4. Diagnostikoa. Arazo komunak
Honaino, aurreko atalean, urrakortasun bereziko egoera edo sektore bakoitzaren arazoak aztertu ditugu, banaka-banaka. Hala jarduteko moduak, txostenaren lehen lerroetatik adierazi bezala, bere abantailak eta oztopoak ditu. Egoera bakoitza detaile edo zehaztasun handiagoz aztertzeko aukera ematen du, baina ez du egoera ezberdinen artean dauden erlazioak, euren artean tarteka gertatzen den jarraitutasuna, eta gutxiago edo gehiago partekatzen dituzten arazoak ikusarazi eta nabarmentzeko ikuspegi globalik ahalbidetzen. Azken hori da atal berri honetan bilatzen duguna.
Erantzun nahi dugun gaia hau da: Ba ote da arazo komunik, egoera batean eta bestean errepikatzen denik? Aztertutako sektore guztiei edo askori eragiten dieten zeharkako elementu sorta gisako bat, euren beharrizanei ematen zaien erantzuna baldintzatzen dutenak.
Beraz, hemen behin eta berriz behatutako alderdi batzuk azpimarratuko ditugu, batik bat urrakortasun bereziko egoeren aurrean erakundeen ekintzei eragiten dietenak; errepikatzen diren elementu kezkagarriak dira, gure iritziz, eta egoera horietan dauden adingabeen esku-hartzeen izendatzaile komunen gisako zerbait dira; elementu kezkagarriak dira ikuspegi bermatzaile batetik, hobekuntzak behar dituztenak eta benetako erronkak direnak, bai pertsona hauen eskubideen defentsan, bai esku-hartze eraginkorragoa lortu nahi baldin badugu.
Urrakortasun bereziko egoeran dauden adingabeen beharren erantzunaren ahuleziak dira, gure ekintzetan identifikatu ahal izan ditugunak. Errealitate zehatz baten azterketan oinarritzen da, Euskadikoan, baina ziurrenik beste egoera eta leku batzuetara estrapolatu litezke horietariko asko.
Arartekoaren erakundearen ezaugarri eta funtzioei jarraiki, azterketa, ikusiko denez, adingabeen arretan gure "sistemek" zuzenean dituzten muga, arazo eta ahulezietan oinarritzen da: Umeak babesteko sistemak; hezkuntza sistema; gazte-justiziaren sistema; osasun sistema… Ikuspegi horrek bigarren maila batean uzten ditu beste elementu garrantzitsu batzuk: familia giroa –aztertutako hainbat egoeratan gakoa dena– edo zenbait egiturazko faktore, askotan, urrakortasun egoeren erroan daudenak.
Bestela esanda: egia da urrakortasun bereziko egoerei emandako erantzunetan gertatzen diren arazoen zati bat gure sistemaren ahuleziei egotzi ahal zaiela –eta horietan zentratuko ginateke hemen, horietan baitugu eskumena–, baina ez dugu ahaztu behar, sarritan, egoera horiek sortzea ez dela izaten euren ondorio, ezpada "kanpoko" kausena.
Horrela, adibidez, adingabeen eskubideentzako arrisku-egoeren zati on baten jatorria hau da, dudarik gabe: eskubideok bermatu behar dituztenek (familiak, adibidez) ez dute funtzio hori betetzen edo ez behintzat behar bezala, edozein direla horretarako motiboak. Beste batzuetan, adingabearen edo bere eskubideen arrisku egoeraren jatorria –berehalako jatorria bai behintzat– adingabearen beraren ekintzetan (kontzienteak zein ez) aurki daiteke. (Izan bitartez horren adibide nerabeen droga-kontsumoaren praktika arriskutsuak.)
Oso garrantzitsua da mota horretako kausak aintzat hartzea, batik bat urrakortasun bereziko egoerak prebenitu edo saihetsi nahi direnean; eta ez haien erantzutea, behin gertatu ondoren. Hemen, halere, erantzunen akatsetan zentratuko gara eta, bereziki, erakundeen erantzunetan sumatu ohi diren akats, arazo edo mugetan.
