9. Erabilera-eten digitala
Aurreko kapituluan, sarbide-eten digitala aztertzean, Euskadin azpiegitura-hornidura egokia dagoela egiaztatu ahal izan genuen, kasuren batean estatuko batez bestekoa baino altuagoa izanik. Era berean, euskal etxeetako IKT ekipamenduen kopuruetan ikus daiteke, erradiografia bat bailitzan, ordenagailua, telefono mugikorra edo Interneterako konexioa daukaten etxe-kopurua handia dela.
Kapitulu honetan, jarraian adieraziko diren elementuak aztertuko ditugu eten digitalen alorrean. Kontuan hartuta euskal etxeen portzentaje jakin batek IKTak eskuratzeko aukera daukala (bai IKT azpiegituretan, bai etxeko IKT ekipamenduan), zenbat pertsonek erabiltzen dituzte IKTak? zein tresna erabiltzen dituzte? zein maiztasun eta zein helbururekin?
Gaur egun, txosten berezi honen “esparru estrategiko eta juridikoaren” kapituluan jaso den bezala, informazioaren gizartearen gaineko ekimen politiko handiek eta agiri estrategikoek, besteak beste Europako Agenda Digitalak edo Euskadiko Agenda Digital berriak, honako apustua egin dute: herritarrek IKTei ematen dieten erabilera areagotzea, hiritar aktiboagoak eta ekonomia lehiakorragoa lortu ahal izateko. Zein da egungo egoera Euskadin?
Beste alde batetik, zeintzuk dira eskariaren ezaugarriak? Bestela esanda, erabilera bera ematen al diete gizon eta emakumeek IKTei? Minusbaliotasundunen bat duten pertsonek eta etorkinek eremu berdinetan erabiltzen al dituzte IKTak? Erabilera-portzentaje berdina al dute IKTek hirian eta landan? Ikasketa-mailak edo adinak eragina al dauka maiztasunean eta erabilera-motan? Zein adin-tartek ematen du ordu gehien Interneten konektatuta eta zer egiten du sarean?
Zeharkako ikuspegi honekin batera, IKTen adierazle ugari aldagai demografiko eta sozioekonomiko desberdinen arabera aztertzen direlarik, bilakaera ere alderatzen da; hala, IKTen erabilerak azken urteotan Euskadiko biztanleriarengan zein bilakaera eduki duen egiaztatu ahal izan izango dugu.
Azterketa hau egiteko erabili diren iturriak honakoak dira:
9.1. Euskadiko hiritarrek IKTei ematen dieten erabilera
Eustatek (EIGP) informazioaren gizarteari buruz egindako inkestako kopuruen arabera, 10 eta 74 urte bitarteko euskal herritarren % 67,8k ordenagailua erabili du azken hiru hilabeteetan. Datu hau bat dator Internet erabiltzen duen biztanleriarekin, % 65,3koa bera.
Telefono mugikorra, sarbide-eten digitalaren azterketan gertatu zen bezala, herritarrek gehien erabiltzen duten IKT tresna da berriz ere (10 eta 74 urte bitartekoen artean). Horrenbestez, inkesta honi jarraiki, berau egin duten biztanleen % 97,8k erabili du mugikorra azken 3 hilabeteetan.
(41. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
(42. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak lurralde historikoen arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Lurralde historikoei erreparatuz gero, Gipuzkoa da IKTen (ordenagailua eta Internet) erabilera-portzentajerik altuenak erregistratzen dituena. Bizkaia da hurrengoa, Euskadiko batez bestekoarekin bat egiten duten antzeko portzentajeekin, eta Araba dago ondoren, Euskadiko batez bestekoa baino erabilera-portzentaje apur bat baxuagoekin. Desberdintasun horiek ez dira nabarmenegiak, eta, beraz, ez dezakegu esan hiru lurralde historikoetako batean edo bestean bizitzearen araberako erabilera-etenik dagoenik.
Telefono mugikorraren erabilerari dagokionez, hiru lurralde historikoetan portzentajeak oso antzekoak dira, Bizkaia delarik rankingaren buru, ondoren Gipuzkoa eta, azkenik, Araba.
Datu orokorrak, orain erakutsi dugunak kasu, irudi finko zabalegia ematen digu, eta, hortaz, mugatu egin behar dugu, talde desberdinei erreparatuz eta aldagai desberdinek erabilera horiek nola baldintzatzen dituzten aztertuta. Pertsonen adinak edo sexuak eragiten al dio IKTen erabilerari? Hiri handi batean bizitzeak IKTen erabilera erraztu edo sustatzen al du, landa-inguruan edo biztanleria gutxiagoko tokietan bizi direnen aldean?
Kapitulu honen hurrengo ataletan galdera eta ñabardura horiei erantzuna ematen saiatuko gara eta, horrez gain, Euskadin IKTen erabilera-eten digital posibleak eragiten dituzten faktoreak zeintzuk diren identifikatzeko ahalegina egingo dugu.
9.1.1. IKTen adina eta erabilera
Adina eta eten digitala, ikuspegi akademikotik erreparatuta, eten digitalen azterketa-eremuan zeresan gehien eman duen binomioetako bat da. Adineko pertsonek IKTei ematen dieten erabilera nabarmentzen da bereziki, talde hau delako erabilera-eten digitala esperimentatzeko arrisku gehien duena.
Eustaten datuen arabera, adin-tarterik gazteenak dira (10 eta 24 urte bitartekoak) teknologiak gehien erabiltzen dituztenak: ordenagailua, Internet eta telefono mugikorra.
Hurrengo grafikoan ikus daitekeen bezala, 10 eta 15 eta 16 eta 34 urte bitarteko pertsonek % 100 inguruko portzentajeak erregistratzen dituzte ordenagailu edo Interneten erabileran. Telefono mugikorraren erabileraren kasuan, 10 eta 24 urte bitarteko biztanleen % 100ak telefono mugikorra erabili du azken hiru hilabeteetan.
IKTen erabileran, jaitsieraren eta adin-faktoreen arteko harremana era nabarmenean antzematen da 45 urtetik gorakoen artean. Grafikoan ikus daitekeenez, 45 eta 54 urte bitarteko biztanleen % 62,3k Internet erabili du azken 3 hilabeteetan, baina portzentaje hori % 37,9ra murrizten da 55 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren kasuan.
