3. Laburpen exekutiboa
3.1. Txosten bereziaren helburua
Zer egin nahi izan dugu?
Arartekoak esleituta dituen funtzioak giza eskubideen babesa eta bermearekin lotuta daude, administrazioen herri jarduera eta politikek pertsonen eskubideak behar bezala zaindu ditzaten saiatuz eta desberdintasuna, diskriminazioa eta bazterkeriaren aurka eraginkortasunez borrokatuz. Printzipio horiek oinarritzat hartuta, txosten berezi honen bidez, herritarrek gizartean eta eremu publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) bidez duten e-inklusioari eta parte hartzeari buruzko azterketa sakona egin nahi izan dugu.
Zergatik e-inklusioari eta e-parte hartzeari buruz?
Une honetan IKTak gure bizitzen osagarri edo zati bat izatetik horiek zeharka eta etengabe zeharkatzera igaro dira. Eskolan, lanean, administrazio eta banku erakundeekiko harremanetan, dibertitzeko eta komunikatzeko moduan... ageri dira. Horrenbesteko presentzia dute non pentsa genezake horiek ez ezagutu ezta erabiltzeak ere gure uneko gizartean bazterkeriaren faktore sortzailetzat jo zitezkeela.
Bestalde, egunerokotasunak argi uzten digu arazoak konpontzeko antzinako formulek ez dutela funtzionatzen. Mundu mailako krisiko eta gizarte ezinegoneko testuinguruak argi uzten du erronka berriak eta zaharrak daudela, jarduteko modu berriak eta herritarren parte hartzea eskatzen dituztenak. Bigarren lan-hipotesi gisa IKTek herritarren parte hartze hori erraztu eta bultzatu dezaketela bere gain hartuta, zera aztertu nahi izan dugu: zein da euskal gizartearen e-inklusio maila? Nor ari da geratzen “informazioaren gizartea” deiturikotik kanpo? Zergatik? Behar bezain heldua da, digitalki hitz egiten, euskal gizartea IKTen bidez parte hartzeko? Bide eta baliabide nahikorik al dago hori hala izateko? Benetan al dago parte hartzeko interesik? Beharrezkotzat jotzen al da eta ondorio antzemangarriak al ditu? Zerk motibatzen gaitu parte hartzera?
Zertarako honen moduko txosten berezia?
Galdera hau eta beste asko ikerketa prozesuan zehar erantzuten saiatu garenak dira. Helburua argi gehiago eskaintzea da, euskal herri administrazioei zuzendutako gomendioen katalogoa burutu ahal izateko Euskadi inklusiboago bat lortzera bideratuta eta gizartean zein eremu publikoan IKTen bidez herritarren parte hartzea sustatzeko.
3.2. Metodologia. Nola egin dugu?
Honen moduko azterketa eremu zabala eta sakona mugatu ahal izateko, trena kualitatiboak eta kuantitatiboak tartekatzen dituen metodologia mistoaren aldeko apustua egin dugu, informaziorik ez zegoen lekuan errealitatea kuantifikatzen eta txosten berezi honen baterako sorkuntzan parte hartu duten pertsona guztien iritzi, esperientzia-truke eta ezagutzaren bidez aberastu eta zabaldu zitezkeen ikerketa-xedearen beste alderdi horiek aztertu, hausnartu eta eztabaidatzen.
Atal hori txostenaren metodologiaren epigrafean zehaztasunez azaltzen bada ere, honakoak dira ikerketa prozesuan erabilitako teknika nagusietako batzuk: Euskadiko hiru lurralde historikoetako 5% 40 laguni e-inklusioari eta e-parte hartzeari buruz egindako telefono bidezko inkesta; arloan adituak direnei elkarrizketak egitea, sakonki aztertu eta hausnartzeko lan-mahaiak burutzea (bai oztopoak identifikatzeko bai gomendioak proposatzeko); euren iritzi eta bizipenekin Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluari parte hartzeko egindako gonbidapena; Eusko Jaurlaritzari, foru aldundieieta Euskadiko hiri eta landa guneetako hainbat udalordezkariri egindako gonbidapena IKTen bidez herritarrek parte hartzeko eskura dituzten baliabideei buruzko informazioa eskain zezaten; ikertu beharreko gaiari buruzko argitalpen, ikerketa, azterlan, txosten... adituen azterketa; praktika onenmapeoa, toki, nazio eta nazioarte mailan, e-inklusioari eta e-parte hartzearidagokienez, baita 2.0 kanalen erabilerari ere (blog + wiki + Twitter eta Facebook kontuak) bide egokiak ireki ahal izateko gainerako euskal gizarteak ikerketan parte har zezan.