Azaldutako egoeren jarraipenean urte hauetako gure esperientziari jarraiki, eta ikuspegi horretatik, hamaika ahulezi azpimarratuko ditugu hemen, bereziki esanguratsutzat jotzeagatik:
1. Zerbitzu espezializatuen eta ohiko artapen-sareen artean erantzukizuna hartzeko eta erlazionatzeko arazoak
Urrakortasun bereziko edo arrisku egoera askoren aurrean, batzuetan legearen eskakizunez, erakundeen erantzuna askotan zerbitzu espezializatu jakin batean zehazten da. Horren adibide dira babesgabetasun edo arrisku larriko egoeran dauden adingabeen egoitza-harrerarako etxebizitza edo zentroak, edo nerabe arau-hausleentzako barnetegiak...
Askotan, zerbitzu espezializatu horien existentziak ohiko sareen esku-hartzea gutxitzen du, edo sarearen inplikazioa edo erantzuna murrizteko aitzakia gisa erabiltzen da. Ohiko hezkuntza sarearen, osasun-sarearen, oinarrizko gizarte zerbitzuen sarearen eta bestelako sareen erantzunaz ari gara. Ematen du aitzakia erraz bat badela: Zerbitzu espezializatuak badirenez gero, haiek artatu ditzatela adingabe hauek. Arreta deitu beharra dago, hori gertatzen denean, instituzionalizazioarekin lotutako arriskuak areagotu egiten dira (beharrizan guztiak zentro espezializatuaren baliabideekin bete behar direlako), adingabeen normalizazioa eta gizarteratze aukerak gutxitzen diren aldi berean.
Adibidez, aipa dezagun Justiziarekin arazoak dituzten nerabeen kasua. Argia eta funtsezkoa da zerbitzu ezberdinek (hezkuntzak, osasun-sistemak, gizarte zerbitzuek, poliziak…) egin dezaketen prebentzio lana adingabe horiei eta euren familiei buruz, bai delitua egin aurreko denbora-tartean, bai neurri judizialak ezarri aurretik eta ondoren. Eta argi dago ere ohiko sareen inplikazioa, barnetegiratzea bezalako neurri zorrotzak aplikatzeko denboran zehar, abantaila handikoa dela.
Antzeko zerbait gertatzen da, kasu askotan, bakarrik dauden atzerriko adingabeekin –euren hezkuntza beharrizanei ez zaienean erantzuten inguruko ohiko zentroetan edo Hezkuntza pertsonalarekin, ezpada harrera-baliabideetan bertan edo eurek kontratatutako pertsonalarekin–, edo, ziurrenik maila apalagoan, hezkuntza beharrizan bereziei erantzuteko pertsonal edo gela espezifikoak izanez gero, edo adimen-osasuneko edo portaera-arazo larriak dituzten nerabeak artatzeko arreta psikiatrikoko zerbitzuak kontratatzen direnean, ohiko osasun-sistemak eskaini dezakeen erantzunaren aldean... Asko dira jar ditzakegun adibideak.
Oro har, borondate onenarekin aurrera eramandako ekimenak dira eta, zehazki, betetzen ez diren edo atzeratzen diren beharrizanen erantzunak bestela lortzeko. Dudarik gabe, hobe da beharrizanei erantzutea ez erantzutea baino. Baina kezkagarria da zerbitzuetan eragin dezakeen inplikazio falta edo inhibizioa, sistemaren antolaketari jarraiki, dagokien arreta emateko ardura zerbitzuena izanik.
Arartekoaren erakundeari dagokion ikuspegiaren arabera, premiazkoa da arrisku horiek saihestea eta ohiko zerbitzuen inplikazioa hobetzen laguntzea, erresistentziak garaitzea, egotekotan, eta oinarrizko eskubideekin lotutako irizpideei irmotasunez eustea, hala nola, hamasei urtera bitartean denak derrigorrez eskolaratzeko beharra, adingabearen egoera zehatza edozein dela ere.
