11.1. Internet erabiltzearen eragina Euskadiko eremu sozial eta publikoetako partaidetzan
Sarritan, eremu sozial eta publikoetako hiritarren partaidetzari buruzko azterketan honako aldagaia sartu ohi da, eta egungoa bezalako garaietan, aipatu beharrekoa da: Internetek gu komunikatzeko, harremanak izateko, gure ingurua ulertzeko eta eraldatzeko eta parte hartzeko dugun gaitasunaren jakitun izateko modua aldatu du.
Normalean hausnarketa hauek ondorioen bidez sortzen dira. Euskal etxeetan dauden IKT kopuru altuak, gizarte-
sareetako partaidetzari buruzko inkesten kopuruak eta tresna eta partaidetza-kate berrien sorrerak iradokitzen dutenez, bilakaera-garai honetan zerbait aldatzen ari da eta IKTek zeresan handia dute horretan, identifikatu eta aprobetxatu beharko dituzten erronka eta aukera berriak sortzen direlarik.
Baina, errealitate honi buruzko hurbilketa kuantitatiboa egiteko aukerarik al dago? Txosten berezi hau egitean, Kapital Sozialari buruzko Inkestaren azterketa estatistiko osagarria egiteko eskatu zitzaion Euskal Estatistika Erakundeari (Eustat), jarraian zerrendatu diren alderdiak Interneten erabilera-aldagaiekin batera gurutzatzeko asmoz. Hori horrela, eskuratutako informazioari esker, herritarren partaidetzari eta gizarte-kohesioa osasuna, zoriontasuna (ongizate subjektiboa)… bezalako alderdien pertzepzioari buruzko azterketa bat egin ahal izan dugu, Internet erabiltzen duten eta ez duten pertsonen artean bereiziz (Interneten erabilera azken 3 hilabeteetan neurtu delarik).
Aztergaiak54:
(84. irudia)
Batez besteko puntuazioa aldagai nagusietan
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
11.1.1. Gai sozio-politikoen gaineko interesa
Lurralde bateko partaidetza-maila justifikatzeko orduan kontuan hartzen den lehenengo faktoreetako bat da herritarrek duten interesa beren auzo, autonomia-erkidego, politika, arazo sozial eta politiko eta abarrekin lotutako gaietan. Bere inguruarekiko, lurralde baten garapena arautzen duten politikekin lotutako gaiekiko eta abarrekiko interes-motaren bat daukan norbaitek partaidetza-prozesuetan parte hartu nahi izateko aukerarik ba al dauka?
Inkestaren arabera, inkesta egin duten euskal biztanleen % 84,6k dio interes ertain edo altua duela gai sozio-politikoetan, 0tik 10erako eskalan 5,75eko batez besteko puntuazioarekin. Gizonek eta emakumeek interesa al daukate gure inguruko gai sozial eta politikoen gainean? Alderik al dago gazteenak, helduek eta nagusiek adierazitako interesaren artean? Klase sozial jakin batekoa izateak zein eragin dauka gai sozio-politikoen gaineko interesean? Internet erabiltzen duten pertsonek interes gehiago al daukate gai hauei buruz?
Sexuaren araberako azterketari jarraiki, gizonen % 83,8k adierazi du interes ertain edo altua duela gai sozio-politikoen gainean, emakumeek erregistratutako % 85,5en aldean. Datuok Interneten erabilerarekin gurutzatuta ondorioztatu daitekeenez, Internet erabiltzen duten emakume nahiz gizonek esperimentatu dute interes handiagoa gizartearekin eta politikarekin lotutako gaietan Internet erabiltzen ez dutenek baino. Interesaren igoera hori bereziki nabarmena da emakumeen kasuan.
(85. irudia)
Gai sozio-politikoen gaineko interes “ertain edo altua”, sexuaren eta Interneten erabileraren arabera
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Inkesta egin duten pertsonen adinari erreparatuz gero, 15 eta 24 urte bitarteko tartea da gai honetan interes-mailarik baxuena erregistratu duena, 0tik 10erako eskalan batez beste 5,23 punturekin. Gazteen % 79,6k dio interes ertain edo altua sentitzen duela gai sozial eta politikoen gainean, 35-49 eta 50-64 urte bitarteko taldeek erregistratutako % 86,8 eta % 86,4ren aldean.