3.3. Ikuspuntu teorikoa
Txosten berezi hau egiteak e-inklusio eta e-parte hartzearen kontzeptualizazioa bere gain hartzea eragin du. Eredu edo ikuspuntu teoriko bat diseinatzea, aztergaiaren errealitatea erraz ulertzeko aukera eskaintzen diguna eta informazioa aztertu eta interpretatzeko esparru gisa balioko diguna, baita amaierako gomendioak idazteko ere.
(2. irudia)
Ahalduntze digitaleko mailaren bilakaera
Ikuspuntu hori ahalduntze digitalaren eredua izan da. Eredu horrek herritarrak etengabeko bilakaera prozesu batean kokatzen ditu eta, irisgarritasuna, erabilera eta IKTak eskuratzea bezalako faktoreen arabera, ahalduntze digitaleko estatu edo maila ezberdinak irudikatzen dira.
Eredu horrek, beraz, pertsona guztiak barne hartzen ditu IKTekin duten harremanean, bai infobaztertze fasean egonda IKTak erabiltzen ez dituztenak, bai oso modu oinarrizkoan erabiltzen dituztenak. Beste fase aurreratuago batean (e-inklusioko etapari dagokiona) pertsonek IKTak eskuratzen dituzte eta horri esker erabilera berriak ezagutu eta aurkitu, erabileratik sortutako onura hobeak lortu eta IKTak euren bizi kalitatea eta gizarte egoera hobetzeko tresna eta bide gisa erabili ditzakete. Hori herritarren ahalduntze fasearen aurreko urratsa da, pertsonek IKTak erabiltzen dituzte erabilera pertsonaletik haratago. Heldutasun maila horri esker lankidetza tresnak eta banakoak (banaka edo elkarte zein talde baten bidez) parte hartzeko aukera eskaintzen duten bideak erabil daitezke bere inguru hurbilenean zein eremu publikoan.
Pertsonak ahalduntze digitalaren fase edo estadio batean zein bestean egoteak eten digital ezberdinez hitz egitera eramaten gaitu, eta argudio-ildo horrek, agiri honen egitura ardazteaz gain, bere azterketa ere bideratuko du.
Horrela bada, gure txostenean jaso ditugun eten digitalak honakoak dira:
Errealitatea ahalduntze digitalaren estadioetan eta eten digitaletan banatzeak eten digital batzuetan eta besteetan dauden pertsonak edo taldeak zeintzuk diren ikertzeko beharra aurkezten digu, baita eten horien atzean dauden faktoreak eta herri politiketatik eten digital horien arintzea sustatzeko aukera eskaintzen duten neurri zuzentzaileak ikertzeko beharra ere.
3.4. Sarbidearen eten digitala
Zalantzarik gabe, eten digital horri buruz jaso izan da informazio gehien argitaratutako azterlan ezberdinetan. Beharbada, IKTak dituzten etxeen ehunekoa azken urteetan izugarri bilakatu dela ikusi izanak gainditutako eten digitala dela ondorioztatzera eramaten gaitu, ondorio okerra bada ere.
(3. irudia)
Familien IKT ekipamenduen bilakaera (16 eta 74 urte bitarteko kide batekin, gutxienez)
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Txosten honetarako lortutako datuek islatzen dutenez, berriz, oraindik ere eten honetan arreta jartzera behartzen gaituzten zantzuak daude. Horrela bada, euskal familien % 34,2k ez du interneterako konexiorik. “Herritarrak” edo “familia” termino orokorrak alde batera utzita, honako galdera honi erantzuna emateko beharrean gaude: zeintzuk dira sarbide-eten digital hori neurri handienean pairatzen duten taldeak?
Zifrek adierazten dutenez eten digitaletan oraindik ere hainbat faktore demografiko eta sozioekonomiko daude. Horrela bada, adina, sexua, familia mota, ikasketa maila, lan egoera edo diru-sarrera maila garrantzitsuenetarikotzat sailka genitzakeen batzuk dira.
Datuek adierazten dute hori. 65 eta 74 urte bitarteko pertsona batek osatutako euskal familien % 73,4 ez du Interneterako konexiorik.
Modu arinagoan izan arren, sexua IKTetarako sarbidean desberdintasunak sortzen dituen faktore gisa ageri da oraindik ere. Ezberdintasun hori areagotu egiten da adin-taldeetan gora egiten dugun heinean.
Bestalde, ikasketa maila baxuak edo langabezian egoteak eta hileroko diru-sarrera baxuak izateak faktore erabakigarriak dira IKTetarako sarbide txikiagoa sortze aldera. Horrela bada, 1.800 eta 2.700 € bitarteko hileroko diru-sarrera garbiak dituzten Euskadiko familien % 88,6k Interneterako konexioa duten bitartean, ehuneko hori % 33,7ra murrizten da hileroko 1.100 euroko diru-sarrerak gainditzen ez dituzten pertsonen artean. Orokorrean, eta ikerketan zehar lortutako datuen bidez egiaztatu ahalko den moduan, gizarte-etenen faktore komunak eten digitalenak ere badira.