2. Administrazio eta sail ezberdinetako erakunde eta zerbitzuen arteko koordinazio-arazoak
Ia beti, urrakortasun handiko egoerei erantzuteak, konplexuak izanik, instantzia eta zerbitzu ezberdinen esku-hartzea exijitzen du, batzuetan denboraldi luzeetan. Zerbitzu horiek, askotan administrazio (izan estatuko, autonomiko, lurraldeko, tokiko…) edo sail ezberdinetakoak dira: Gizarte ongizatea, hezkuntza, osasuna… Beraz, esku-hartze koordinatuak behar dituzte, sektore ezberdinetako profesionalen arteko informazio-elkartrukeak, ibilbideen jarraitutasuna, prozesu osoan zehar erreferentzia izan daitezkeen pertsonak...
Askotan, sail edo administrazio (tokiko, probintziako, autonomiko zein estatuko) ezberdinetakoak izatea lan profesionalari erantsi beharreko zailtasun bihurtzen da; zailtasun hori, kasurik onenean, aldeen borondate onari eta ahalegin osagarriei esker gainditzen da.
Horren adibide da osasun-gizartea delako espazioa artikulatzeko zailtasuna (erakunde honek berriki argitaratutako ezohiko txosten batean aztertua), edo babes-sisteman izanik neurri judizialak betetzen ari diren nerabeekiko esku-hartzeak eta ibilbideak koordinatzeko edo koherentzia handiagoz hornitzeko izandako arazoak; kasu askotan gertatzen diren egoerak.
Instantzia eta administrazio anitzen beharrezko esku-hartzeei buruzko datu bereziki esanguratsu bat bakarrik dauden atzerriko adingabeena da: adingabeen fiskaltzek, Gobernuaren azpidelegazioek, foru aldundietako ume-zerbitzuek, polizia ezberdinek (tokikoek, autonomikoek eta estatukoek), osasun-zerbitzuek, hezkuntza-zerbitzuek, udal zerbitzuek eta abarrek esku hartzen dute. Horrek batera jarduteko protokolo ezberdinak garatzea exijitu du.
Koordinaziorik gabe jardutearen ondorioak argiak dira: esku-hartze ezberdinen arteko jarraitutasunik eza edo deskonexioa, hutsuneak, bikoiztasunak, koipe emateak, irizpide bateraturik eza..., eta horiek guztiek ondorio txarrak dakartzate bai zerbitzuentzat (eraginkortasunik eza edo energia eta baliabideen xahutzea), bai adingabeentzat eurentzat (arretarik eza edo arreta inkoherenteak).
Huts eta zailtasun horien aurrean, topagunea ematen du, desideratum gisa, sareko lanaz hitz egiteak. Tamalez, gure artean ez dira asko sareko laneko esperientziak, bereziki hemen aztertutako umezaroko urrakortasun bereziko egoeretan. Edozein kasutan, norabide horretan aurrera egin bitartean, berehala aplika daitezkeen neurri ez anbiziotsuak badira ere, hobekuntza esanguratsuak ekar litzaketenak: koordinazio mekanismoak, esku-hartze protokolo bateratuak, erreferentetzat dauden bi pertsona profesionaletako bakarrak egindako ibilbide osoaren tutoretzak eta jarraipena, sistema informatikoen aprobetxamendua, praktika onen gidak...
3. Baliabideek bete behar dituzten baldintzak edo prozedurak ezarri eta elementu esku-hartzaile guztien erantzukizunak argitasunez zehaztuko dituzten arau-esparruen hutsa edo aski-eza
Erabat sendotutako tradizio handiko zerbitzuetan (izan hezkuntza-sistema, izan osasun-sistema...) egoera ezberdinen araudi bat izan arren (batzuetan oso zorrotzak), baita kontrol, ikuskapen eta ebaluaziorako mekanismoen garapen ikusgarria ere, beste jarduera-esparru batzuetan ez da gauza bera gertatzen (adibidez, adingabeen babesari dagokionez).
Bestalde, urrakortasun egoera bereziko ume eta nerabeen arretari dagokionez, sarritan gertatzen da zerbitzu jakin baten prestazioa elkarte, bilgune edo pertsona-multzo jakin bati delegatzea; entitate horiek zuzenean kudeatzen dute zerbitzu hori eta kantitate ekonomiko bat jasotzen dute horren trukean, bai hitzarmen bidez, bai beste formula baten bitartez (laguntza, kontzertua, kontratua...). Egoera hori, gehiago edo gutxiago, gure inguruko administrazio guztietan gertatzen da. Zehazki, sektore batzuetan besteetan baino gehiago, eta lurralde batzuetan besteetan baino gehiago. Baina oso egoera hedatua da.
