3.10. Mendetasuneko egoeran dagoen pertsonak eskatutako zerbitzuak eta prestazioak
Metodologiari buruzko kapituluan aurreratu legez, zerbitzuei eta prestazioei buruzko atal honetan eta hurrengoetan AMALeko katalogoan (15. artikulua) berariaz jasotzen diren zerbitzuei eta lege testu horretan sartutako prestazio ekonomikoei buruz baino ez dugu hitz egingo.
AMAL gidatu duen printzipioetako bat, adierazi denez, mendetasuneko egoeran dauden pertsonen eta, hala dagokienean, haien senideen eta ordezkatzen dituzten erakundeen parte hartzea da (3. k artikulua). Horrela, Banakako Arreta Programa egiterakoan, bertan esku hartzeko modurik egokienak ezartzen baitira, onuradunari edo haren ordezkariari bere gradu eta mailarako ebazpenean aurreikusitako zerbitzu eta prestazio ekonomikoen aukera proposatuen artean lehenago galdetzea eta hark hautatzea aurreikusten da.
3.10.1. Mendetasuneko egoeran dagoen pertsonak eskatutako zerbitzuak
Araba eta Bizkaiari dagokienez, honako datuak mendetasuneko egoeran dagoen pertsonak, BAP egitearen karietara, eskatzen dituen zerbitzuei buruzkoak dira.
Gipuzkoari dagokionez, prozedura bizkortzeko, zerbitzuen eskaera hasieran erregistratzen da, pertsonak oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen duenean.
Era batera edo bestera izan, datu horiek herritarren premiei eta haien lehentasunei, zein zerbitzu horien eskariak daukan banaketari buruzko informazioa ematen digute.
Hala ere, argitu behar da telelaguntza zerbitzua, mendetasuneko egoeran dauden pertsonen kasuan, ez dela ia inoiz isolaturik eskaintzen.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du 2007ari buruz daturik eman.
ESKATUTAKO ZERBITZUAK | |||||||||||||
Telelaguntza | Etxeko laguntza zerbitzua (ELZ) | Eguneko zentroa | Gaueko zentroa | Egoitza-zentroa | GUZTIRA | ||||||||
Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | ||
ARABA | 2007 | 258 | 9,72 | 959 | 36,15 | 392 | 14,78 | 0 | 0 | 1.044 | 39,35 | 2.653 | 100 |
2008 | 260 | 22,75 | 562 | 49,17 | 47 | 4,11 | 0 | 0 | 274 | 23,97 | 1.143 | 100 | |
2009 | 313 | 17,61 | 1.040 | 58,53 | 112 | 6,3 | 0 | 0 | 312 | 17,56 | 1.777 | 100 | |
BIZKAIA | 2007 | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- | -- |
2008 | 678 | 6,48 | 3.824 | 36,57 | 1.666 | 15,93 | 39 | 0,37 | 4.250 | 40,64 | 10.457 | 100 | |
2009 | 1.180 | 12,9 | 4.687 | 51,24 | 1.263 | 13,81 | 63 | 0,69 | 1.954 | 21,36 | 9.147 | 100 | |
GIPUZKOA | 2007 | 243 | 8,37 | 923 | 31,81 | 663 | 22,85 | 0 | 0 | 1.073 | 36,97 | 2.902 | 100 |
2008 | 694 | 16,01 | 1.062 | 24,5 | 895 | 20,65 | 0 | 0 | 1.684 | 38,85 | 4.335 | 100 | |
2009 | 737 | 18,02 | 852 | 20,84 | 824 | 20,15 | 0 | 0 | 1.676 | 40,99 | 4.089 | 100 |
Orokorrean, ikusten da etxeko laguntza zerbitzua (ELZ) eta egoitza-arreta nahiago direla. Gaueko zentroak Bizkaian baino ez dauka eskaerarik, kasu gutxitan.
Ohartu garenez, Araban eta Bizkaian lehenengo fasean egoitza-arreta zerbitzu batera zuzendutako eskaerak gerora gertatutakoak baino askoz gehiago izan ziren. Beharbada horretan zerikusia izan zuen erantzundako lehenengo kasuak larrienak izateak, AMALen mailakako aplikazioaren arabera. Gipuzkoan ekitaldiz ekitaldi joan dira hazten.
Gipuzkoan izan ezik, beste lurraldeetan eguneko zentroak gutxiago eskatu dira 2008an eta 2009an aztertutako lehenengo urtearen aldean.
Telelaguntza zerbitzuak, EAE osoan, eskaera gehiago izan ditu urtetik urtera.