Zifra horiek esaten digutenaren osagarri gisa, IKTetara sartzen ez diren pertsonek argudiatzen dituzten arrazoiak ezagutu nahi izan ditugu.
(4. irudia)
Etxebizitzan Interneterako sarbiderik ez izateko arrazoiak (16 eta 74 urte bitarteko pertsonak)
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki.
Bitxia bada ere, eta orokorrean onartzen ohi diren argudioetatik urrun (”oso garestia da”), inkestetako datuek adierazten dute pertsona horiek Interneten ez sartzeko adierazten dituzten arrazoi nagusiak “ez dut nahi, ez dut behar” (% 27,9) eta “ez dut ezagutza egokirik” (% 7,6) dira. Arrazoi horiek are gehiago areagotzen dira gure azterketa pertsona helduen taldean oinarritzen dugunean, adibidez: “ez dut nahi, ez dut behar” (% 69,8); “ez dut ezagutza egokirik” (% 26,1).
Horrek informazio baliagarria eskaintzen digu, izan ere, Gomendioen kapitulura eramaten dugu sarbiderako eten digitala neurri handiago batean pairatzen duten talde horietarako berariaz diseinatutako ekintza berritzaileak abian jartzearen proposamena, ez daitezen soilik bideratu IKT tresna horien sarbide ekonomikoa bermatzera, baizik eta IKTen erabilgarritasuna hedatzera, euren errealitateekin bat egiten duten intereseko zentroen bidez teknologiak talde horiei hurbiltzera eta ikerketan parte hartu duten adituen taldeek eskainitako sarbide-eten digitala eratzen duten beste faktore batzuk jorratzera ere, hala nola: gizarte-etenak, aplikazio eta zerbitzu askoren irisgarritasun eta erabilgarritasun arazoak, esperientzia frustragarriak diseinu egokirik ez duten etxeko gailu komunekin, Internet bezalako hainbat zerbitzuren kontsumo gastuak edo erakargarriak zein erabilgarriak diren eduki eta zerbitzu interesgarririk ez egotea.
3.5. Erabilera-eten digitala
Etxebizitza batean IKT ekipamendua egoteak edo eskura izateak, adibidez, ez du bermatzen kide guztiek erabiltzen dutenik. Eta hala izango balitz, azterlanean lortutako datuek islatzen digute adina, ikasketa maila edo lan egoera bezalako faktoreen arabera motibazio eta erabilera maiztasun ezberdinak dituztela.
Eustaten 2011ko inkestaren (ESIF) datuen arabera, 10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarren % 67,8k ordenagailua erabiltzen dute, % 65,3k Internet eta % 97,8k telefono mugikorra. Txosten horretan burututako bilakaera azterketek islatzen dute zifra horiek hazkunde nabarmena jaso dutela azken urteetan, baina gertakari hori ez da nahikoa erabileraren benetako eten digitala aztertzeko.
Zer pertsona daude ehuneko horien atzean? Zer nolako motibazioak dituzte IKTak erabiltzeko? Zer nolako maiztasunarekin erabiltzen dituzte? Loturarik al dago IKTen erabileraren eta ongizateari edo bizi kalitateari loturiko eremuen artean, hala nola, enplegua, osasuna, prestakuntza…?
Ikerlanak adierazi izan du adina, sexua, ikasketa maila, diru-sarrera maila edo lan egoera bezalako faktoreak, besteak beste, herritarren artean IKTen erabilera ezberdintasunen atzean dauden elementuak direla. Horrela bada, 65 eta 74 urte bitarteko euskal herritarren % 12,9k bakarrik adierazi du Internet erabiltzen duela. Sexuari dagokionez, oraindik ere ezberdintasunak daude erabileraren ehunekoen artean eta ezberdintasun horiek areagotzen dira adin-tarteetan goraka goazen heinean gizonen alde. Ildo horretan bertan, lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten pertsonen % 23,4k eta langabezian dauden pertsonen % 35,6k besterik ez dute Internet erabiltzen.
Zifra horiek gogoeta bat egitera behartzen gaituzte. Nabarmena da IKTak oso lagungarriak izan zitezkeela aipatu ditugun talde horien bizi kalitatea eta gizarteratzea hobetzeko. Hala eta guztiz ere, lortutako datuek adierazi digutenez talde horiexek dira IKTen erabileran ezberdintasun gehien erregistratu dituztenak.
Horren inguruan sakontzeko, euren arrazoien berri izan nahi izan dugu, sarerako konexioak gobernatzen dituzten “zergatien” berri hain zuzen.