Eredu ezberdinek izan ditzaketen abantaila eta desabantailen gaineko eztabaidan sartu gabe (pertsonal funtzionarioa duten titulartasun publikoko zerbitzuak, zerbitzu kontratatuak edo hitzartuak; hirugarren sektorearen ekimenez sortutako zerbitzuak…), behatutako errealitateak, gutxienez, oinarrizkoak iruditzen zaizkigun bi gai azpimarratu nahi ditugu:
1) Urrakortasun bereziko egoeran edo arriskuan dauden adingabeenganako arretaren azken erantzukizuna, alde guztietatik, kasu bakoitzean eskumena duen administrazioari dagokio eta ezin da delegatua izan. Baliabide baten kudeaketa delegatu daiteke, ez ordea eskainitako zerbitzuaren erantzukizuna. Umearen eskubideen Konbentzioari jarraiki, umeen eskubideak betetzea eta bermatzea "Estatu kideen" erantzukizuna da beti. Eta administrazio bakoitzaren erantzukizuna edo eskumena legeak zehazten du (Gizarte zerbitzuen Legeak; umeen arretarako legeak…).
2) Elkarteek baliabideak kudeatzeak are beharrezkoagoa egiten du jarduera-eremuak argitzea: lokalen gutxieneko baldintzak, pertsonalaren kualifikazioa eta trebakuntza, aldeen eskubideak eta betebeharrak, funtzionamendu-araudiaren eta bizikidetza-arauen existentzia eta gainbegiraketa, hitzarmenen definizioa eta berrikuspena, kontrola, aholkularitza, kanpoko ikuskaritza eta ebaluazioa…
Aztertutako errealitate batzuen arabera, kasu batzuetan, beharrezko kontrolerako mekanismorik eta araudirik eza hain da nabarmena, edo hain izan da nabarmena, non, erakunde honen iritziz, eskumena duen Administrazioaren erantzukizunen uztea dakarren.
Arau-esparru baten existentziak ez du arazorik konpontzen berez, baina erantzukizunak argitzen ditu, gutxieneko exijentziak ezartzen ditu, berme-esparru bat eskaintzen du profesionalentzat eurentzat eta, horren arabera, eskubideen exijentzian pertsona guztien –baita adingabeen– segurtasun juridikoa hobetzea ahalbidetzen du Era berean, eskubideak bermatzeko erakundeen jarduna ahalbidetzen du, baita Arartekoarena berarena ere.
Baina, gainera, erantzukizunen mugen zehaztasunik ezak elkarteei, administrazioei eta arriskuan dauden adingabeen familiei eurei ere eragin dakieke. Askotan euren arteko lankidetza hobetzeak beharrezkoa eta posiblea ematen du. Familia-ereduetan gertatzen ari diren aldaketak aztertu arren, gaur egun oraindik ere, gure artean, familia gakoa da adingabearen ongizatea eta eskubideak bermatzerakoan. Izaera gako hori erakundeek babestu behar dute lankidetza-bideak indartuz, posible den neurrian, beti ere.
Aurreko ataletan adierazi izan den bezala, Arartekoan adingabeen inguruan jasotzen diren kexa gehienak gurasoek edo adingabearen tutoreek egiten dituzte, zerbitzu batek edo besteak hartutako erabaki batetiko desadostasun adierazteko xedez. Alde horretatik, oso garrantzitsua da arau-esparruak aurreikustea edo ezartzea zehaztasunez egoera horiek konpontzeko prozedurak (kexa-bideak…).