Grafikoari jarraiki, 65 eta 74 urte bitarteko adin-tarte honetan, eta seguru asko 75 urtetik gorakoen tartean (ez daukagu azken horiei buruzko informaziorik, ez delako Eustaten IGIF inkestan aurreikusi) antzematen da gap handiena IKT tresnen erabileran. Kopuru horien arabera, 65 urtetik gorako biztanleriaren % 86,1ek ez du ordenagailua erabili azken 3 hilabeteetan, eta portzentaje hori % 87,1era igotzen da Interneten azken 3 hilabeteetako erabilerari erreparatzen badiogu. IKTen erabilera bizitza eta gizarte-ongizatea hobetzeko aukerarekin lotzen duen ikuspegitik, alerta garrantzitsu bat daukagu: pertsona nagusien kopuru altu bat erabilera-eten digitala jasaten ari da IKT jakin batzuetan; ordenagailuaren eta Interneten kasuan adibidez.
(43. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan),Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak adinaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
(44. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak adinaren arabera (45-54, 55-64, 65-74) (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Sarbide-eten digitalaren azterketan gertatu den bezala, telefono mugikorrak erabilera-etena arintzen du adin-tarte desberdinen artean. Hori horrela, inkesta egin duten biztanlerik gazteenek (10-15 urte) eta zaharrenek (65-74 urte) ordenagailuari edo Interneti ematen dieten erabileran ehuneko 80tik gorako aldeak antzeman ditzakegu, baina telefono mugikorraren erabileran zenbateko hori ez da ehuneko 12 baino altuagoa.
10 eta 15 urte bitarteko biztanleriaren % 100ek azken 3 hilabeteetan telefono mugikorra erabili izana aitortzen du. Bestalde, portzentaje hori % 88koa da 65 urtetik gorako pertsona nagusien kasuan.
9.1.2. IKTen generoa eta erabilera
10 eta 74 urte bitarteko euskal biztanleen azterketa orokorra eginez gero, gizon eta emakumeen artean erabilera-eten digital bat dugula ikus dezakegu. Grafikoan ikus daitekeenez, biztanleria maskulinoaren % 70,5ek aitortzen du ordenagailua erabili duela azken 3 hilabeteetan eta emakumeen kasuan, aldiz, % 65,1ek (inkesta egin duten 10 eta 74 urte bitarteko emakume guztien arteko %a).
(45. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak sexuaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Gapa agertzen da berriz Interneten erabileran. Izan ere, inkesta egin duten gizonen % 68,2k aitortu du azken 3 hilabeteetan Internet erabili izana eta emakumezko erabiltzaileen artean erregistratutako Internet-portzentajea % 62,4koa izan da (ehuneko 5,8ko aldea).
Txosteneko beste atal batzuen ildotik, telefono mugikorraren erabileraren portzentajeak gizon eta emakumeen artean ia ez du alderik gailentzen (% 97,8 gizonen kasuan eta % 97,7 emakumeen kasuan). Beste behin agerian geratzen da biztanleriaren artean IKTen erabilera eta sarbide-etenak murrizteko gaitasun gehien eta barneratze gehien duen teknologia dela.
Azterketa hau sakonago jorratu beharra dago, aztertzeko ea genero-etenak adin-tarte guztiei era berean eragiten dien, edo, bestalde, adin jakin bateko biztanleriarekin lotuta dagoen.
Eustaten inkestako datuetara bueltatuz, emaitzen arabera Euskadiko biztanlerian IKTen erabileran dagoen genero-tartea 45 eta 54 urte bitarteko adin-tartetik aurrera nabari da batez ere eta are nabarmenagoa da adin-tarteetan gora egin ahala, gapik handiena 65 eta 74 urte bitarteko adin-tartean dagoelarik.
10 eta 44 urte bitarteko adin-tarteetan, gizon eta emakumeen arteko erabilera-etenik ez erregistratzez gain, kasu gehienetan IKTen erabilera-portzentajeak emakumeen artean altuagoak dira gizonen artean erregistratutakoak baino.
9.1.3. IKTen habitata eta erabilera
IKTen sarbidean gertatzen den bezala, habitat handiagoan edo txikiagoan bizitzeak eragina dauka herritarrek IKTei ematen dieten erabileran.
(46. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak habitaten arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Eustaten IGIF inkestako datuek adierazten duten bezala, 10.000 biztanletik beherako habitatean bizi den 10 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren % 62,1ek aitortu du azken 3 hilabeteetan ordenagailua erabili izana. Portzentaje hori % 68,3ra igotzen da 10.000 eta 99.999 biztanle bitarteko habitatetan bizi diren pertsonen kasuan eta % 69,7ra 100.000 biztanle edo goragoko habitatetan bizi direnengan.
Erabilera-eten digitala, habitat-tamainaren arabera, konstantea da ia adin-tarte guztietan, biztanleriarik gazteenaren kasuan salbu (10-15 eta 16-24 urte). Azken horretan, habitataren tamainak ez dirudi eragin berezirik daukanik IKTen erabilera-portzentajeetan.
Bestalde, pertsona nagusiagoen artean habitat-tamainaren eta ordenagailu, Internet edota telefono mugikorraren erabilera-portzentajearen arteko harremana nabarmena da. Hori horrela, Euskadiko 65 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 6,4k soilik erabili du ordenagailua azken hiru hilabeteetan, baina portzentaje hori % 14,4koa da 10.000 eta 99.999 biztanleriadun habitatetan bizi diren pertsona nagusien artean, eta % 16,5ekoa 100.000 biztanle edo gehiago dituzten tokietan bizi diren pertsona nagusien kasuan.
Antzeko zerbait gertatzen da Interneten erabileran. 10.000 biztanletik beherako herrietan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen eta 100.000 biztanle edo gehiagoko tokietan bizi direnen arteko erabilera-portzentajeen aldea ehuneko 9 baino altuagoa da.
9.1.4. IKTen erabilera eta ikasketa-maila
IKTen erabileraren eta ikasketa-mailaren artean harreman zuzena dagoela baieztatzen dute datuek. Ikasketa-maila altuagoak bat datoz ordenagailuaren eta Interneten erabilera-portzentaje altuagoekin.
Faktoreen harreman hori ez da hain nabarmena telefono mugikorraren kasuan, teknologia honek barneratze-maila oso altuagoa baitauka Euskadiko biztanleriaren artean (10 eta 74 urte bitarteko taldean).
