, eztabaida, ondorioak, zabalkundea eta ebaluazioa alegia, eta pertsona egoiliarrek eta herritar erakundeek parte hartuko dute horietan.
6. artikulua. Partaidetza prozesuetarako informazio eskubidea.
1. Oro har, Foru Aldundiak pertsona egoiliar guztiei bermatuko die bere departamentuetako edozeinetan izapidetze bidean dauden erabakitze prozedurei buruzko informazio eskubidea, lege antolamenduan ezarritako mugen barnean betiere.
2. Foru arau honetan erregulatzen den herritarren partaidetza ahalbidetzera begira, Foru Aldundiak, bere departamentuetako bakoitzaren bidez, jendaurrera zabalduko du izapidetzea dagozkion erabakitze prozedurei buruzko informazioa. Horretarako, departamentu bakoitzak, Foru Aldundiaren informazio eta komunikazio sistemak baliatuta, prestatuko ditu izapidetzen ari den prozeduraren gaineko ezagutza eta jarraipen puntuala ahalbidetzen duten informazioa eta dokumentaziorako sarbidea. Foru departamentuek arreta berezia jarriko dute kolektibo desfaboratuenek edo ahulenek informaziorako sarbide eraginkorra izan dezaten.
3. Horretarako, bide tekniko egokiak ezarriko dira, doan, artxibo, liburutegi, komunikazio zentro, gizarte etxe eta kultura etxe publikoetan, herritarrak informatzeko bulegoetan, edo herritarrentzako sarbide errazekoa delako egokitzat jotzen den beste edonon.
4. Prozedura baten barnean foru arau honetan berariaz aurreikusitako herritarren partaidetzarako tresnak txertatzen direnean, eskumena dagokion Foru Aldundiaren departamentuak prozeduraren hasierari buruzko informazioa eman beharko dio, derrigorrean, Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzari, gaia dela eta interesatuak diren herritar erakundeei informazioa bermatzearren; horretaz gain, bete egin beharko da kasuan-kasuan eskumena duen foru departamentuari dagokion informazio obligazio orokorra.
5. Informazio eskubidea bermatzeko, ziurtatuko da informazioa zabaltzeko sistemak berdin helduko zaizkiela emakumeei zein gizonei eta Erregistroan izen emanda dauden erakunde guztiei. Aldi berean, hizkuntza ez sexista erabiliko da zabaldutako informazioa prestatzerakoan.
7. artikulua. Partaidetza prozesuak garatzeko eskari eskubidea.
1. Pertsona egoiliarrek eskari eskubidea baliatu ahal izango dute Foru Aldundiaren organoen aurrean, honen eskumenekoa eta beren interesekoa den edozein gairi dagokionez, lege antolamenduan ezarritako baldintzetan betiere.
2. Zehazki, foru arau honetan aurreikusitako ondorioetarako, pertsona egoiliarrek Foru Aldundiaren barneko edozein erabakitze prozeduratan partaidetza prozesua egiteko eskari eskubidea erabili ahal izango dute, foru arau honek ezarritako baldintzetan.
8. artikulua. Ekimen eskubidea.
1. Zehazki, foru arau honetan aurreikusitako ondorioetarako eta berariaz ezartzen dituen baldintzetan, pertsona egoiliarrek edo herritar erakundeek eskubidea izango dute Foru Aldundiaren erabakitze prozeduretan partaidetza prozesu bat garatzeko ekimena erabiltzeko.
2. Toki entitateek ekimenerako ahalmena izango dute, halaber, foru arau honetan araututako partaidetza prozesuak irekitzea proposatzeko.
2. gogoeta. Informazioaren eta ezagutzaren sozietaterako eboluzioak Batasuneko herritar guztiengan du eragina, zehazki, ezagutza eskuratzeko bitarteko berriak eskaintzen zaizkielako.
Telekomunikazio elektronikoen zerbitzuen erabiltzaileek zenbait eskubide dituzte, besteak beste:
• Enpresa batekin edo gehiagorekin kontratua egiteko eskubidea, telefonia-sareko konexioa edo sarbidea eskaintzen dituzten zerbitzuen abonatu izaterakoan. Telefonia sare baten konexioen erabiltzaileen eta hornitzaileen arteko kontratu batek gutxienez ondoko hauek agerrarazi behar ditu: hornitzailearen nortasuna eta helbidea, ematen diren zerbitzu motak (ondoko hauek barnean hartuta: larrialdi zerbitzuetako sarbidea ematen den edo ez, zerbitzuak eta aplikazioak eskuratzea edota erabiltzea mugatzen duen beste edozein baldintzari buruzko informazioa, ematen diren zerbitzuen kalitatearen gutxieneko mailak, eta abar), kontratuaren iraupena eta hura berriztatzeko baldintzak, auziak konpontzeko prozedurak hasteko metodoa eta abar.