4. Planifikaziorik eza eta, batez ere, esku-hartzeen eraginkortasuna balioesteko aukera emango duten ebaluazio publikorik eza
Askotan, erakundeen esku-hartzeak adingabeen kolektibo jakin bati dagokionez edo urrakortasun bereziko edo arriskuko egoera bati erantzuteko asmoz –batzuetan esku-hartzearen larritasunarengatik berarengatik– esparrurik gabeko planetan garatzen dira eta, beraz, ez dago horiek ebaluatzeko aukerarik. Denbora tarte jakin batean eskuratu nahi den lehentasunak eta helburuak ezartzeko plan bat, eskura jartzen diren baliabideak, jarraipenerako mekanismoak, alde bakoitzaren erantzukizunak eta mugak, ebaluazio sistemak eta adierazleak, epeak…
Plan edo konpromiso publikorik ezak Administrazioaren jardueren gaineko kontrol sozialerako aukerak murrizten ditu eta horretarako dauden entitateen eskubideen kontrol eta defentsarako esku-hartzeak zailtzen ditu.
Halere, onartu beharra dago azken urteetan gure artean ume eta nerabeen arretarako plan sektorialak egiteko joera gero eta nabarmenagoa dela; plan horiek urrakortasun bereziko edo arriskuko egoeren prebentzioa eta erantzunak planteatzen dituzte, eta beraz, bide onerako urrats egokia dira.
Berez, egiaztatu ahal izan den bezala, guk geuk ere, txosten honetan, erreferentzia edo analisi esparru gisa erabili ditugu horietariko plan batzuk.
Ezin dugu gauza bera esan ebaluazioen inguruan, gure iritziz, parte hartzaileak, sistematikoak, publikoak eta erabakiak hartzeko oinarri egokiena izan beharko bailirateke.
Horretan oraindik bide luzea gelditzen da. Oraindik ohikoa da martxan jarritako programa edo zerbitzuak denboran mantentzea, edozein direla ere euren emaitzak. Oraindik asko gelditzen zaigu onartzeko helburuak betetzen ez dituen plan, programa, erakunde, zerbitzu edo abarrak berraztertuak, aldatuak edo ezabatuak izan behar direla. Are gehiago horrela aurkezteko iritzi publikoaren aurrean.
5. Hazten ari diren edo azkar hazten diren beharrizanei erantzun egokiak emateko zailtasunak
Batzuetan urrakortasun bereziko egoerak edo beharrizan berriak planteatzen dira, edo espero gabeko dimentsio bat hartzen dutenak: bakarrik dauden atzerriko adingabeen kolektibo garrantzitsuen presentzia, portaera arazo larriak dituzten harrerako nerabeen hazkundea, euren gurasoei eraso egiten dieten nerabeak, ziberbullyingaren hedapena…
Urrakortasun egoera "berrien" agerpenari dagokionez, lehenik eta behin, esan beharra dago beti ez direla halakoak izaten. Batzuetan zehazki izaten dira une jakin batean argitara ateratzen diren errealitate ezkutu edo ez oso ezagunak, edo espero ez den dimentsio bat hartzen dutenak (ziurrenik, berdinen arteko jazarpena edo tratu txarrak honen adibide on bat dira).
Edozein kasutan, gure esperientziari jarraiki, hazten ari diren beharrizan batzuk detekta ditzakegu edo bai behintzat, aztarna guztien arabera, gure artean areagotzen ari direnak: bakarrik dauden atzerriko adingabeen kolektibo garrantzitsuen presentzia; adimen-gaixotasunek eragindako arazo larriak, drogen kontsumoarekin lotutako arazo larriak edo portaera arazo larriak dituzten harrerako nerabeen hazkundea; euren gurasoei eraso egiten dieten nerabeak; berdinen arteko jazarpen edo tratu txarren kasuetan teknologia berriak erabiltzea; familiek erakundeei egindako eskaerak haien seme-alaben kargu egin daitezen, ez direlako gai sentitzen haiek kontrolatzeko edo euren funtzioak betetzeko; banaketa gatazkatsuetako kasuetan bikotearen beste kide baten aurka erabiltzea umeak…
Agian eztabaida sozial handiagoa eragin duen adibide esanguratsuena, gutxienez gure inguruan, bakarrik dauden atzerriko adingabeei dagokienez, horietariko asko marokoarrak, gure txostenetako askoren aztergaia, baita honetan ere. Baina, gehiago ala gutxiago, berdin nabarmendu daitezkeen ezaugarriak edo zailtasunak aurkezten dituzten seinalatutako beste egoera guztiek (drogen kontsumoko praktika arriskutsuak, adimen-gaixotasuna, portaera arazo larriak…).