(5. irudia)
10 eta 74 urte bitarteko Euskadiko herritarrek Internet erabiltzeko dituzten arrazoiak (%), 2011
Guk eginda Eustaten datuei jarraiki
Azterketaren ondorioak itxaron genitzakeenak dira: informazio bilaketa, posta elektronikoa, komunikabideen kontsulta, aisialdia eta programa edo komunikabideen erabilera dira motibazioen rankingaren buruan daudenak. Taularen postu baxuagoetara joan beharra dago IKTen erabilera osasunari buruzko informazio kontsultak egiteko, lana bilatzeko, prestakuntza ekintzetan sartzeko edo prestakuntzari buruzko informazioa lortzeko erabiltzen dela ikusi ahal izateko.
Egoera hori, gainera, are gehiago areagotzen da motibazio horiek aurretik aipatu ditugun faktoreekin gurutzatzen direnean (adina, ikasketa maila, lan egoera…). Horren adierazle diren adibide batzuk: lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten pertsonen % 5,7k bakarrik aitortu du Internet enplegua bilatzeko erabiltzen duela; langabezian dauden pertsonen kasuan, lana bilatzea IKTak erabiltzeko motibazioen rankingaren zazpigarren postuan dago.
Gizarte ongizatearekin eta bizi kalitatearekin loturiko alderdiei dagokienez “Internetetik espero dudana” eta “Internetek niregatik egin dezakeena”ren arteko desadostasun horren bidez honako hipotesia sor dezakegu: IKTen erabileraren arteko ezberdintasun horien atzean, desadostasun argiak daude hainbat talderen (pertsona helduak, prestakuntza profil baxuak dituzten langabeak, landa guneetan bizi diren pertsonak…) eta sarearen benetako ahalmenaren (zerbitzuak, edukiak…) artean.
Hori dela-eta, Gomendioen kapituluan gaineratu behar izan dugu erabilera-eten digitalean dauden taldeei zuzendutako prestakuntza ekintzak, lantegi adierazleak, etab. areagotzearen premia. Horien berariazko helburua euren interesguneekin eta bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko aukerekin lotzen diren alderdietan IKTek dituzten aukerak sustatzea da (hala nola, pertsona helduen zahartze positiboa; langabean dauden herritarrei zuzendutako lan eta prestakuntza bilaketa; IKTen erabileraren areagotzea lanerako prestakuntzaren prestakuntza-diseinuetan, etab.).
Osagarri gisa, herritarren kapa ia gehienen artean ospea eta onespena lortu duten gailuen erabilera ere gomendatzen da, hala nola, telefono mugikorra, halako ekintzen ahalmena eta euren eragin maila handitze aldera.
3.6. Eskuratze-eten digitala
Azterketarekin ahalduntze digitalaren ereduaren ikuspegitik jarraituz, hirugarren heldutasun estadioa da IKTak eskuratzearena. Hau da, une horretan herritarrak ohartzen dira IKTek onurak eta hobekuntzak sortzen dizkiela euren bizitzetan, horien erabilera intentsibo eta aurreratuagoa egitera bultzatuz. Fase horretan ez dugu oinarrizko IKT tresnen noiz behinkako erabileraz hitz egiten, une honetan pertsonek ikertu ere egiten dute IKTen erabilera berritzaileek, euren bizitzen ohiko eta eguneroko alderdietan aplikatuta (lana, gizarte harremanak, osasuna…), hobekuntza eragina sortzen ote duten.
Beraz, eskuratze-eten digitalaren azterketa jorratzeko, IKTen oinarrizko erabilerarekin konformatzen diren edo hura eskuratzean heltze digitalaren prozesu partikularrean aurrerago joan nahi ez duten pertsona horien atzean dauden arrazoiak aztertu nahi izan ditugu.
Horretarako, azterketa IKTen eskuratzean gakotzat jo dugun alderdien inguruan ardaztu dugu:
IKTen erabilgarritasuna hautematea. Zentzu horretan, ikerketaren prozesuan zehar inkestatu genituen eta Internet erabiltzen duten herritarren % 13,5ak adierazi du Interneten eta gainontzeko IKTen erabilerak ez duela inolako hobekuntzarik edo abantailarik sortu euren bizitzetan. Kezkagarria da % 20ra arte igotzen dela 55 urte baino gehiagoko pertsonen ehunekoa. Bestalde, Internet erabiltzen duten etorkinen % 65,5ak adierazi du IKTek bereziki hobetu dituztela euren gizarte harremanak, hala ere, ez dute uste lana bilatzen laguntzen dietenik ezta Euskadin lan baldintzetan hobekuntza eragin dutenik. Gogoeta horrekin bat egiten dute lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten eta Internet erabiltzen duten Euskadiko herritarrek, horien artean % 1,3ak bakarrik uste du IKTek euren lan egoera hobetu duela. Zer ezkutatzen da orduan zifra horien atzean? Azterketak azaltzen digu lotura argia dagoela IKTen inguruko ezagutza mailaren eta horien erabilera-maiztasunaren eta onurak antzematearen artean (IKT ezagutza oinarrizkoagoak eta erabilera maiztasun baxuagoak gure bizi kalitatean duten eragina edo erabilgarritasunaren hautemate baxuagoa dakarte). Baieztapen hori agerian geratzen da, adibidez, IKTen ezagutza-profil altua duten eta tresna horien erabilera intentsiboa egiten duten pertsonek IKTak erabilera aurreratuetarako (hala nola, administrazioekiko izapideak, bankuko kudeaketak, lan-bilaketa edo erosketak Internet bidez egitea) erabil daitezkeenaren aintzatespen handiagoa dutela ikustean. Era berean, lan egoera edo ikasketa maila bezalako beste faktore batzuk berriro ere funtsezkoak dira IKTek euren bizitzetan eskainiko dutenaren pertzepzioan ezberdintasunak nabarmentzerakoan (ikasketa maila baxuagoek eta kontrako lan egoerek erabilera aurreratuetan erabilgarritasunaren hautemate baxuagoekin bat egiten dute).