• Operatzaileek informazio gardena eta eguneratua eskaintzea aplikatu beharreko prezio eta tarifei buruz. Informazio hori argi, zehatz eta erraz eskuratu ahal izateko moduan argitaratu behar da. ANRek enpresak behartu ahal dituzte abonatuei zenbait gairi buruzko informazioa jakinaraztera: tarifa-baldintza bereziak dituzten zenbakien edo zerbitzuen tarifak, zerbitzuak edo aplikazioak eskuratzea mugatzen duten baldintzen aldaketak eta abar.
• Operadoreek informazio konparagarria, egokia eta eguneratua argitaratu behar dute beren zerbitzuen kalitateari buruz.
• Gutxieneko exijentziak ezarri behar dira zerbitzuen kalitateari dagokionez, zerbitzuen kalitateak okerrera egin ez dezan eta sareetako trafikoa ez dadin oztopatu edo moteldu.
• Sarean hondamendien ondorioz edo ezinbestekoen ondorioz gertatzen diren matxuren kasuan telefono-sare publikoa erabili ahal izatearen bermea.
• Operadore bidez eta abonatuen zenbakiei buruzko informazio zerbitzuen bidez zerbitzuak eskaintzea.
Batzordearen planteamenduaren printzipio zuzentzaileak.
Batzordearen planteamenduaren oinarrian zenbait printzipio daude, Batasunaren sektore-politiketan gauzatzen direnak, eta Liburu Berdearen gaineko eztabaidaren emaitzetan argitu ahal dena:
3.1. Agintari publikoen jarduna herritarrengandik hurbil dagoela ahalbideratzea.
Kontsulta egin zenean, interes orokorreko zerbitzuak herritarrengandik ahalik eta hurbilen antolatu eta arautu beharra eta subsidiariotasun printzipioa zehatz-mehatz errespetatu beharra nabarmendu ziren.
Batzordeak estatu kideen eta eskualdeko eta tokiko agintarien funtsezko papera aitortzen du interes orokorreko gaietan. Paper hori Batasunak gai honetan dauzkan politiketan islatzen da. Politika horiek zenbait esku hartze mailatan eta zenbait tresnaren erabilgarritasunean oinarritzen dira, subsidiariotasun printzipioarekin bat etorriz.
3.3. Kohesioa eta eskuratze unibertsala bermatzea.
Europar Batasunean gizarte eta lurralde kohesioa mesedetze aldera, eta oso periferian dauden eskualdeen irisgarritasun zailetik ondorioztatzen diren eragozpenak arintze aldera, ezinbestekoa da herritar eta enpresa guztiei ahalbideratzea interes orokorreko zerbitzuak, kalitatezkoak, eskuratzea, garestia ez den prezioan, estatu kideen lurralde osoan. Batzordeak konpromisoa hartu du interes orokorreko zerbitzuen benetako eskuraketa unibertsala sustatzeko eta hobetzeko, bere politika guztien bitartez.
3.8. Gardentasuna handitzea.
Gardentasun printzipioa funtsezkoa da interes orokorreko zerbitzuen inguruan politika publikoak egiteko eta aplikatzeko orduan. Printzipio horren bidez, agintari publikoek dagozkien eskumenak bete ahal dituzte, eta erabakiak demokratikoki hartzeko aukera eta erabakiok errespetatzea bermatzen da. Printzipio hori zerbitzuak emateko prozesuko alderdi guztietan aplikatu beharko litzateke, eta zerbitzu publikoaren eginkizunen definiziora, zerbitzuen antolaketa, finantzazio eta arauketara, beraien gauzapen eta ebaluaziora, eta erreklamazioak izapidetzeko mekanismoetara zabaldu beharko litzateke.
27.1. art. Estatuko, autonomi erkidegoetako eta beste toki erakunde batzuetako administrazioek udalei eskuordetu ahal diete beren interesak ukitzen dituzten gaietako eskumenak betetzea, baldin eta horrela kudeaketa politikoaren eraginkortasuna hobetzen bada eta herritarren parte hartzea areagotzen bada. Eskuordetzeko xedapenean edo erabakian eskuordetzearen irismena, edukia, baldintzak eta iraupena zehaztu behar dira. Gainera, eskuordetzea egiten duen administrazioak beretzat gordetzen duen kontrola, eta transferituko dituen bitarteko pertsonal, material eta ekonomikoak azaldu behar dira.