Eta hurrengo grafikoan ikus daitekeen bezala, lehen hezkuntzako ikasketak (edo ikasketarik ez) dituzten pertsonen % 26k soilik erabili du ordenagailua azken 3 hilabeteetan. Bestetik, Bigarren Hezkuntzako edo Lanbide Heziketako hezkuntza-maila duten erabiltzaileen arteko portzentajea % 74,9koa da eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen kasuan % 94koa.
Alde horiek Interneten erabileraren kasuan ere aplika daitezke. Lehen hezkuntzako ikasketak (edo ikasketarik ez) dituzten pertsonen % 23,4k aitortu du azken 3 hilabeteetan Internet erabili izana; bestetik, bigarren hezkuntzako edo lanbide heziketako hezkuntza-maila duten pertsonen % 72,3k eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen % 92,1ek.
(47. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak ikasketa-mailaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Pertsonen “ikasketa-mailaren” aldagaia “sexuarekin” gurutzatuta, azterketa-puntu berriak ikus ditzakegu.
Ikasketa-maila zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta handiagoak dira gizon eta emakumeen arteko aldeak. Aitzitik, unibertsitate-ikasketen mailari dagokion tartean, bai ordenagailuaren erabileran, bai Internet eta telefono mugikorraren erabileran, erabilera-portzentajeak altuagoak dira emakumeengan gizonengan baino. Hori horrela, unibertsitate-ikasketak dituzten emakumeen % 95,1ek azken 3 hilabeteetan ordenagailua erabili izana aitortzen du eta gizonen kasuan ikasketa-maila hori dutenen portzentajea % 92,7koa da ordenagailuen erabiltzaileei dagokienez. Era berean, Interneten kasuan ikasketa-maila hau dutenen erabilera-portzentajeak % 93 eta % 91koak dira, hurrenez hurren.
Gizon eta emakumeen arteko ikasketa-mailaren araberako erabilera-eten digitala bereziki nabarmena da lehen hezkuntzako ikasketak edo ikasketarik ez duten pertsonen artean, gapa ehuneko 7tik gorakoa baita (ikus hurrengo grafikoa).
(48. irudia)
Lehen hezkuntzako ikasketadun 10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak sexuaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
9.1.5. IKTen erabilera eta jarduerarekiko harremana
Jarduerarekiko harremanak (hau da, ikasten, lanean edo langabezian edo jarduerarik gabe egoteak), Eustaten IGIF inkestaren datuek azaltzen duten bezala, eragin handia du Euskadiko biztanleriaren IKTen erabilera-portzentajeen gainean.
Ikasleak eta landunak (ordena horretan) dira teknologia gehien erabiltzen dituztenak (ordenagailua, Internet, telefono mugikorra). Horrenbestez, ikasle gisa identifikatzen diren eta ordenagailua erabiltzen duten pertsonen portzentajea % 97,1ekoa da, landunen % 79,4ren aldean edo jarduerarik gabe edo lanik gabe dauden pertsonen % 37,2ren aldean. Alde horiek Interneten erabileran ere aplika daitezke. Hurrengo grafikoan ikus daitekeenez, ikasleen eta jarduerarik gabe dauden pertsonen arteko erabilera-aldeak ehuneko 59,3ra iristen dira. Kopuru horrek erabilera-eten nabarmena adierazten du, pertsonen jarduerarekin lotuta.
Telefono mugikorraren kasuan, erabileraren aldeak ez dira hain esanguratsuak, jarduerarik edo lanik gabe dauden pertsonen erabilera-portzentajeak % 94,4koak baitira.
(49. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak jarduerarekiko harremanaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
“Jardueraren” eta “sexuaren” arteko harremanaren arabera, jarduerarik gabe dauden pertsonen artean IKTen erabilera-portzentajea altuagoa da gizonen kasuan, biztanleria femeninoaren erabilera-kopuruekin alderatuta.
Bestalde, ikasle edo pertsona landun gisa identifikatzen diren pertsonen artean, emakumeek erregistratutako erabilera-portzentajeak altuagoak dira gizonenak baino. Adibide bat jartzearren, datuen azterketari jarraiki emakume landunen % 81ek aitortzen du azken 3 hilabeteetan ordenagailua erabili izana, gizon landunen % 78,1en aldean.
9.1.6. Euskadiko biztanleriak IKTei ematen dien erabileraren bilakaera
Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanleriak IKTei ematen dien erabilera aztertuta, lehenengo ondorioetako bat honakoa da: hazkunde jarraitua esperimentatu dela azken urteetan, aztertutako oinarrizko 3 teknologietan erritmoa desberdina izan delarik (ordenagailua, Internet eta telefono mugikorra).
Ordenagailuak 2006tik 2011ra ehuneko 12,5eko igoera
jasan du, azken 3 hilabeteetan ordenagailua erabili zuen
biztanleriaren % 55,3tik (10 eta 74 urte bitartekoetan) egungo % 67,8ra pasatuta. Bestalde, telefono mugikorraren erabilerak ehuneko 3,5 inguruko hazkundea esperimentatu du. Hazkundearen erritmoa geldoa baina etengabea izan da, erabilera-portzentajeak oso altuak baitira (erabileraren % 100 ingurukoak).
Bestetik, Interneten erabilera da hazkunderik altuena jasan duena azken 5 urteetan (ehuneko 17,9). Horrenbestez, 2006an biztanleriaren % 47,4k (10 eta 47 urte bitartean) Internet erabiltzen zuen eta 2011n, aldiz, portzentaje hori % 65,3ra arte igo da. Hazkunde-erritmo nabarmen horri esker, ordenagailuaren eta Interneten arteko erabilera-portzentajeetako aldeak nabarmen jaitsi dira, hurrengo grafikoan ikus daitekeen bezala.
(50. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta telefono mugikorraren erabiltzaileak (%).
Bilakaera 2006-2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
IKTen erabileraren bilakaeran pixka bat gehiago sakonduz gero, kasu honetan erabileran eragin gehien omen duten faktoreetako biren arabera, adina eta sexua zehazki, atera dezakezun ondorioetako lehenengoa honakoa da: IKTen erabileraren hazkundea izan da protagonista nagusia adin-tarte desberdinetan, baita gizon eta emakumeen artean ere.
Adinari dagokionez, azken 5 urteetan pertsona nagusiagoen (55-64 eta 65-74 urte) adin-tarteetan jasandako hazkundea azpimarratu behar da, kasu batzuetan ordenagailuaren eta Interneten erabilera-portzentajeak bikoiztu ere egin baitira.