Kasu horietan, sarrietan, gertatzen dena izaten da aldez aurretik dauden baliabideak ez direla egokitzen beharrizan horietara: harrera-guneetan ez dago, adibidez, harrerako atzerriko adingabeen kulturak ezagutzen dituzten edo arabieraz dakien profesionalik; edo mendekotasuna gainditzeko programek adingabeak salbuesten dituzte eta boluntariotasunean oinarritzen dira; adimen-osasuneko zerbitzuek ume eta nerabeen populazioaren beharrizanei ematen dieten erantzuna ez da nahikoa; Internet bezalako tresna indartsu batean dauden modu argian delituzkoak diren edukiak kontrolatzeko lege edo mekanismo eraginkorrik eza; edo banaketa gatazkatsuen kasuetan ez dago adingabearen arriskuak arintzeko bitartekaritza zerbitzu edo topagune nahikorik…
Kasu hauetan, gainera, zailtasunak pilatu egiten dira: zaila da beharrizanak aurretiaz ikustea eta, ondorioz, planifikatzea eta aurrea hartzea; izan liteke ez izatea aldeko kontzientzia sozialik edo, are gehiago, arazotsutzat jotako sektoreei laguntzeko ekintzen aurkako gaitzespen soziala suma liteke; talde profesionalak ez dira behar bezala trebatuta sentitzen; dauden programek, urtetako ahaleginarekin martxan jarritakoek, ez diete behar bezala erantzuten kolektibo horien berehalako beharrizanei… Eta, halere, erantzunak premiazkoak dira.
Errealitate hauen azterketa berez interesgarria da, hobeto ezagutzeko edo eskaintzeko, horrela, erantzun hobe bat emateko horietariko bakoitzari. Baina, era berean, interesatzen zaigu horrela detektatu ditzakegulako sistemaren hutsak edo mugak. Izan ere, sarritan, errealitate "berriek", arazo edo beharrizan berriak sortu baino, lehendik existitzen ziren baina oharkabean pasatzen ziren kontraesan zaharrak ikusarazi edo agerian jartzen dituzte.
Etorkinen eskolaratzeak, adibide bat jartzearren, hezkuntza zentro batzuetan ikasleak onartzeko dituzten irizpideak zalantzan jartzen dituzte; teorikoki debaldekoak diren ikaskuntza-tarteetan kuota edo kontzeptu ekonomikoen existentzia, gizarteratze sistema, zentro ezberdinen artean baliabideak berdintasunez banatzea… Argi denez, ez dira immigrazioak planteatutako gai berriak; erdi ezkutuan zeuden kontraesan zaharrak azpimarratu edo argitara emango ditu.
Edozein kasutan, ez du ematen behin-behineko egoerak direnik edo epe laburrera desagertuko direnik. Izatekotan, kontrakoa. Beraz, beharrezkoa dirudi ekintzak berraztertzeak eta baliabideak, irizpideak eta programak, luze gabe, egokitzea. Eta, era berean, beharrezkoa da eskubideen defentsarako erakundeek, Arartekoarena kasu, egoera horiei lehentasunezko arreta eskaintzea, horietariko asko nerabezaroari lotuta, konplexutasun eta zailtasun bereziengatik.
6. Konpentsaziozko neurriak (berdintasuna bilatzekoak) zein prebentziozkoak (ghettoak agertzea edo irmotzea saihestekoak) hartzeko erresistentziak
Administrazioak, oro har, printzipioz denentzako berdina diren oinarrizko prestazio exijigarrien multzo bat ezartzen du bere ohiko zerbitzuetarako. Kasu batzuetan, sistemak berak aldaketak ezartzen ditu beharrizan bereziei erantzun bereziak emateko; horren adibide da eskola sisteman ezarritako aldaketen kasua, heziketa beharrizan bereziei edo beharrizan espezifiko jakinei erantzun hobea emateko, aurreko atalean ikusi dugun bezala. Baina eremu askotan erantzun bereiziak ematearen aurkako erresistentzia dago: ez dira erantzun berdinak, ezpada konpentsaziozkoak; parekidetasuna bilatzen dute, ez berdintasuna.