V. Titulua. Toki erakundeen xedapen komunak. IV. Kapitulua. Informazioa eta herritarren parte hartzea. Ondoko hauek nabarmentzen dira:
69.1. art. Toki korporazioek beren jarduerari buruzko informazio zabala emango dute, eta herritar guztiei tokiko bizitzan parte hartzeko aukera emango diete.
70 bis.1 art. Udalek, izaera organikoko arauen bidez, prozedura eta organo egokiak ezarri eta arautu beharko dituzte, bizilagunek tokiko bizitza publikoan parte har dezaten, bai udalerriaren osotasunean, bai barrutietan, baldin eta udalerrian horrelako lurralde-atalak badaude.
70 bis.3 art. Era berean, tokiko erakundeek eta, bereziki, udalerriek, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu elkarreragilean erabiltzea bultzatu behar dute, bizilagunen parte hartzea eta komunikazioa errazteko, dokumentuak aurkezteko, eta administrazio izapideak, inkestak eta, baleude, herritar kontsultak egiteko.
128.1. art. Barrutiak. Udalek, udal gaien kudeaketan eta hobekuntzan herritarren partaidetza bultzatu eta garatzeko barrutiak sortu beharko dituzte, kudeaketa deszentralizatuko organoak dituen lurralde banaketa izateko, betiere, gobernuaren batasuna eta udalerriaren kudeaketa kaltetu gabe.
4. artikuluan, adierazten du IKTen erabileran ondoko printzipio hauek kontuan izan behar direla:
1. Datu pertsonalak babesteko eskubidea eta norberaren eta familiaren ohorerako eta intimitaterako eskubidea errespetatzea.
2. Berdintasun printzipioa, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan sartzen diren herritarren eta hala egiten ez duten herritarren artean murrizpenak edo bazterketak galarazteko.
3. Bitarteko elektronikoen bidez ematen diren informazioa eta zerbitzuak eskuragarriak izatearen printzipioa, indarrean dagoen araudian ezarritako terminoetan. Bereziki eskuragarritasun unibertsala eta guztientzako diseinua errespetatu behar dira.
4. Legezkotasun printzipioa, IKTen erabilerak ez dezan ekarri herritarren berme juridikoen murrizpenik administrazio publikoen aurrean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusiak.
5. Lankidetzaren printzipioa administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean, haietako bakoitzak hartutako sistema eta konponbideen elkarreragingarritasuna bermatzeko eta, bidezkoa bada, herritarrei zerbitzuak elkarrekin eman ahal izateko asmoz.
6. Segurtasun printzipioa administrazio publikoek bitarteko elektronikoak ezartzen eta erabiltzen dituztenean.
7. Proportzionaltasun printzipioa. Beraren arabera, izapide eta jarduketen izaerari eta inguruabarrei egokitutako bermeak eta segurtasun neurriak soilik exijituko dira. Era berean, herritarrek behar-beharrezkoak diren datuak bakarrik aurkeztu beharko dituzte.
8. Erantzukizun eta kalitate printzipioa administrazio publikoek bitarteko elektronikoekin eskaintzen dituzten informazio eta zerbitzuetan.
9. Neutraltasun teknologikoaren eta tekniken aurrerapenari eta komunikazio elektronikoen sistemei egokitzearen printzipioa. Horrela, herritarrek eta administrazio publikoek alternatiba teknologikoak hautatzean independentzia bermatu behar da; gainera, merkatu libreko esparru batean aurrerapen teknologikoak garatzeko eta finkatzeko askatasuna bermatu behar da.
Ondorio horietarako, administrazio publikoek estandar irekiak eta herritarrek oro har erabiltzen dituztenak erabiliko dituzte.
10. Administrazioa sinpletzearen printzipioa, ahal den neurrian administrazio prozeduren denborak eta epeak murriztuz, administrazio jardunean eraginkortasun handiagoa lortze aldera.
11. Prozeduraren gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa. Horrela, bide elektronikoen erabilerak administrazio jarduketen hedapen, publizitate eta gardentasun gorenak bermatu behar ditu.
3.5. art. Printzipio orokorrak. Herritarrekin dauzkaten harremanetan, administrazio publikoek gardentasun eta parte hartze printzipioak betetzen dituzte.
86.4. art. Informazio publikoa. Legeetan xedatutakoarekin bat etorriz, administrazio publikoek xedapenak eta administrazio egintzak prestatzeko prozeduran herritarren parte hartzerako beste modu, bitarteko eta bide batzuk sor ditzakete, zuzenean edo legeak onartutako erakunde eta elkarteen bidez.