Interneten erabilerak ere aldeak eragiten ditu adin-tarte desberdinen interes sozio-politikoan. Eustatek emandako datuen arabera, adin-tarte guztietan gai sozial eta politikoen gaineko interesa handiagoa da Internet erabiltzen duten pertsonen artean. Nabarmena da eragin handiena erregistratu duen tartea 65 urtetik gorakoena dela, adin horretako Internet-erabiltzaileen % 94,9k adierazi baitu interes ertain edo altua, Internet erabiltzen ez duten adin-tarte horretako pertsonek erregistratutako % 82,2ren aldean.
Klase soziala ere lotuta omen dago gure inguruko gai sozial eta politikoen gaineko interesarekin. Hori horrela, batez besteko puntuaziorik altuenak klase sozial altu eta ertain altuan erregistratzen dira (batez beste 6 puntu, 0tik 10erako eskalan) eta jaitsi egiten dira klase sozialean beherantz egin ahala, klase ertain, ertain baxu eta baxura.
Berriz ere, Interneten erabilerak eragin handia dauka gai horiekiko interesaren sentimenduan. Hori horrela, Internet erabiltzen duten klase altu eta ertain altuko pertsonen % 100ek adierazi du interes ertain altua duela gai sozial eta politikoen gainean eta portzentaje hori % 65,4koa da Internet erabiltzen ez duten klase sozial honetako pertsonen kasuan.
(86. irudia)
Gai sozio-politikoen gaineko interes “ertain edo altua”, adinaren eta Interneten erabileraren arabera
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
11.1.2. Hauteskundeetako partaidetza
Gai politikoetako hiritarren partaidetzari buruzko hausnarketa egin nahi denean sakontzen den beste alderdietako bat hauteskundeetako partaidetza da, hots, eredu demokratiko ordezkagarriaren narriadura posiblea.
Euskadiko Kapital Sozialari buruzko inkestaren arabera, inkesta egin duten biztanleen % 79,2k aitortu du hauteskundeetan duen partaidetza ertaina edo altua dela, 0tik 10erako eskalan batez beste 7,55 punturekin.
Emakumeek pisu nabarmena dute hauteskundeen partaidetzan. Hori horrela, inkesta egin duten emakumeen % 81,3k baieztatu du hauteskundeetan (udalekoak + autonomikoak + europarrak + orokorrak) partaidetza ertain altua eduki duela, gizonezkoetan erregistratutako % 77ren aldean.
Adinari jarraiki, hauteskundeetako partaidetza-portzentajerik altuenak 50-65 tartean eta 65 urtetik gorakoen taldean batzen dira. Datuen arabera, gazteengan piztutako interesa adin-tarte aurreratuagoetan sortutakoa baino baxuagoa da. Edo, gutxienez, hala adierazi dute inkesta egitean55.
Hauteskundeetako partaidetzaren eta klase sozialen arteko harremanari dagokionez, datuei jarraiki klase ertaina eta klase ertain baxua dira hauteskundeetan partaidetza altuagoa aitortu dutenak (partaidetza-maila ertain altua).
Azterketaren puntu honetan galdera saihestezin bat pizten da: Interneten erabilerak zerikusirik al dauka hauteskundeetako partaidetza-mailarekin? Sarea erabiltzen duten eta informazio-iturri berrietarako eta iritziak partekatzeko eta interes publikoko alderdiei buruzko eztabaidak sortzeko kate berrietarako sarbidea duten pertsonek hauteskundeetan gehiago parte hartzen duten adierazi al dute?
Datuak gurutzatzean ikusi ahal izan dugunez, harreman hori batez ere adin-tarteen azterketan ikus dezakegu. Hauteskundeetako partaidetza-maila “altua” hazi egiten da Internet erabiltzen duten pertsonen artean, ia adin-tarte guztietan. 25-34 urte bitarteko tartean jaso diren emaitzak aipagarriak dira. Izan ere, Internet erabiltzen duten pertsonen % 70ek baieztatu du hauteskundeetan partaidetza altua duela, Internet erabiltzen ez duten adin-tarte honetako pertsonek erregistratutako % 44,6ren aldean. Nahiz eta egia den kasu honen azpian IKTen erabilera altua duen talde sozial bat dagoela, eta, beraz, Internet erabiltzen ez duten pertsonen erantzunak pisu handiagoa dutela eskuratutako portzentajeetan, azterketak beste adibide esanguratsu batzuk islatu ditu. Horrenbestez, 50-64 urte bitarteko tartean berriz ere daukagu errealitate hori. Internet erabiltzen duten pertsonen % 94k adierazi du hauteskundeetan partaidetza ertain altua duela eta Internet erabiltzen ez duten adin-tarte honetako pertsonen artean portzentaje hori % 88,8koa da.