Gizonen eta emakumeen artean IKTen erabileran antzemandako aldeei dagokienez, azken bost urteek erabilera-etena betikotu dute, areagotu ere egin delarik. Hori horrela, 2006an ordenagailuaren erabilera-portzentajea gizonen eta emakumeen artean 5,1ekoa izan zen arren gizonen alde, 2011n gap hori ehuneko 5,4koa da. Interneten kasuan aldeak are gehiago igo dira. 2006an Interneten erabilera-portzentajea gizonen artean ehuneko 4,8 altuagoa zen emakumeen artean baino, baina egun aldea % 5,8koa da (ikus ondorengo grafikoa).
Gizonen eta emakumeen arteko erabilera-eten digital honen hazkundea are nabarmenagoa da pertsona nagusienen kasuan (65 - 74 urte). Hori horrela, 2006an gizonen Interneten erabilera-portzentajea emakumeena baino ehuneko 3,5 altuagoa zen eta, egun, aldiz, aldea ehuneko 7,9koa da (65 eta 74 urte bitarteko gizonen % 17,3k erabiltzen du Internet, adin-tarte horretako emakumeen % 9,4ren aldean).
(51. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), sexuaren arabera (%). Bilakaera 2006-2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Ikerketa-maila bezalako faktoreek sortutako erabilera-eten digitalari dagokionez, azken 5 urteetako bilakaerak agerian uzten du alde handiak erregistratzen direla oraindik ere lehen hezkuntzako ikasketak edo ikasketarik ez duten pertsonen eta ikasketa altuagoak dituzten pertsonen erabilera-portzentajeen artean, 2006. urtean gertatzen zen bezala.
Aitzitik, datu esanguratsu bat antzeman da. Telefonia mugikorra etengabe sartzen ari denez biztanleriaren geruza desberdinetan, lehen hezkuntzako ikasketak edo ikasketarik ez duten pertsonen eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen arteko erabilera-portzentajearen aldeak murriztu egin dira. Horrenbestez, teknologiak biztanleriaren arabera egokitzeko gaitasuna duela ikus dezakegu, betiere bere beharrizanetara zuzenean konektatzen denean eta erabiltzeko erraza denean. Ondorioz, 2006an lehen hezkuntzako ikasketak eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen artean telefono mugikorrari emandako erabilera-portzentajea ehuneko 13koa zen, eta, egun, berriz, alde hori 6,5ekoa da. Hau da, tresna horren erabilera-etena ikasketa-mailaren arabera murriztu da azken 5 urteetan, zehazki kopuru erdira. Hots, bete egin da beste teknologia batzuek oraindik lortu ezin izan duten erronka, edo erritmo askoz geldoagoan betetzen ari direna.
9.2. IKTak erabiltzeko tokia Euskadin
Biztanleriak IKTak bere bizitzan sartu ahala garatu duen aldaketetako bat horiek erabiltzeko tokia izan da. Datuei jarraiki joera honakoa da: ordenagailua edo Internet euren etxeetatik erabiltzen duten pertsonen portzentajea (10 eta 74 urte bitartean) etengabe igo da. Azken 5 urteotan datu horrek 11,1eko hazkundea jasan du ordenagailuaren erabileraren kasuan eta 14,9koa Interneten erabileraren kasuan.
(52. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabetetan). Erabilera-tokia: etxea (%). Bilakaera 2006-2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Eustaten IGIF inkestaren datuen arabera, 2011n ordenagailua erabiltzen dutenen % 92,5ek etxetik erabiltzen du, % 43k lantokitik eta % 16k ikastetxeetatik.
Internet erabiltzeko tokiaren gaineko kopuruak ordenagailuaren datuen antzekoak dira. Hots, 2011. urtean Internet erabiltzen duten 10 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 90,9k euren etxeetatik erabiltzen du, % 36,9k lantokitik eta % 13,6k ikastetxeetatik.
Ordenagailua eta Internet etxetik erabiltzen duten pertsonen portzentajeak kuota oso nabarmenak ditu pertsona nagusien kasuan (65-74 urte), adin horretako pertsonen % 98,2k aitortu baitu ordenagailua etxean erabiltzen duela eta % 6,8k, aldiz, “ beste leku batzuetan” (etxebizitza, lantoki eta ikastetxeetatik kanpo) erabiltzen duela. Gauza bera gertatzen da Interneten erabileraren kasuan. Adin-tarte honetako pertsonen % 96,9k dio Internet bere etxean erabiltzen duela eta % 6,2k, aldiz, “ beste toki batzuetan” erabiltzen duela. Azpimarratzekoa da, era berean, “beste toki batzuk” kategoria horren barruan sartzen direla adineko pertsonen zentroak, elkarteen lokalak, espazio publikoak eta abar.
(53. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko ordenagailu-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) eta Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan) erabilera / sarbide-tokiaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Sarbide-tokiak eta ikasketa-mailak ere harreman zuzena daukate. Izan ere, lehen hezkuntzako ikasketa-mailak dituzten pertsonek gehiago erabiltzen dute Internet euren etxeetatik, eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonek, berriz, neurri handiagoan erabiltzen dute lantokitik lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonek baino. Datuak irmoak dira: inkesta egin duten pertsonen artean unibertsitate-ikasketak dituztenen % 65,1ek lantokietan erabiltzen du Internet eta lehen hezkuntzako ikasketak dituzten artean portzentaje hori % 6,8koa da (edo baxuagoa).
(54. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko Internet-erabiltzaileak (azken 3 hilabeteetan), ikasketa-mailaren eta erabilera-tokiaren arabera: etxea eta lantokia (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
9.3. IKTak erabiltzeko arrazoiak Euskadin
Eustaten inkestetan eskainitako datuak aztertzeko beste ildoetako bat Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanleek IKTak zertarako erabiltzen dituzten aztertzea da.
Kopuru horien arabera, Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko Internet-erabiltzaileen % 88,8k azken hiru hilabeteetan mezu elektronikoa kudeatzeko (bidali, jaso, irakurri) erabili du Internet. % 88,5ek ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzeko erabili du eta % 68k komunikabide digitalak kontsultatzeko. Rankingean hurrengoa aisialdi-zerbitzuen kontsumoa da, % 51,3rekin, eta ondorengoa komunikazio-tresnen erabilera (txat edo online elkarrizketak) % 41,8rekin. Seigarrenik, banku elektronikoko elkarrekintzak daude, horixe baita Euskadin azken 3 hilabeteetan Internet erabili duten 10 eta 74 urte bitartekoen arteko % 39,9k sarea erabiltzeko arrazoia.