39 bis.1 artikulua. Administrazio publikoen esku hartze printzipioak jarduera bat garatzeko. Norbanakoen edo kolektiboen eskubideen gauzapena mugatzen duten edo jarduera bat egiteko betekizunak betearazten dituzten neurriak ezartzen dituzten administrazio publikoek (zeinek bere eskumenen barruan) murrizpen gutxien dakarren neurria aukeratu behar dute, interes publikoa babesteko beharrezkoa dela motibatu eta lortu nahi diren helburuak egokiak direla justifikatu. Ematen den tratuan ezin da inolako bereizkeriarik gertatu.
Hitzaurrea. Instantzia publikoetan sortzen den informazioak, informazioaren gizartearen garapenak ematen dion potentzialtasunarekin, interes handia dauka enpresentzat beren jarduketa eremuetan jarduteko, hazkunde ekonomikoan laguntzeko eta enplegua sortzeko orduan. Gainera, herritarrentzat oso interesgarria da, parte hartze demokratikorako gardentasun eta gida elementua denez gero.
5.3. art. Berrerabiltzeko dauden formatuak. Abenduaren 2ko 51/2003 Legean, desgaitutako pertsonen aukera berdintasunari, bazterketa ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoan, artikulu honetako 1. atalean aipatzen diren dokumentuak eskaintzeko bitarteko elektronikoak desgaitutako pertsonek erabili ahal izateko modukoak izango dira, gaian dauden arau teknikoen arabera.
2.2. art. Sektore publikoaren dokumentuak berrerabiltzeko eta bitarteko elektronikoen bidez eskaintzeko baimen orokorra. Jendeari aldez aurretik formatu elektronikoan eskuragarri dauden dokumentu berrerabilgarriak eskainiko zaizkio, bitarteko elektronikoen bidez, modu egituratuan eta interesdunek erabili ahal izateko moduan, eta ahal bada gordinean, formatu prozesagarri eta eskuragarrietan, modu automatizatuan, estandar irekiei dagozkienak, urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan (administrazio elektronikoaren eremuan elkarreragingarritasuneko eskema nazionala arautu zuena) ezarritako terminoetan. Era berean, dokumentu berrerabilgarriak eta dokumentu horiek eskaintzeko bitarteko elektronikoak desgaitutako pertsonek erabili ahal izateko modukoak izan behar dira, desgaitutako pertsonen aukera berdintasunari, bazterketa ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen arabera eta aplikatu behar den garapen-araudiaren arabera.
Zioen azalpena:
Gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu onaren arauak ekintza politiko ororen funtsezko ardatzak izan behar dira. Soilik arduradun politikoen ekintza behatzen denean, eta herritarrek beraiengan eragina duten erabakiak nola hartzen diren, diru publikoa nola erabiltzen den, edo gure erakundeek zein irizpideren arabera jokatzen duten jakin ahal dutenean izango dugu gizarte kritiko, exijente eta parte hartzailea.
(...) Lege honek hiru helburu ditu: jarduera publikoan gardentasuna areagotzen eta sendotzen du. Hori administrazio eta erakunde publiko guztiek publizitate aktiboa egiteko duten eginbeharraren bidez artikulatzen da. Informazioa eskuratzeko eskubidea aitortzen eta bermatzen du, eskubide subjektibo eta objektibo zabal gisa arautua. Eta azkenik, arduradun publikoek bete behar dituzten gobernu oneko betebeharrak ezartzen ditu, baita horiek ez betetzearen ondorioz sor daitezkeen ondorio juridikoak ere (hori erantzukizun-exijentzia bihurtzen da garrantzi publikoko jarduerak egiten dituzten guztientzat).
Legeak publizitate aktiboko betebeharrak handitzen eta sendotzen ditu, zenbait eremutan. Erakunde, antolaketa eta plangintza informazioari dagokionez, bere aplikazio eremuan dauden subjektuek egiten dituzten funtzioei buruzko informazioa, aplikatu behar zaien araudia, beren antolaketa-egitura, plangintzako tresnak eta betetze mailaren maila argitaratu behar dituzte. Garrantzi juridikoa duen informazioari dagokionez, eta administrazioaren eta herritarren arteko harremanetan zuzeneko eragina duen informazioari dagokionez, legeak dokumentu multzo handia dauka, argitaratzen direnean segurtasun juridiko handiagoa emango dutenak. Era berean, ekonomian, aurrekontuetan eta estatistikan garrantzia daukan informazioari dagokionez, katalogo zabala ezarri da, herritarrek eskuratu eta ulertu ahal izateko modukoa izan behar dena, baliabide publikoen kudeaketa eta erabilera kontrolatzeko tresnarik egokiena den aldetik. Azkenik, maiztasun handienarekin eskatzen den informazio guztia argitaratu beharra ezartzen du lege honek, gardentasunaren betebeharrak herritarren interesekin uztatzeko moduan.