(15. taula)
Hauteskundetako partaidetza
Adina | Internet-erabiltzaileak | Hauteskundeetako partaidetza (%) | ||
Baxua | Ertaina | Altua | ||
15-24 urte | Bai | 70,9 | 8,7 | 20,3 |
Ez | 72,3 | 15,1 | 12,6 | |
25-34 urte | Bai | 22,8 | 7,2 | 70 |
Ez | 46,3 | 9,2 | 44,6 | |
35-49 urte | Bai | 16 | 4,9 | 79,1 |
Ez | 19,7 | 6,1 | 74,2 | |
50-64 urte | Bai | 5,9 | 2,1 | 91,9 |
Ez | 11,3 | 2,7 | 86,1 | |
65 eta gehiago | Bai | 6,3 | 5,1 | 88,6 |
Ez | 8,6 | 1,9 | 89,5 |
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
11.1.3. Eragin pertsonala
Euskal hiritarrek zein neurritan uste dute beren botoak edo partaidetzak auzo, udalerri, Euskadi edo Europako erabakietan eragin dezakeela?
Eustaten Kapital Sozialari buruzko inkestako kopuruak nahiko irmoak dira. Inkesta egin duten pertsonen % 86k uste du bere inguruan eragin pertsonala izateko gaitasuna ertain baxua dela, 10eko eskalan batez beste 4,41 punturekin.
Gizon eta emakumeen artean emakumeak dira nagusi, eragin pertsonaleko gaitasunean portzentaje handiagoa islatzen baitute (maila ertain altua: % 65,7, gizonen % 60,4ren aldean).
Klase sozialen arabera aztertuz gero, klase altua, ertain altua eta ertaina dira eragin pertsonalerako gaitasun gehien adierazten dutenak. Aitzitik, klase ertain baxua eta klase baxua dira eragin pertsonal baxuko maila gisa batu ahal diren erantzun-portzentaje handiena erregistratzen dutenak.
Aldagaiak gurutzatuz gero (eragin pertsonala, Interneten erabilera), Internet erabiltzen duten pertsonek ez dute gaitasun gehiago sentitzen beren boto edo partaidetzaren bidez inguruan eragina izateko orduan. Egoera guztiz bestelakoa da. Internet erabiltzen duten pertsonen artean batzen dira portzentajerik altuenak eragin pertsonalaren pertzepzioko tarte baxuan.
11.1.4. Partaidetza sozial eta politikoa
Zein da euskal hiritarren partaidetza sozial eta politikoaren maila? Kanpainetan sinatu, mitinetara joan, arrazoi politikoengatik erosteari utzi, agintariekin harremanetan jarri, komunikabideetara kexak bidali, eztabaida, manifestazio eta abarretan parte hartu nahiz bestelako jarduera soziopolitikoetan duten partaidetza-maila nola baloratzen dute?
Inkesta egin duten biztanleen % 98,5ek uste du bere partaidetza sozial eta politikoa ertain baxua dela, 0tik 10erako eskalan batez beste 1,22 puntu dituela. Kopuru hori irmoa da, batez ere kontuan hartzen badugu % 88,6 bat datorrela partaidetza-maila baxuarekin eta % 9,9 maila ertainarekin.
Datua aztertuz gero, sexuaren araberako azterketa kontuan hartuz, gizonek partaidetza sozial politiko handiagoa egozten diote euren buruari emakumeek baino (partaidetza ertain altua: % 12,9, emakumeek erregistratutako % 10en aldean).
Adinen arabera, partaidetza sozial eta politikoko portzentajerik altuenak 15 eta 49 urte bitarteko adin-tarteekin bat datoz (15-24, 25-34 eta 35-49).
Partaidetza “ertain altuko” portzentajerik altuenak klase sozial altuenetan batzen dira, zehazki, klase altu eta ertainean, eragin pertsonalaren aldagaiaren kasuan gertatu den bezala. Ikuspegi horretatik, eragin pertsonaleko maila ertain altuak bat datoz partaidetza sozial eta politikoko maila ertain altuekin. Bestela esanda, gure inguruan esku hartzeko gaitasunaren pertzepzioa handiagoa da bi eremuetako partaidetza-maila altuagoa denean.