Ez erabiltzeak dakarren arriskua hautematea. IKTak eskuratzean eten digitalaren sortzaile gisa har daitezkeen beste irizpideetako bat IKTak gure bizitzetan gaineratzen ez baditugu gure bizitzen alor ezberdinetan (gizarte harremanak, lana, ikasketak, etab.) aukerak galdu edo gizarte-eten bat pairatzeko aukerak handiagotu genitzakeenaren jakitun izatea da. Euskadiko herritarrei galdetzen diegunean zeintzuk diren IKTak ez erabiltzearen arriskuak rankingaren hiru lehen postuak honako erantzunek osatzen dituzte: informazio falta, zaharkitua eta ez eguneratuak geratzea eta gizarte isolamendua. Beste era batera esanda: behar bezalako informaziorik ez edukitzea, eguneratuta ez egotea eta gizarte harreman onik ez izatea. % 11,1ak adierazi du ez duela uste horrek inolako desabantaila edo arriskurik dakarrenik. Ehuneko horri aurpegia jartzen saiatzean egiaztatu dugu (txostenean islatzen den moduan) eten digitalak pairatzeko zaurkortasun handiagoa duten taldeak direla, hain zuzen ere, IKTak ez erabiltzea inolako arriskurekin lotzen ez dituztenak.
Zertxobait gehiago sakontzen dugunean eta Internet erabiltzen duten herritarrei galdetzen diegunean IKTak ez erabiltzea gizarte-etenaren faktore larrigarria izan zitekeela uste ote duten, herritarren % 56,5ak besterik ez du hori uste.
Nik behar ditudan gaitasun digitalak zeintzuk diren ezagutzea, gaitasun horien eskuratze maila eta eskuratzeke ditudan gaitasunak eta nola eta non eskuratzea jakitea. Datu nabarmena da, zalantzarik gabe, inkestatutako herritarren % 56,8 IKTen oinarrizko erabiltzailetzat jotzen dela. Faktore demografiko eta sozioekonomikoen arabera, neurri handiago batean oinarrizko erabiltzaile gisa identifikatzen diren profilak erretiratuak eta pertsona helduak, emakumeak, lehen hezkuntzako edo gutxiagoko pertsonak, etorkinak eta aniztasun funtzional motaren bat duten pertsonak dira. Ahalduntze digitalaren ereduaren gakoetako bat pertsonek heldutasun estadio ezberdinen artean mugitzeko duten aukera da. Horretarako, ikasi behar da, probatu, praktikatu, batzuetan ikasketa-etenekin edo behar ditudan gaitasun digitalak zeintzuk diren identifikatzeko edo horiek eskuratzeko nora jo behar dudan jakiteko zailtasunekin zerikusi handia duen teknologiaren erabileran heldutasun bide pertsonal moduko batekin jarraitu.
Jendeak ba al daki ahalduntze digital baten bidean sartuta dagoela eta aurrera jarraitzeko gaitasuna edo beharra duela? Inkestatutako herritarren % 15,4k adierazi du ez duela inolako beharrik antzeman IKTen erabileran ikasten edo sakontzen jarraitzeko, une honetan euren esku dagoenarekin konformatzen dira. Ehuneko horrek ikasten jarraitzeko beharra edo nahia onartzen duten Interneteko erabiltzaile diren euskal herritarren multzo handi bat ere aipatzen du. Eta nola egiten dute?
Herritarren % 94,5ak adierazi du IKTen gaineko ikasketa gehien bat autodidakta izan dela (edo metodologia hori aldian behingo prestakuntza ekintzekin bateratuta). Egoera hori adin-tarte gazteenen artean nagusitzen da bereziki. Azterketaren fokua IKT prestakuntzara bideratutako prestakuntza ekintza publiko edo pribatuetan jartzen dugunean, pertsona helduak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak dira modalitate hori erabiltzen dutenak gehien bat.