(55. irudia)
Internet erabiltzeko arrazoiak Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanlerian (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Internet erabiltzeko arrazoien artean bizi-kalitatearen edota gizarte-ongizatearen printzipioekin gehien konektatzen dutenei erreparatuz gero, rankingaren zortzigarren postura jo behar dugu. Bertan aurkitzen dira osasun-gaiei buruzko informazio-bilketak (% 27,5), lana bilatzeko online kudeaketak (% 15,9) eta hezkuntza arautuko prestakuntza-ekintzekin lotutako Internet-erabilerak (% 5,3).
Zergatik daukate indar gutxiago pertsonen ongizaterako (osasuna, lana, prestakuntza) garrantzi handikoak diren arloekin zuzenean lotzen diren arrazoi horiek, aisialdiko zerbitzuekin, turismorako online erreserbekin eta abarrekin loturikoek baino? Zeren araberakoa da? Eskaintzarena, eduki-faltarena ala zerbitzu interesgarrien faltarena? Edo, bestalde, lotura gehiago al dauka herritarrek IKTak ulertzeko duten moduarekin, erabilera oso zehatzen bidez beren ongizatea hobetzeari dagokionez? Galdera hauek zabalik utziko ditugu atal honetan, eta eskuratze-etenari buruzko hurrengo kapituluan aztertu eta erantzungo ditugu.
9.3.1. IKTen adina eta erabilera-arrazoiak
IKTak erabiltzeko arrazoiak adin-tarte desberdinen arabera aztertuz gero, Eustaten datuek oso informazio interesgarria ematen dute, zehatz-mehatz jorratuko dugun bezala. Horregatik, hain zuzen ere, jarraian ondorio nagusiak aurkeztuko ditugu, Eustatek galdetutako 12 erabilera-arrazoien arabera:
9.3.2. IKTen generoa eta erabilera-arrazoiak
IKTak erabiltzeko arrazoiak sexuaren arabera aztertzen baditugu euskal biztanleriarengan, lehen azaldutako erabilera-arrazoien ordena bera dauka rankingak, 10 eta 74 urte bitarteko biztanleria osoari dagokionez. Hau da, rakingaren buruan daude komunikazio-tresnen erabilera eta ondasun eta zerbitzuen eta aisialdi-zerbitzuen bilaketa.
Erabilerei buruzko ranking horren barruan, eta zehatz-mehatz alderatuz gero, alde nabarmenak ikus ditzakegu gizonek eta emakumeek IKTak erabiltzeko dituzten arrazoien atzean. Horrenbestez, “komunikabideen kontsulta”, “aisialdi-zerbitzuak”, “banka elektronikoa”, eta “ondasun eta zerbitzuen salmenta” erabilera-arrazoietan gizonak dira emakumeak baino erabilera-portzentaje altuagoak erregistratzen dituztenak.
Bestalde, emakumeek erregistratzen dituzte gizonek baino erabilera-portzentaje altuagoak (alde nabarmenak) “osasun-gaiekin lotutako informazioaren bilaketarekin” eta “hezkuntza arautuko” prestakuntza-ekintzetako IKTen erabilerarekin lotutako arrazoietan.
(56. irudia)
Internet erabiltzeko arrazoiak Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanlerian, sexuaren eta arrazoi-motaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
9.3.3. IKTen habitata eta erabilera-arrazoiak
“IKTak erabiltzeko arrazoien” eta “habitataren” arteko harremanak bi ondorio islatzen dizkigu:
(57. irudia)
Internet erabiltzeko arrazoiak Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanlerian, habitataren eta arrazoi-motaren arabera (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
9.3.4. IKTak erabiltzeko arrazoiak eta ikasketa-maila
Internet ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzeko eta posta elektronikorako erabiltzen diren kasuak dira Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren erabilera rankingean lehenengo bi arrazoiak okupatzen dituztenak, lehen hezkuntzako edo beheragoko ikasketak, bigarren hezkuntzako edo lanbide heziketakoak, nahiz unibertsitate-ikasketak dituztela. Erabilera arrazoien rankingean antzeko postuak dituzten arren, erabilera-portzentajeen aldeak nabarmenak dira. Hori horrela, lehen hezkuntzako edo beheragoko ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen % 65,3k aitortzen du Internet posta elektronikorako erabiltzen duela. Bigarren hezkuntzako edo LHko ikasketak dituzten eta tresna hau erabiltzen duten pertsonen portzentajea % 87,1era igotzen da eta, unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen kasuan % 97,3ra.
Egoera hori errepikatzen da osasun-gaiei buruzko informazio-bilaketa edo lana bilatzeko erabilera bezalako bestelako arrazoietan.
(58. irudia)
Internet erabiltzeko arrazoiak Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko biztanlerian, ikasketa-mailaren eta arrazoi-motaren arabera (osasun-gaiei buruzko informazioa, lan-bilaketa) (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Internet erabiltzeko alde nagusiak, ikasketa-mailaren arabera, aisialdiarekin eta banka elektronikoaren erabilera edo Internet bidezko turismo-erreserbak bezalako erabilera aurreratuagoekin lotutako erabilera-arrazoiak aztertzean aurkitzen ditugu.
Internet aisialdi-zerbitzuekin lotuta erabiltzen duten kasuak daude lehen hezkuntzako ikasketak edo baxuagoak dituzten pertsonen erabilera-arrazoien rankingeko hirugarren postuan. Ikasketa-mailen eskalan gora egin ahala, aisialdi-zerbitzuek beherantz egiten dute rankingean (laugarren tokira bigarren hezkuntzako ikasketak edo LH dituzten pertsonen kasuan eta bosgarren tokira unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonen kasuan).
Antzeko zerbait gertatzen da banka elektronikoarekin. Kasu honetan, unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonek Internet erabiltzeko laugarren arrazoi nagusia den arren, lehen hezkuntzako ikasketak edo baxuagoak, bigarren hezkuntzakoak edo LH dituzten pertsonak daude erabilera arrazoien rankingeko seigarren postuan. Portzentajeak irmoak dira kasu honetan ere. Euskadin 10 eta 74 urte bitartekoen artean unibertsitate-ikasketak dituztenen % 58,7k dio banka elektronikorako erabiltzen duela Internet, lehen hezkuntzako ikasketak edo baxuagoak dituztenen artean portzentaje hori % 12,3ra jaisten delarik.