Honako grafikoetan, eskatutako zerbitzuen banaketa islatuko dugu, lurralde historikoen eta urteen arabera.
a) 2007. urtea
Arestian adierazi legez, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeei buruzko datuak baino ez dauzkagu.
2007an, eskatutako zerbitzuek honako banaketa daukate:
Telelaguntza | ELZ | Eguneko zentroa | Gaueko zentroa | Egoitza zentroa | ||
Araba | 2007 | 9,72 | 36,15 | 14,78 | 0 | 39,35 |
Gipuzkoa | 2007 | 8,37 | 31,81 | 22,85 | 0 | 36,97 |
Ikusten denez, kasu bietan egoitza-arretaren eskaerak nagusitzen dira.
Lurralde horietan banaketa antzekoa da baina, Araban ELZren eta eguneko zentroen eskaeren arteko aldea Gipuzkoan baino handiagoa da; lurralde esparru bietan zerbitzu bien eskaeren batuketa gertatutako eskaera guztien %50 baino handiagoa da.
b) 2008. urtea
Jarraian, 2008an eskatutako zerbitzu guztien banaketa islatuko dugu grafikoki.
Telelaguntza | ELZ | Eguneko zentroa | Gaueko zentroa | Egoitza zentroa | ||
Araba | 2008 | 22,75 | 49,17 | 4,11 | 0 | 23,97 |
Bizkaia | 2008 | 6,48 | 36,57 | 15,93 | 0,37 | 40,64 |
Gipuzkoa | 2008 | 16,01 | 24,5 | 20,65 | 0 | 38,85 |
Bizkaiak eta Gipuzkoak arestiko atalean adierazitako antzeko ildoei jarraitzen dieten bitartean, Araban ELZren eskaeren proportzioa nabarmen hazi da, egoitza-arretaren eskaerak asko jaitsi direlako.
c) 2009. urtea
2009an, eskatutako zerbitzuek honako banaketa izan zuten, lurralde historikoen arabera.
Telelaguntza | ELZ | Eguneko zentroa | Gaueko zentroa | Egoitza zentroa | ||
Araba | 2009 | 17,61 | 58,53 | 6,3 | 0 | 17,56 |
Bizkaia | 2009 | 12,9 | 51,24 | 13,81 | 0,69 | 21,36 |
Gipuzkoa | 2009 | 18,02 | 20,84 | 20,15 | 0 | 40,99 |
Araban, aurreko urteko joerari jarraituz, berriz hazi dira ELZen eskaerak. Bizkaian aurreko ekitaldian Araban ikusitakoaren antzeko bilakaera gertatu da. Gipuzkoak aurreko urteen antzeko banaketari eutsi dio.
Hiru ekitaldietarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eguneko zentroen eta egoitza-zentroen eskaeren banaketa haien tipologiaren arabera ere eman digu, eta hori oso interesgarria da. Horrela, eguneko zentroei dagokienez, ikusten dugu eskaeren %89 inguru adinekoentzako zentroei dagozkiela, %5 minusbaliotasuna duten pertsonentzako zentroei eta %6 osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei arreta emateko zentroei. Egoitza-arretako zentroen eskaerei dagokienez, %81 inguru adinekoei dagozkie, % 3 eta 4 artean minusbaliotasuna duten pertsonei; %2 baino zerbait gehiago buruko osasuneko arazoak dituzten pertsonei, eta %13 inguru zentro soziosanitarioei.
3.10.2. Mendetasuneko egoeran dauden pertsonek eskatutako eta administrazioak agindutako prestazio ekonomikoak
AMALen jasotako hiru prestazio ekonomikoei dagokienez, datu fidagarri batzuk dauzkagu eskatutakoen eta agindutakoen kopuruari buruz.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du 2007ari buruz daturik eman. Gipuzkoan prestazio ekonomikoak ez ziren 2008 arte izapidetzen hasi.
Zerbitzuari lotutako prestazioa | Familia inguruneko zaintzetarako prestazioa | Laguntza pertsonalerako prestazioa | |||||
Eskatuak | Aginduak | Eskatuak | Aginduak | Eskatuak | Aginduak | ||
Araba | 2007 | 430 | 375 | 2.179 | 1.918 | 0 | 0 |
2008 | 209 | 121 | 1.246 | 1.032 | 3 | 0 | |
2009 | 174 | 105 | 1.775 | 1.695 | 0 | ||
Bizkaia | 2007 | ||||||
2008 | 1.913 | 0 | 4.763 | 4.320 | 932 | 10 | |
2009 | 599 | 0 | 4.978 | 3.955 | 615 | 4 | |
Gipuzkoa | 2007 | ||||||
2008 | 224 | 218 | 5.905 | 5.808 | 861 | 830 | |
2009 | 222 | 206 | 5.229 | 5.156 | 615 | 597 |
Hiru lurraldeetan, besteekiko alde handiz, prestazio ekonomikorik eskatuena familia inguruneko zaintzetarakoa da. Behin eskatuta, portzentaje handi bati agintzen zaio, bai Araban bai Gipuzkoan eta Bizkaian. Batez ere Gipuzkoan izandako ehunekoa nabarmentzen da. egondako eskaeren %98 inguruk foru erakundearen aldeko erantzuna jasotzen dute. Araban eta Bizkaian portzentaje hori %80 eta %95 inguruan dago.