Eta ikasketa prozesu hori etengabeko eguneratzea eskatzen duen continuum gisa ulertzen al da? Zifrek oso argi uzten dute, behintzat, eguneratze hori ez dela ikastaroak egitera lotzen. IKTei buruzko ikastaroak egin dituzten herritarren % 53,3k duela bi urte baino gehiago egin dute eta horietatik % 33,7k azken ikastaroa duela bost urte baino gehiago egin dute.
Ikertu nahi izan dugu loturarik antzematen ote den IKT gaitasunen eta enplegua bezalako bizi-esparruetan duten erabilgarritasunaren artean. Horrela bada, gaur egun lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun digitalak dituztela uste ote duten galdetzerakoan, % 15ak ezetz aitortzen du eta % 25 zalantzan dago edo zuzenean ez dakite. Eta badakite nora jo beharko luketen gaitasun horiek eskuratzeko? Inkestatutako pertsonen % 25,7k aitortu du ez dakiela nora jo behar duen lan munduari aplikatutako gaitasun digital horiek eskuratu behar izanez gero.
(6. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urte eta gehiagoko pertsonak “Jakingo al zenuke non eskura ditzakezun lan-merkatuak gaur egun eskatzen dituen gaitasun digitalei buruzko ezagutzak?” galderari emandako erantzunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Alderdi horiei erantzuteko, Gomendioak kapituluan hainbat neurri proposatu ditugu. Hona hemen horietariko batzuk: IKT prestakuntza prozesuetan berrikuntza gehiago ikasketa-etenaren antidoto gisa; IKTen erabileren dibertsifikazio handiagoa gaztetatik hasita, IKTen erabilera aurreratuen ikasketa sormena, zaletasun zientifikoa edo elkartasuna bezalako eremuekin lotzen duten jardueren bidez; gaitasunen katalogo global baten definizioaren premiazko beharra (adostua eta hezkuntza, lana, gizarte harremanak… bezalako bizitzaren hainbat eremu jasotzen dituena), pertsonek beharrezkoak diren gaitasunak identifika ditzaten eta gaitasun digitalen eskuratze maila kontrasta dezaten; edo Euskadin gaitasun digitalak eskuratzeko baliabide-mapa bat sortzeko ahalegina, herritarrek errazago identifika dezaten nora jo behar duten, zer eskaintzen duen baliabide horietako bakoitzak eta zein neurritan egokitzen diren horiek euren beharretara (hizkuntza etorkinen kasuan, ekipamenduen irisgarritasuna eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako aplikazioak, etab.).
3.7. Partaidetza-eten digitala
Ahalduntze digitalaren laugarren estadioan, e-parte hartzearenean, pertsonak IKTen eskuratze maila egokia dauka eta gizartean eta eremu publikoan parte hartzeko helburuarekin erabiltzeko gai da, erabakiak hartzerakoan eta bere ingurua eraldatzean protagonismo gehiago izate aldera. Hainbat ekintzetarako eskatutako IKTen erabilera ez ezagutzea edo zenbait kanaletan parte hartu ezin izatea (irisgarritasun arazoak, adibidez) eten digital handia sor dezaketen arrazoietako batzuk besterik ez dira, hainbat talderi aukera berdintasuna gabetuz IKTen bidez parte hartzeko eskubidea erabiltzerakoan.
Gaur egun, gogoetara eraman behar gaituzten hainbat egoera daude. Alde batetik, hitza goratzeko eta kudeaketan gardentasun nabarmenagoa eta erabakiak hartzean parte hartze handiagoa eskatzeko behar publikoa berpiztu duen eta haziz doan gizarte ezinegona. Bestetik, gobernuen irekiera, gardentasuna eta herritarren parte hartzea bultzatzen duten mekanismo eta baliabide berriak abian jartzea aldarrikatzen duen nazioarte mailako mugimendua.
Bi bide horiek lotzea ez da erraza. Alde batetik, testuinguru bateko arrakasta ereduek ez dutelako zertan funtzionatu beste testuinguru batean eta, bestetik, herritarren ahalduntzea bultzatzen duen partaidetza-kultura beharrezkoa delako.
Partaidetza-eten digitalaren azterketa jorratzerakoan, oztopoak identifikatzen saiatzeko eta, beraz, hobekuntza gomendioak proposatu ahal izateko ezinbestekotzat jotzen ditugun hainbat kontu identifikatu ditugu. Hain zuzen ere:
Horren inguruko lehen zifrak ez dira bereziki adore-emaileak. Inkestatutako herritarren % 37,4k adierazi du gehiago parte hartu nahiko lukeela. Horrek esan nahi du euskal herritarren % 60,6k ez dutela gehiago parte hartzeko interesik adierazi. Parte hartze horretan, gehiago parte hartu nahiko luketen pertsonen kasuan, % 39,9k Internet bidez izatea nahiagoko luke eta % 28,6k, berriz, aurrez aurreko bideen aldeko apustua egiten du.