Turismoarekin lotutako online erreserbak egiteari dagokionez, Euskadiko unibertsitate-ikasketadun biztanleriaren rankingean seigarren arrazoia da. Arrazoi hori beherantz doa ikasketa-maila jaitsi ahala (zazpigarren postura bigarren hezkuntzako ikasketak edo LH dituzten pertsonen kasuan eta zortzigarrenera lehen hezkuntzako ikasketak edo baxuagoak dituzten pertsonen kasuan) eta portzentaje-mailan alde nabarmenak islatzen ditu. Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanleen % 45,7k dio Internet online turismo-erreserbak egiteko erabiltzen duela; bigarren hezkuntzako edo LHko ikasketak dituzten biztanleriaren % 26,4k eta lehen hezkuntzako ikasketak edo baxuagoak dituzten biztanleen % 7,5ek aipatu dute arrazoi hori.
9.3.5. IKTak erabiltzeko arrazoiak eta jarduerarekiko harremana
IKTak erabiltzeko arrazoiak eta ikasketa-mailak aztertzean gertatu den bezala, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioaren bilaketa eta posta elektronikoa dira euskal biztanleriak Internet erabiltzeko arrazoi nagusiak, jarduerarekiko harremana gorabehera: ikasleak, landunak, jarduerarik edo lanik gabeak.
Gainerako arrazoiak aztertzean, bertikalki eta horizontalki aztertu beharreko alde esanguratsuak daude, jarraian islatuko dugun bezala.
Lehenengoak Internet aisialdi-zerbitzuekin lotuta erabiltzen dela dio. Arrazoi hori hirugarren postuan dago ikasleen arrazoien rankingean (% 76,5), laugarren postura erortzen da jarduerarik edo lanik ez duten biztanleriaren artean (% 45,7) eta bosgarren postura biztanleria landunaren kasuan (% 47,7).
Bestalde, Internet prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko erabiltzen dutenen portzentajeetan alde nabarmenak daude. Arrazoi horrek zazpigarren postua dauka ikasleen rankingean (% 10,9), baina azken postuetara erortzen da landunen (% 4,2) eta jarduerarik gabekoen (% 2,7) artean.
Azterketa alderatzaileak harreman garbia islatzen du jarduerarekiko harremanaren (ikasleak, landunak eta jarduerarik gabeak) eta banka elektronikoaren erabileraren artean. 10 eta 74 urteko euskal biztanleriaren artean Internet erabiltzeko hirugarren arrazoia da (% 51,2), baina seigarren postura jaisten da lanik edo jarduerarik ez duten biztanleen kasuan (% 30,8) eta zortzigarren postura ikasleen kasuan (% 10).
Komunikabide elektronikoen kontsultak ere erabilera eta lehentasuneko portzentaje desberdinak ditu biztanleriak Interneti ematen dion erabileran, jarduerarekin duen harremanaren arabera. Hori horrela, landunek edo jarduerarik gabeek arrazoien rankingeko hirugarren tokian kokatzen dute arrazoi hori (% 72,8 eta % 68,8, hurrenez hurren), eta ikasleen kasuan bosgarren tokira pasatzen da (% 52), txaten eta komunikazio-tresnen nahiz aisialdi-zerbitzuen erabilerari pisu gehiago ematen dietelarik.
(59. irudia)
Internet erabiltzeko arrazoiak Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko biztanlerian, jarduerarekiko harremanaren eta arrazoi-motaren arabera (banka, aisialdi-zerbitzuak, lan-bilaketa) (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Bestalde, Internet lana bilatzeko gehiago erabiltzen da lanik edo jarduerarik ez duten biztanleen artean, Internet erabiltzeko arrazoien rankingean berau baita zazpigarren arrazoia (% 30,4). Euskadiko ikasle eta landunen kasuan, arrazoi hori bederatzigarren postura jaisten da rankingean (% 9,5 eta % 13,6, hurrenez hurren). Aipatzekoa da, azterketan agertzen diren aldeak gorabehera, ikasle eta jarduerarik edo lanik gabeek gutxi erabiltzen dutela Internet lana bilatzeko, beste arrazoi batzuengandik urrun (ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea, posta elektronikoa erabiltzea edo aisialdi-zerbitzuak erabiltzea).
9.3.6. IKTak erabiltzeko arrazoien bilakaera Euskadiko biztanlerian
IKTak erabiltzeko arrazoiek azken 5 urteotan (2006-2011) Euskadiko 10 eta 74 urte bitarteko biztanleengan izan duten bilakaera aztertuz gero, hainbat ondorio interesgarri atera ditzakegu:
Egun (2011 ekitaldiko Eustaten datuen arabera), Internet erabiltzeko arrazoien rankinga 2006an erregistratutakoaren berdin-berdina da. Hau da, posta elektronikoaren erabilerak eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioaren bilaketak jarraitzen dute Internet erabiltzeko arrazoi nagusi izaten, eta komunikabideen kontsulta, aisialdi-zerbitzuak eta txatak bezalako komunikazio-tresnak, bost urte beranduago, Euskadiko biztanleriak sarea erabiltzeko arrazoi nagusiak dira oraindik ere.
Erabilera-arrazoi horien portzentajeak igotzen joan dira urteotan, nabarmena den bezala, ondasun eta zerbitzuen salmentako eta prestakuntza arautuko ekintzetako IKTen erabilera salbu, 2006ko balioei eusten baitiete, hazkunderik jasan gabe.
Portzentajeak gehien igo dituzten arrazoiak honakoak dira (ordenan):
9.4. Interneten erabileraren ezaugarriak
Biztanleriaren dauden erabilera-eten digitalak aztertzeko aukera ematen digun beste alderdi bat Interneten erabileraren ezaugarriak dira. Hau da, zenbat denbora ematen du jendeak egunean Internetera konektatzen? Gazteek eta nagusiek denbora bera ematen al dute? Nortzuk ematen dute denbora gutxiago Internetera konektatuta? Zenbatero erabiltzen da Internet bizitzako eremu jakin batzuetan?