Internet partaidetzan erabiltzeak izan dezakeen eraginari dagokionez, datuei jarraiki Internet erabiltzen duten pertsonek partaidetza-maila altuagoa dutela aitortu dute. Halaxe gertatu da, hain zuzen ere, bai genero-perspektibaren azterketan, bai adin-tarteen eta klase sozialen araberako azterketan. Horren gaineko daturik esanguratsuenetako batzuei jarraiki, Internet erabiltzen duten 24-34 urte bitarteko biztanleen % 15,2k adierazi du partaidetza sozial eta politikoko maila ertain altua duela eta Internet erabiltzen ez dutenen artean portzentaje hori % 4tik beherakoa da. Errealitate hori are nabarmenagoa da 50 eta 64 urte bitarteko adin-tartean. Izan ere, Internet erabiltzen duten pertsonen % 20,1ek partaidetza-maila ertain altua dauka alderdi publiko eta sozialean, Internet erabiltzen ez duten adin-tarte bereko pertsonek erregistratutako % 6ren aldean.
Interneten erabileraren, partaidetza sozial eta politikoaren eta klase sozialaren arteko gurutzaketak emaitza oso esanguratsuak iradoki ditu:
(16. taula)
Partaidetza sozial eta politikoa
Klase soziala | Internet-erabiltzaileak | Partaidetza sozial eta politiko ertain altua (%) |
Klase baxua | Bai | 20,9 |
Ez | 5,1 | |
Klase ertain baxua | Bai | 15,5 |
Ez | 4 | |
Klase ertain baxua | Bai | 16 |
Ez | 5,4 | |
Klase ertain altua | Bai | 21,3 |
Ez | 4,7 |
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
11.1.5. Elkarteetako partaidetza
Euskal hiritarrek nola ikusten dute beren burua elkarteetako boluntario-ekintzetan, finantzazioan eta partaidetzan duten partaidetzari dagokienez?
Euskadiko Kapital Sozialari buruzko inkestako datuen arabera, biztanleriaren % 99,7k dio elkarteetan duen partaidetza-maila baxu ertaina dela. Azpimarratu beharra dago datu honetan (maila ertainaren % + maila baxuaren %), % 97,2 partaidetza-maila baxua adierazi duten pertsonak direla. Batez besteko puntuazioa 0,80koa da 0tik 10erako eskalan, 0 partaidetza-maila baxuenen adierazle delarik.
Sexuei erreparatuz gero, gizonek gehiago parte hartzen dute elkarteekin, batez besteko puntuazioa 0,90koa baita (0tik 10erako eskalan), emakumeek erregistratutako 0,71 puntuen aldean.
Partaidetza-portzentaje baxuen barruan, partaidetza-portzentajerik altuenak erregistratzen dituzten adin-taldeak 35-49 eta 50-64 urte bitartekoak dira.
Beste aldagai batzuekin gertatzen den bezala, partaidetza-portzentaje handiak klase sozial altuenekin bat datoz. Eskala sozialean beherantz egin ahala, elkarteetako partaidetza jaitsi egiten da.
Eustaten datuak aztertuz gero, Euskadiko Kapital Sozialari buruzko inkestako informazioan oinarrituta, Interneten erabilera elkarteetako partaidetza-maila altuagoarekin lotu daiteke. Halaxe gertatzen da sexuaren nahiz adinaren araberako azterketa eginez gero. Hona hemen informazio horren adibide gisa balioko duten datuetako batzuk:
(17. taula)
Elkarteetako partaidetza
Adina | Internet-erabiltzaileak | Partaidetza ertain altua elkarteetan (%) |
15-24 | Bai | 2,6 |
Ez | 0 | |
25-34 | Bai | 2,7 |
Ez | 0 | |
35-49 | Bai | 4,6 |
Ez | 2 | |
50-64 | Bai | 4,3 |
Ez | 2,3 |
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
11.1.6. Gizarte-kohesioa
Interneten erabilerak eragina al dauka pertsonek beren testuinguruaren gainean duten pertzepzioan, azterketa hori desberdintasun, hurbiltasun eta gatazkek sortutako arazoak bezalako alderdien ikuspegitik eginda?
Inkesta egin duten euskal biztanleen % 96,2k baieztatu du lurraldeko gizarte-kohesioari buruzko pertzepzio ertain altua duela, 0tik 10erako eskalan 6,10 puntu eman baitizkio batez beste.
Errealitate honek ez du alde nabarmenik islatzen gizon eta emakumeen artean, nahiz eta gizonek gizarte-kohesioari emandako batez besteko puntuazioa emakumeek emandakoa baino apur bat altuagoa den (6,12 eta 6,08, hurrenez hurren).
Gizarte-kohesioaren pertzepzioak harreman proportzional zuzena dauka inkesta egin duten pertsonen adinarekin. Hori horrela, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta altuagoa da gizarte-kohesioaren pertzepzio-maila.