Gipuzkoan, zerbitzuari lotutako prestazioa egondako prestazio ekonomikoen eskaeren %3 eta 4 inguru dira; kasuen %90ean prestazioa onartua da lurralde horretan.
Bizkaian, aldiz, prestazio horren eskaeren %100ek kontrako erantzuna jasotzen dute. Hori hala da foru lurralde horretan prestazio mota hori ez dagoelako araututa[67]. Hura arautzeko komenigarritasunaz eta hura ez egoteak herritarrentzat dauzkan ondorio txarrez izapidetutako kexen azterketari buruzko 5.7. atalean hitz egin dugu.
Araban zerbitzuari lotutako prestazioen %87,20 onartu ziren 2007an; %57,89 2008an; eta %60,34 2009an.
Laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoari dagokionez, azpimarratu behar dugu Araban eta Bizkaian ez daukala batere eraginik eta Gipuzkoan maiz ematen dela. Bizkaian, gainera, eskaera asko egiten dira.
Gipuzkoaren eta beste lurralde bien arteko alde handi horren zioa honakoa da: Gipuzkoako Foru Aldundiak, prestazio hori esleitzeko, mendetasun handiko egoeran dagoen pertsonak hezkuntza edo lana izateko laguntza jasotzen duen kasuak ez ezik –beste lurralde bietan bezala–, laguntza "eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko bizimodu autonomoagoa" (AMALeko 19. art.) lortzeko jasotzen duen kasuak ere jasotzen ditu. Egindako eskaera guztien %96-97 inguru onartzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako informazioaren arabera, ukatutako kasu bakanen arrazoia da zaintzaile profesionalak Gizarte Segurantzan alta eman ezin izatea izan da, bizileku edo lan baimenik ez izateagatik.
[67] Jasotako datuei buruzko azterketa hau ixteko datan, araudia argitaratu gabe zegoen. Txosten honetan esparru juridikoaz diharduen kapituluan adierazi legez, prestazio hori arautzeko lehenengo dekretua 2010eko uztailaren 9an argitaratu zen.
3.10.3. Mendetasuneko egoeran dauden pertsonek eskatutako eta administrazioak agindutako laguntza teknikoak edo laguntza produktuak eta etxebizitza egokitzeko laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiak honako datuak eman dizkigu halako laguntzetarako eskatutako eta agindutako prestazio kopuruari buruz.
Laguntza teknikoa edota etxebizitzaren egokitzapena | |||
Eskatuak | Aginduak | ||
Gipuzkoa | 2007 | 3.326 | 2.386 |
2008 | 5.635 | 4.576 | |
2009 | 7.077 | 6.439 |
2007an, eskatutako laguntzen %71,74 agindu ziren. Ehuneko hori 2008an hazi zen, %81,21 arte, eta berriz ere 2009an, %90,98 arte.
Arabako Foru Aldundiak ez du hitz egin eskatutako kopuruari, onartutakoari baizik, eta 2009ko datuak baino ez dizkigu bidali. Horrela, jakinarazi digu urte horretan autonomiarako 275 laguntza onartu zirela 213 laguni. Haietatik, %14,55 adinekoak ziren; gainontzekoak, minusbaliotasuna zuten pertsonak.
Bizkaian, Aldundiak emandako informazioa aztertutako hiru ekitaldietan laguntza produktuak erosteko laguntza ekonomikoak jaso dituzten onuradun kopuruari buruzkoa da.
URTEA | Onuradunak |
2007 | 106 |
2008 | 132 |
2009 | 526 |
Gipuzkoako eta beste lurralde historiko bietako datuen artean ikusitako alde handiaren arrazoia da, txosten honetako 2.10.2 atalean aurreratu dugunez, Gipuzkoan xede horretarako banakako laguntzen programa herritar guztiei dagoela zuzenduta, adina mugatu barik. Egoera hori AMAL indarrean sartu aurretik ere gertatzen zen.