Halaber, ikuspegi horri esker hurrengo kapituluaren aurkezpena egiten dugu, eskuratze-etenari buruzkoa bera. Bertan, sakon aztertuko dugu ea talde batzuek zergatik erabiltzen duten Internet eta beste batzuek ez, ea zeintzuk diren Internetek beren bizitzari egiten dieten ekarpenei buruzko usteak eta zein kontzientzia duten beren ahalduntze digitalaren mailari buruz eta IKTen erabileran aurrera egiten jarraitzeko asmoari edo asmo faltari buruz, eremu sozialean eta publikoan parte hartzeko ahalduntze-tresnak direnez gero.
Kasu honetarako erabilitako iturria Arartekoak txosten berezi honen esparruan e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruz egindako inkesta da.
9.4.1. Interneten erabileraren maiztasuna
Txosten honetara ad hoc egindako inkesta telefonikoko datuen arabera, Euskadiko Internet-erabiltzaileen % 79,6k (16 urtekoak edo gorakoak) erabiltzen du Internet egunero, % 16,8k erabiltzen du astero, baina ez egunero, eta % 3,6k aitortzen du gutxienez hilean behin erabiltzen duela.
Datu horien arabera, biztanleriaren portzentaje altu batek (ia % 80) erabiltzen du Internet egunero.
Erabileraren maiztasunak generoaren arabera aztertuz gero, gizonek maiztasun gehiagoz erabiltzen dute Internet emakumeek baino. Hori horrela, gizonen % 81,8k erabiltzen du Internet egunero eta emakumeen % 77,4k.
Adinei erreparatuz gero, datuen arabera zenbat eta adin nagusiagoa, orduan eta maiztasun gutxiago Internet erabiltzeko orduan. Biztanleriarik gazteenaren (16-34 urte) % 89,6k erabiltzen du Internet egunero, % 8,4k astero (baina ez egunero), eta % 2,1ek hilean gutxienez behin erabiltzen du.
Adin-tarteetan gora egin ahala, erabilera-maiztasunaren portzentajeak bitarteko maiztasunetara mugitzen dira (Internet astero erabiltzen dutenetara, baina ez egunero). Hurrengo grafikoan ikus daitekeenez, Internet erabiltzen duten 55 urtetik goragoko pertsonen % 68,4k erabiltzen du egunero eta ia % 30ek astero (baina ez egunero).
Ikasketa-mailaren arabera aztertuz gero, ikasketa-maila altuagoetan erabiltzen da maizago Internet. Hori horrela, Internet erabiltzen duten eta unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleen % 86,3k aitortzen du Internet egunero erabiltzen duela, eta Internet erabiltzen duten eta lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen % 72,5ek.
Euskadiko biztanleriak IKTen gainean egiten duen erabilerari buruzko datuen aurreko hausnarketetan islatu den bezala, jarduerarekiko harremanak ere lotura omen dauka Internet erabiltzeko maiztasunarekin. Internet erabiltzen duten ikasleek eta besteren konturako langileek erregistratzen dituzte portzentajerik altuenak (% 89,1 eta % 87,7, hurrenez hurren) Internet egunero erabiltzen dutenen artean. Aitzitik, jarduerarekin duten harremanaren arabera erabilera esporadikoagoa egiten duten pertsonak etxeko andreak eta erretiratuak dira.
(60. irudia)
Internet erabiltzen duten pertsonek Internet erabiltzeko maiztasuna, adinaren arabera (Internet erabiltzen duten pertsona guztien gaineko %a)
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Erabilera-maiztasunaren eta etorkinen arteko harremanak alde garrantzitsuak islatzen ditu. Etorkinek Internet era esporadikoagoan erabiltzen dute, espainiar nazionalitatea dutenek baino. Hori horrela, Internet erabiltzen duten etorkinen % 58,8k egunero erabiltzen du, eta portzentaje hori % 80,3koa da etorkinak ez diren pertsonen kasuan. Internet erabiltzen duten etorkinen % 30,7k astero erabiltzen du (baina ez egunero) eta % 10,6k hilean gutxienez behin.
Bestalde, Internet erabiltzeko maiztasunaren eta ezgaitasunaren arteko harremanak datu positiboak ematen dizkigu. Internet erabiltzen duten eta ezgaitasunen bat duten pertsonen % 85ek adierazi du inkestan egunero erabiltzen duela Internet. Hau da, portzentaje hori ezgaitasun aitorturik ez duten pertsonek erregistratutakoa baino 5 puntu altuagoa da.
Habitataren tamainak (inkesta egin duen pertsonaren bizilekuko biztanle-kopuruak) ere nolabaiteko harremana dauka Internet erabiltzeko maiztasunekin. 50.000 biztanletik gorako habitatetan (50.000-100.000 eta 100.000 biztanletik gora) erabilera-maiztasuna biziagoa den arren, kopuru hori murriztu egiten da eta bitarteko erabilera-maiztasunetan batzen da (asteroko erabilera, baina ez egunerokoa, eta hilean gutxienez behingoa), habitat txikiagoen kasuan. Horrenbestez, 100.000 biztanletik goragoko habitatean bizi diren Euskadiko Internet-erabiltzaileen % 83k erabiltzen du Internet egunero eta 10.000 eta 20.000 biztanle arteko habitatetan portzentaje hori ehuneko 9 baino gehiago murrizten da (% 73,7).
(61. irudia)
Internet erabiltzen duten pertsonek Internet erabiltzeko maiztasuna, lanbidearen arabera (Internet erabiltzen duten pertsona guztien gaineko %a)
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
9.4.2. Egunero Internet erabiltzen ematen den denbora
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestako datuen arabera, Euskadiko Internet-erabiltzaileek batez beste 106 minutu ematen dituzte egunean Interneten. Horixe da, hain zuzen ere, honako galderari eman zaion erantzuna: “Esango al zenidake, mesedez, atzo zenbat denbora eman zenuen Interneten?”.
Maiztasunen banaketak zehaztasun gehiago ematen dizkigu: adibidez, Internet-erabiltzaileen % % 40,7k ordubete baino gehiago ematen duela egunero Interneten.
Egunero Interneten emandako denborak aldeak islatzen ditu gizon eta emakumeen erabileraren artean. Gizonek batez beste 120 egun ematen dituzte egunean eta, emakumeek, aldiz, 92 minutu. Maiztasunen banaketari esker zehaztasun gehiagoz azter dezakegu datu hori. Internet erabiltzen duten gizonen % 45,9k aitortu du Internet erabili zuela atzo ordubete baino gehiago, eta emakumeen kasuan portzentaje hori % 35,7koa da (hau da, ehuneko 10etik goragoko gapa).
