3.1. Zerga-sistema bidezkoa. Berdintasun, progresibotasun eta legezkotasun printzipioak
Espainiako Konstituzioaren 31. artikulua
"1. Herritar guztiek lagunduko dute gastu publikoei eusten, nork bere ahalmen ekonomikoarekin bat, zergen sistema bidezko baten bitartez, berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituta, eta sistema horrek inola ere ez du edukiko konfiskatzeko gaitasunik.
2. Gastu publikoak baliabide publikoen esleipen zuzena egingo du, eta bere programazioan eta gauzatzean eraginkortasun eta ekonomia printzipioei eutsiko die.
3. Prestazio pertsonal edo ondareprestazio publikoak legearekin bat bakarrik ezarri ahal izango dira".
PFEZ da kexa gehien eragiten dituen zerga. Hiru lurralde historikoetan zerga hori arautzen duten foru arau berriek garrantzizko berritasunak gehitu dituzte eta, denborak aurrera egin ahala, arauon aplikazioak arazo gutxi sortu ditu.
Planteatzen diren gaiak askotarikoak dira eta kasu ugari dituzte oinarri:
Tokiko zergen esparruan, kexa batzuk jaso dira ondasun higiezinen gaineko zergaren, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eta hiri-lursailen balio-gehikuntzaren gaineko zergaren aplikazioa dela eta.
Kudeaketa errazteko eta azkartzeko asmoarekin tokiko erakunde batzuek nahitaez helbideratzen dute zerga zor jakin batzuen kobrantza. Batetik, ordaintzeko modu hori nahitaezkoa izatea eta, bestetik, bestelako ordainketa bitartekoen murrizketa, toki entitateen ahalmenen gehiegikeria bat dira, foru araudian estaldurarik ez duena.
Bereziki dramatikoa da, berme hipotekarioa exekutatu ondoren beren etxebizitza galdu duten pertsonen egoera. Hain zuzen, pertsona horiek egoera horretara iritsi dira hitzartutako ordainketei ezin aurre egitearen ondorioz. Batzuetan, pertsona horiek, beren etxebizitza galtzeaz gainera, maileguen zati baten zordunak izaten jarraitzen dute, eta hala eta guztiz ere, ondasunaren transmisioak eragiten dituen zerga-likidazioak ordaindu beharrean aurkitzen dira, zeren eta toki entitateek hiri-lursailen balio-gehikuntzaren gaineko zerga –plusbalioaren zerga izenaz ezagutzen dena– bidaltzen baitiete, ordain dezaten.
Justizia materialaren ikuspuntutik, jotzen dugu derrigortutako transmisioek zerga horretatik salbuetsita egon beharko luketela. Hori dela eta, gomendio orokor bat egin da, zerga horiek araupetzen dituzten foru arauak eta udal ordenantzak alda daitezen, hain zuzen ere zerga ordaintzetik salbueste aldera ohiko etxebizitzaren gaineko exekuzio hipotekarioen ondoriozko sailen transmisioak.
Aurreko urteetan bezala, kexa ugari eragin ditu Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga erregulatzen duen araudiak ezinduentzat ezarritako salbuespena era murrizgarrian aplikatzeak. Erabateko ezintasuna onartuta daukaten pertsonek salbuespen hori ere erreklamatzen dute.
Tasei dagokienez, zerbitzuaren prestazio erreal eta eraginkorra kexatzeko gai da oraindik, adibidez, zaborraren tasaren kasuan.
Era berean, asko gehitu dira uraren tasaren fakturazioaren inguruko kexak, batez ere hornidura erregularizatzeko prozesuen ondorioz, erabiltzaileen aldaketak higiezina hornitzeko kontratuan ez islatzeagatik.
Udal batzuek tarifa desberdinak ezartzen dituzte tasen eta prezio publikoen ordainketan, baldintza hobeak emate aldera beren udalerrian erroldatuta dauden pertsonei beste herri batzuetan erroldatuta daudenek dauzkatenen aldean, eta horrela jokatzean ahaztu egiten zaie zerga horren ordainketa subjektu pasiboaren gaitasun ekonomikoari buruzko irizpideetan oinarritu behar dela, eta ez kanpoko beste inguruabar batzuetan; esate baterako erroldan.