Euskadin bizi diren biztanle etorkinen artean, gizartean eta eremu publikoan duten parte hartzea handitu nahiko luketen pertsonen ehunekoak % 75,1eraino egiten du gora (35 portzentaje-puntuko aldea etorkinak ez diren herritarrekiko). Parte hartze hori, etorkinak ez diren pertsonekin alderatuz, gizarte onurara bideratuago dago, onura pertsonalera baino.
Azterketaren ildo honekin jarraituz, gakoetako bat zifra esanguratsu batean aurkitu dugu: etorkinak dira, neurri handienean, euren parte hartzeak azkenean erabilgarritasun gutxi duela uste dutenak.
(7. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urte eta gehiagoko pertsonak euren parte hartzearen erabilgarritasunaren inguruko iritziaren arabera eta herritar etorkinak (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Baieztapen horrek, printzipioz arestian eskainitako gainerako datuekin guztiz kontraesankorra litzatekeenak, argi uzten du interesaren, parte hartzeko nahiaren eta erabilgarritasunari buruzko gure iritziaren artean talka gertatzen dela. Beharbada parte hartzeko prozesuetan dagoen gardentasun faltarengatik? Gure parte hartzeak sortzen duen eraginari buruzko informazio falta? Gaur egun dauden kanalen muga?
Baieztapen horiek ederto bideratu zitezkeen parte hartzera, beti egon den horretara, aurrean “e”rik ez daramanera. Zer eginkizun dute orduan IKTek herritarren parte hartzean?
Ikerketak argi uzten du IKTak gehiago erabiltzea (adibidez, Internet gehiago erabiltzea) zuzenean lotuta dagoela gehiago parte hartu nahi izanarekin, parte hartze horren erabilgarritasunaren pertzepzio handiagoarekin eta parte hartzerakoan arrazoi nagusi gisa gizarte onura lortzea eta erabakietan parte hartzea izatearekin. Beraz, badirudi guztiz desegokia izango zela aukera horri bizkarra ematea. Azter dezagun, beraz, ezinbestekoa den parte hartzearen beste aldeetako bat: parte hartzeko bideen eskuragarritasuna. ¿Zein egoeratan dauden euskal administrazioek eskainitako bitarteko eta bideak1 bide digitalen bidez herritarrek parte har dezaten sustatzeko?
Orokorrean ohikoenak diren akats batzuk azpimarra ditzakegu, txosten honetan jarraitutako ikuspuntuaren arabera bide horien bitartez herritarrek parte hartzeko oztopo gisa ikusten ditugunak:
Horrela bada, gomendioak idazterakoan, datuek bultzatzen gaituzte e-parte hartzea sustatzeko eta zabaltze ekintza berriak abian jarriko lituzkeen helmuga baterantz zuzentzera; une honetan bideratzen ari diren herritarren parte hartzeari buruzko praktika onen ikusgarritasunera edo e-parte hartzerako aholkularien irudia sortzera. Azken horiek parte hartzea tokiko esparrutik IKTak erabiliz parte hartzea dinamizatzeaz arduratuko lirateke, nahia eta motibazio partikularra edo parte hartzearen erabilgarritasuna bezalako alderdietatik sortutako ustezko oztopoak lantzeko.
Era berean, IKTen bidez herritar guztiek parte hartzeko aukerak areagotzen eta bermatzen dituzten neurrien burutzapena azpimarratzeko beharra ondorioztatzen da, eskainitako kanaletan irisgarritasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko ekintzen bidez; gizartean mugikorra barneratu izana erabili behar da m-government delakoaren zerbitzu berriak garatzeko; eta estrategia eta arau esparrua garatu behar da herritarrek parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko (bai Eusko Jaurlaritzatik, bai aldundi eta udaletatik) plan zuzentzaileak, estrategiak eta araudiak idatziz (legeak, dekretuak, erregelamenduak), bertan herritarren parte hartzearen helburuak, eskainiko diren mekanismoak, horien kudeaketa, IKTen zeregina edo bere jasangarritasunerako baliabideen bermeak argi eta garbi arautu daitezen.
1 Ikerketa prozesuan zehar parte hartzera gonbidatutako herri administrazioen azterketari buruzko datuak, txosten berezi honen atal metodologikoan behar bezala zehaztutakoa.
3.8. Ararteko erakundeak eten digitalei aurre egiteko euskal herri-administrazioei eta erakundeei helarazitako gomendioen xehetasunak biltzen dituen koadroa
Ondorengo koadroak txosten berezi honetan egin diren hainbat gomendioen eta sarbide-, erabilera-, eskuratze- eta parte hartze-eten digitalen arteko gurutzatzea eskaintzen du. Horrela, identifikatutako errealitatea eta hobetzeko proposamenak errazago ulertu ahalko dira.