(62. irudia)
Internet erabiltzen duten pertsonek egunean Interneten emandako denbora, sexuaren arabera (unitateak: minutuak)
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Internet erabiltzen dutenek bertan ematen duten denboran eragina daukan beste faktoreetako bat adina da. Hori horrela, Internet-erabiltzailerik gazteenek egunean batez beste 155 minutu ematen dituzte eta 35 eta 54 urte bitarteko biztanleek egunean batez beste 72 minutu (gazteek ematen duten denboraren erdia baino gutxiago). Bestalde, 55 urte edo goragoko Internet-erabiltzaileek batez beste 95 minutu ematen dituzte egunean Internet erabiltzen. Datu horrek agerian uzten du, txosten honetako beste atal batzuetan sarbide-etenari eta adin-tarterik altueneko pertsonen erabilerari buruz aritu bagara ere, kopuru horiek islatzen duten eszenatokian adin nagusiagoa duten Internet-erabiltzaileek beste adin-tarte batzuek (35-54 urte) baino denbora gehiago ematen dutela Interneten eta, beraz, IKTen erabilera-portzentajeak (teknologia bat erabiltzen duten pertsonen %a) askoz altuagoak direla.
Ikasketa-mailak zenbat eta altuagoak izan, orduan eta denbora gehiago ematen dute Interneten. Halaxe azaltzen du hurrengo grafikoak. Euskadiko unibertsitate-ikasketadun Internet-erabiltzaileek batez beste 115 minutu ematen dituzte egunean Internet erabiltzen, bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileek 104 minutu eta lehen hezkuntzako ikasketak dituztenek 85 minutu.
Jarduerarekiko harremanaren eta Internet erabiltzen emandako denboraren arteko harremanari dagokionez, beren kontura lan egiten duten eta ikasleak diren Internet-erabiltzaileak dira Interneten denbora gehien ematen dutenak, 147 eta 130 minutu, hurrenez hurren. Erretiratuak eta etxeko andreak dira Internet erabiltzen denbora gutxien erregistratu dutenak, 76 eta 75 minutu egunean, hurrenez hurren.
Beste herrialde batzuetatik datozen eta Espainian jaio diren biztanleek Interneten ematen duten denbora alderatuz gero, etorkinak dira garaileak. Etorkinek batez beste 146 minutu ematen dituzte Interneten nabigatzen, eta etorkinak ez direnek, aldiz, batez beste 104 minutu egunean. Maiztasunen banaketak zehaztasun gehiago ematen digu: Internet-erabiltzen duten etorkinen % 44,3k egunean ordubete baino gehiago ematen du Internet erabiltzen eta etorkinak ez direnen kasuan % % 40,6k.
(63. irudia)
Internet erabiltzen duten pertsonek egunean Interneten emandako denbora, ikasketa-mailen arabera (unitateak: minutuak)
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Taldeen araberako azterketarekin jarraituz, datuei jarraiki ezgaitasun aitorturen bat duten Internet-erabiltzaileek egunean batez beste 165 minutu ematen dituzten Internet erabiltzen eta ezgaitasunik ez daukaten pertsonek 103 minutu erregistratu dituzte. Egunean ordubete baino gehiagoko aldea dago Interneten erabileran, maiztasunen banaketak ematen digun datuak estatistikoki berresten duen bezala: ezgaitasunen bat duten Internet-erabiltzaileen % 72,6k aitortzen du atzo ordubete baino gehiagoz erabili zuela Internet.
Habitataren tamaina eta Interneten egunean emandako denbora ere zuzenean lotuta daude: habitata zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora gehiago ematen dute egunean Internet erabiltzen Euskadiko Internet-erabiltzaileek. Horrenbestez, 100.000 biztanletik gorako habitatetan bizi diren Internet-erabiltzaileek egunean batez beste 119 minutu ematen dituzten Internet erabiltzen, 50.000 eta 100.000 biztanle arteko tamaina duten habitatetan bizi diren Internet-erabiltzaileek 109 minutu eta 20.000 eta 50.000 biztanle arteko habitatetan bizi direnek 103 minutu. Kontrasterik handiena 10.000 eta 20.000 biztanle arteko habitatetan bizi diren Internet-erabiltzaileen kasuan ageri da, egunero Interneten ematen duten batez bestekoa 87 minutukoa baita.
9.4.3. Interneten erabileraren maiztasuna, eremuen arabera
Txosten berezi honen esparruan e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruz egindako inkestak ematen digun beste ikuspegi aztergai bat zera da, bizitzako eremu jakin batzuekin lotuta dauden Internet-erabileren maiztasuna ezagutzea:
(64. irudia)
Biztanleria Internet egunero erabiltzeko maiztasunaren eta eremuen arabera (Internet-erabiltzaile guztien gaineko %a)
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Aurreko grafikoan ikus daitekeenez, lana eta ikasketak, eta lagun eta senideekiko harremana dira Internet egunero helburu horretarako erabiltzen duten pertsonen portzentajerik altuenak erregistratu dituzten eremuak (% 49,5 eta % 45,8, hurrenez hurren).
Bestalde, Euskadiko Internet-erabiltzaileen % 32,4k egunero erabiltzen du Internet gizarte-sareetan parte hartzeko eta % 12,8k astero (baina ez egunero). Internet erabiltzen duten pertsonen % 23,9k dio Internet egunero erabiltzen duela lanarekin lotutako gaietan prestakuntza jasotzeko, % 15,2k dio astero erabiltzen duela horretarako, baina ez egunero, eta % 9,8k aitortzen du Internet horretarako erabiltzen duela, baina ez hilero.
Daturik esanguratsuena honakoa da: intenet-erabiltzaileen % 79,7k baieztatzen du ez duela Internet inoiz erabiltzen GKE, elkarte edo borondatezko lanetan parte hartzeko, % 20,3k aitortzen du Interneten erabilera esporadikoagoa egiten duela partaidetzarako erakunde eta tresna mota horien bidez parte hartzeko, eta % 3k soilik dio Internet helburu horretarako erabiltzen duela. Adierazle honek islatzen duen bezala, internautek gizarte-partaidetzaren eremuan egiten duten erabilera oraindik oso baxua da. Txosten berezi honetako partaidetza-eten digitalari buruzko kapituluan aztertu dira arrazoiak, oztopoak edo itxaropenak.