Aztertutako beste aldagai batzuetan ez bezala, Euskadiko gizarte-kohesioaren pertzepzioan batez besteko puntuaziorik altuenak klase sozial ertain eta baxuan batzen dira.
Gizarte-kohesioaren pertzepzioa eta Interneten erabilera gurutzatuz gero, orokorrean, ezin daiteke ondorioztatu Interneten erabilerak Euskadiko gizarte-kohesioaren pertzepzioa hobetzen duenik. Guztiz kontrakoa. Kopuruen arabera, Internet erabiltzen duten pertsonek ez dituzte erabiltzen ez dutenek bezain puntuazio altuak erregistratzen (portzentajeak maila ertainean batzen dira). Hori horrela, Internet erabiltzen ez duten pertsonak dira gizarte-kohesioaren pertzepzio-maila altuan portzentaje altuena dutenak.
11.1.7. Zoriontasuna eta osasuna
Inkesta egin duten euskal biztanleen % 96,4k aitortu du bizitzarekiko eta diru-sarrerekiko asetasun eta osasunean maila ertain altua duela, 0tik 10erako eskalan 7,07 punturekin batez beste.
Ez da alde handirik erregistratu gizon eta emakumeen artean, nahiz eta gizonen batez besteko puntuazioa 7,10ekoa izan eta emakumeena 7,04koa.
Adinari erreparatuz gero, zoriontasunaren eta osasunaren gaineko batez besteko puntuazioa altuena da adin-tarterik
gazteenetan (15-24 urte) eta beherantz doa inkesta egin duten pertsonen adinak gora egiten duen heinean. Horrenbestez, 15-24 urte bitarteko biztanleek 7,43 puntuko batez bestekoa dute eta 65 urte eta goragoko biztanleek 6,64 puntukoa.
Zoriontasuna eta osasuna klase sozialen arabera nola baloratzen diren aztertuz gero, klase altuak, ertain altuak eta klase ertainak erregistratzen dituzte osasunari eta zoriontasunari buruzko pertzepzio-portzentaje “ertain altu” altuenak, 0tik 10erako eskalan 7,65 eta 7,20ko batez besteko puntuazioekin, hurrenez hurren.
Eta zer gertatzen da aldagai hau eta Interneten erabilera gurutzatuz gero? Ongizate subjektiboaren pertzepzioak Interneten erabileraren eragina jasaten al du? Sexuaren, adinaren nahiz klase sozialaren araberako azterketan, Internet erabiltzen duten pertsonek hobetu egiten duten zoriontasunaren eta osasunaren gainean duten pertzepzioa. Hori horrela, Internet erabiltzen duten pertsonek, adibidez, pertzepzio altuagoa dute beren zoriontasun eta osasunaren gainean Internet erabiltzen ez dutenek baino (Internet erabiltzen duten gizonen artean zoriontasun eta osasunaren pertzepzio-balio “altua”: % 65,1 da, Internet erabiltzen ez dutenek erregistratutako % 53,9ren aldean). Gauza bera gertatzen da emakumeen kasuan (Internet erabiltzen duten emakumeen artean zoriontasunaren eta osasunaren pertzepzio-balio “altua”: % 64,8 da, Internet erabiltzen ez duten emakumeek erregistratutako % 53,8ren aldean).
Adinaren ikuspegitik (osasun eta zoriontasunaren pertzepzioa –Interneten erabilera– adina), datuek informazio esanguratsua islatzen dute. Adin-tarte guztietan Interneten erabilera osasun eta zoriontasunaren pertzepzio-portzentaje altuagoekin lotzen da. Internet erabiltzen duten 65 urtetik gorakoen artean, esaterako, % 60,3k bere zoriontasun eta osasunari buruzko pertzepzio altua dauka. Kopuru horiek Internet erabiltzen ez duten eta beren osasun eta zoriontasunari buruzko pertzepzio altua aitortu duten adin-tarte bereko pertsonen oso bestelakoak dira, azken kasu horretan portzentajea % 47,4koa baita.
(87. irudia)
Zoriontasun eta osasunaren pertzepzioa adinaren eta Interneten erabileraren arabera
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
54 Definizioak, Eustaten arabera: http://eu.eustat.es/ci_ci/estadisticas/tema_362/opt_0/tipo_5/ti_Kapital_soziala/temas.html#axzz2VFCh6y2N.
55 Gogoan izan behar da datu horiek beti direla inkesta egin duten pertsonen aitorpenetakoak. Ez da erregistratutako botoaren azterketa estatistikorik egin.