Gomendioa | Sarbide-eten digitala | Erabilera-eten digitala | Eskuratze-eten digitala | Parte hartze-eten digitala |
Tokiko agenda digitalen sorrera sustatzea | X | X | X | |
Interneterako sarbidea funtsezko eskubide gisa bultzatzea | X | |||
Ekintza berritzaile eta elkarlaneko ekintzak sustatzea eten digitalak murrizteko | X | X | ||
Jarrerak eraldatzea, zabaltzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak abian jarriz | X | X | X | |
IKT eta ikaskuntza bizitzan zehar | X | X | ||
Gaitasun digitalen gaineko marko estrategikoa definitzea | X | X | ||
Eten digitalak murrizteari lotutako ekimen publiko, pribatu eta hirugarren sektoreko ekimenen baliabide eta tresna guztien ikuspena hobetzea | X | X | X | |
Gaitasun digitalak eskuratzeko prozesuetan berrikuntzak sartzea | X | X | ||
Gizarteratzeari eta gizarte sustapenari lotutako gaitasun digitalen gaineko prestakuntza ekintzak areagotzea | X | X | X | |
Arriskuan dauden edo eten digitalak dituzten kolektiboei e-administrazioa gerturatzea | X | X | ||
E-inklusioari lotutako profil profesional berriak sortzea | X | X | X | |
IKT eta adinekoen arteko gerturatzea bultzatzea | X | X | X | |
Aniztasun funtzionala pairatzen duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzea IKTen bidez | X | X | X | |
Prestakuntza okupazionaleko programetan IKT gaikuntza areagotzea | X | |||
Internetaren erabilera segurua bultzatzea ikuspegi global eta integratzaile batetik abiatuta | X | X | X | |
IKTen arloan, elkartasunaren, konpromisoaren, sormenaren eta berdintasunaren balioei lotutako prestakuntza lantzea biztanle adingabe eta gazteen artean | X | |||
Arriskuan dauden edo gizarte bazterkeria pairatzen duten gazte eta adingabeei arreta berezia eskaintzea | X | X | ||
IKTen gaineko jarrerak eta erabilerak hizpide dituzten azterlanak eta ikerketak areagotzea (oztopoak, inhibitzaileak, motibatzaileak...) | X | X | X | X |
Informazioaren gizarteari buruzko estatistika ofizialetan kolektiboak barne hartzea eta adierazle berriak sortzea eta gaineratzea | X | X | X | X |
Gaitasunak eta zerbitzu bikoiztuak berriro antolatzeko protokoloa | X | X | X | X |
Berdintasunaren bermea funtzio publikoan | X | X | X | |
Eusko Jaurlaritzako herri-administrazioen atarien irisgarritasuna eta erabilgarritasunaren bermea | X | X | X | X |
Herritarrek IKTen bitartez Euskadiko gai publikoetan parte hartzeko daukaten eskubidea aitortzen eta arautzen duen araua (lege maila duena) eratzeko proposamena | X | |||
Euskadin, IKTen bidez, herritarren parte hartzeari buruzko agiri estrategikoa eratzea | X | |||
Informazioaren ardura partekatuaren eredurantz iragaitea sustatzea, informazio neutral, objektibo eta kalitatekoa bermatuz | X | |||
Euskal Autonomia Erkidegoko udalek herritarren parte hartzea, IKTen bidez, erregulatzen duten araudiak onar dezaten sustatzea | X | |||
Kultura parte hartzailea sustatzea herritarren artean, Eusko Jaurlaritzako politikak eratzerakoan parte hartuz | X | |||
Adingabeen parte hartzearen irekiera bultzatzea | X | |||
Biztanleen artean herritarren parte hartzearen motibazioak eta onurak (“zertarako”) zabaltzea | X | X | ||
Administrazio orokorraren, tokiko administrazioaren eta foru aldundietako funtzionarioak prestatzea eta sentsibilizatzea herritarren parte hartzearen arloan (IKTen bitartez) | X | |||
Herritarren ekimenak aitortzea eta laguntza eskaintzea | X | |||
Herritarren ekimenak aitortzea eta laguntza eskaintzea | X | X | ||
Identitatea kudeatzeko teknologiak garatzea | X | |||
Parte hartzeko teknologia irekiak | X | |||
E-parte hartzerako egokitutako kanal digitalen irisgarritasuna eta erabilgarritasuna ziurtatzea | X | X | ||
Open data herritarrei hurbiltzea (kontsumoa dinamizatzea herritarren parte hartzea handitzeko) | X | |||
Mobile government (mGov) zerbitzu publikoetan eraginkortasun eta inklusio handiagoa lortzeko | X | X | X | |
Herritarrek parte hartu dezaten tresna berriak diseinatzeko jarraitu beharreko irizpideak | X | |||
Euskadin, gizartean eta eremu publikoan e-parte hartzeari buruzko azterlanak eta ikerketak areagotzea | X |