3.2. Jabetza pribaturako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 33. artikulua
"1. Jabetza pribaturako eta jaraunsletzarako eskubidea onartzen da.
2. Eskubide hauen funtzio sozialak bere edukia mugatuko du, legeekin bat.
3. Inori ezingo zaio ondasun eta eskubiderik kendu baliagarritasun publiko edo gizartearen interesarengatik ez bada, beharrezko kalteordainketaren bitartez eta legeek ezarritakoaren arabera".
Jabetza pribaturako eskubidearen edukia, bestalde, eskubide horri Konstituzioan ematen zaion funtzioak mugatzen du. Hori dela-eta, lursail bateko jabeak eraikitzeko jasaten duen muga eta zorua udalaren hirigintzako plangintzarekin bat etorriz erabiltzeko duen betebeharra justifikatu egiten dira gure hiri eta herrien arrazoizko garapenaren gizarte interesarekin.
Jabetza eskubideak erabilera, gozamen eta ustiapen ahalmenak barne hartzen ditu, lurrari buruzko legediarekin eta hirigintza antolamenduarekin bat. Hiri lurra eraldatu eta hartan eraikitzeko ahalmena botere publikoen eskumena da, eta ez jabetza eskubidearen berezko ahalmen bat. Horregatik, lur jabeen eskubide eta betebeharrak kasuan kasuko hirigintza legediaren arabera gauzatzen dira.
Gora egin du hirigintzaren kudeaketatik heldutako kexen kopuruak (urbanizazio gastuen ordainketa, berriro bizilekua emateak).
Jabe batzuek zalantzan jartzen dituzte udalen jarduera legitimoak, lanak egiteko edo erabilera aldaketak egiteko baimenak ukatzen dituztenean udal plangintzaren aurkakoak direlako.
Higiezinen merkatuko egungo krisi egoeran, hirigintzaren arloko gatazka maila jaitsi egin da, hirigintza eta eraikuntza zereginen jaitsiera nabarmenaren ondorioz.
Ondare erantzukizunaren irudiak esan nahi du herritarrek ondarean jasandako kalteengatik kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dutela horiek zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izan badira, eta horrek oraindik kexak sorrarazten ditu.
Eragindako kalteak ordaintzearen izaera objektiboak eragiten du beharrezkoa ez izatea errua edo axolagabekeria egotea zerbitzu publikoen jardun edo jardun ezean. Izan ere, nahikoa zen kausalitate erlazioa frogatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu normalarekin edo normala ez denarekin eta eragindako lesioarekin.
Administrazio publikoak, orokorrean, ez dira eragindako kalteen erantzukizuna onartzearen aldeko izaten, eta, askotan, beharrezkoa izaten da erantzuteko betebeharraren izaera objektiboa.
Derrigorrezko desjabetzeen arloan, zenbait kexa aurkeztu dira desjabetutako lursailak itzultzeko eskaerak –hain zuzen ere lursail horiek bere garaian afektazioa eragin zuen xederako erabili ez direlako– izapidetzerakoan geroratzeagatik. Administrazioak, batzuetan, hiru urte behar izan ditu erreklamazio-egileei erantzuteko eskatzen zuten lursail-itzulketa ez dela bidezkoa.