1.2.6. Aisia
Dirudienez, gaur egun haurren eta nerabeen aisia pasiboagoa da eta kanpoan garatzen ez diren mugimendu gutxiko jarduerek garrantzi handiagoa dute beste belaunaldi batzuekin alderatuz, batez ere, hiri eremuetan bizi direnen artean. Bestalde, ematen du joera argia dagoela antolatutako eta zuzendutako aisiaren alde, arauen bidez erregulatutakoa, heldu baten ikuskapen edo kontrolaren menpe dagoena (eskolaz kanpoko ekintzak, udalekuak, ludotekak...) eta lan merkatuaren eskakizunek eta familia eta lana bateratzeko zailtasunek baldintzatzen dutena.
Bestalde, adingabeen aisialdia gero eta gehiago ikasketei lotutako jarduerek betetzen dute (1,64 orduko bataz bestekoa etxerako lanak egiteko eskolako ordutegitik kanpo 11 eta 17 urte bitarteko neska-mutilen kasuan), bai eta eskolako lanekin laguntzeko edo hizkuntzak edo musika ikasteko eskolaz kanpoko jarduerek ere, Kasu batzuetan, gurasoek behartuta eskolako emaitzak txarrak izan direlako edo ikaskuntzak hobetzeko.
Banakako jolasak gero eta ohikoagoak dira (haurrek denbora gehiago pasatzen dute bakarrik lehen baino) eta 11 eta 17 urte bitarteko 10 adingabetatik ia 2 astean zehar egunean 2 ordu inguru egoten da ordenagailuarekin edo kontsolarekin jolasten. Telebistak indarra galdu du ordenagailuaren erabileraren aurrean. Hala ere, 11 eta 17 urte bitarteko euskal populazioaren erdia baino gehiagok (% 55,7) telebista ikusten du (bideoak eta DVDak barne) astean zehar egunean 2 ordu edo gehiago.