Adibide gisa har dezagun ume eta nerabeen adimenerako osasun-arreta, aurreko atalaren 3.9 azpiatalean zehaztasunez aztertua. Gure artean bada osasun-zerbitzu publikoak eremu honetan eskaintzen duen prestazioaren ez-nahikotasunaren gaineko adostasun orokor samarra. Ematen du osasun-zerbitzuak bera baino ez datorrela bat balorazio horrekin. Eta bada ere arrisku bereziko egoeran edo erakundeek harreran hartutako adingabeen zati handi baten arreta psikologiko edo/eta psikiatrikoaren beharrizan gorakorren gaineko adostasuna. Defenditu ote liteke kasu horietan itxaron-gela aldatzea edo arreta intentsiboagoa eskaintzea…, horrek irizpideen izaera orokorra berraztertzea ekarriko lukeela jakinda? Guk baietz uste dugu. Eta gainera defendatzen dugu posible dela trataera bereizia justifikatzeko prozedura bermatzaileak eta irizpide malguak ezartzea, hori posible den kasuetan.
Antzeko zerbait gertatzen da ghettoen sorkuntza edo bazterkeria saihestera jotzen duten neurriekin. Aurreko atalean eskola-sistemari modu berezian dagokion gai hau jorratu dugu: egoera bereziki ahulean dagoen eskola populazioa zentro jakin batzuetan biltzeko arriskua, haien gizarteratzea zaildu edo bideraezin bihurtzeraino.
Baina arrisku hori beste egoera batzuetara zabal daiteke, bereziki arazotsutzat jotzen diren nerabeak edo adingabeak hartzeko zentroen kasura, esaterako. Hau bezalako taldekatzeak, askotan, adingabe batzuen gaineko estereotipoen irudi sozial ezkorra indartzen du, haien gizarteratzea are zailagoa eginez.
Tamalez, bazterketa soziala edo ghettoak sendotzeko arriskua ez dira gure gizartetik kanpoko gaiak, eta, gainditzeak eskatzen du askotan alde batetik prebentziozko neurriak hartzea eta bestetik konpentsaziozko politikak bultzatzea. Ez dira kontraesanezko neurriak, ezpada euren arteko osagarriak, zirkunstantzia bakoitzaren arabera aplikatu behar direnak.
7. Detekzio eta arreta goiztiarraren arazoak
Agian hau izango da ahulezia nabarmenenak eta adingabearentzako ondorio larrienak ageri diren eremua.
Askotan, urrakortasun bereziko edo arrisku egoeran dagoen adingabe baten eskubideak bermatzeko erakundeen esku-hartzea termino hauetan laburtu daitekeen prozesu kronologiko bati jarraitzen dio: Prebentzioa – arazoen detekzioa – esku hartzeko erabakia – arreta edo esku-hartzea – jarraipena – "irteeren" bilaketa. Hau oso argia da, adibidez, babesgabetasun edo arrisku handiko egoeren erantzunen kasuan, baina aplika dakioke ere eskolako jazarpenari emandako erantzunari, edo heziketa beharrizan bereziei, drogamenpekotasun arazoei, justiziarekiko arazoei, etab.
Esan genezake gure sistemek bereziki garatu dituztela intentsiboagoak diren arreta edo esku hartzeko formulak (harrera-zentro edo etxebizitza sarea, barnetegiak, ospitaleratze unitateak…), baina zailtasun handiak aurkitzen ditu prebentzioan (esku hartzeko globalagoak eskatzen baititu), erantzunaren detekzioaren eta azkartasunaren hobekuntzan (kontzientzia sozial handiago eskatzen baitu, baita oinarrizko zerbitzuak sendotzea edo hezkuntza, gizarte edo osasun zerbitzu ezberdinen koordinazioa ere…), prozesuen jarraipenean eta ebaluazioan, "erkidegoko" erantzunetan…
Guk geuk, askotan, denbora-tarte jakin batean adingabeari eskainitako erantzunaren kalitatea kontu handiz behatzen eta aztertzen dugu: harrera denbora, barnetegiratze denbora… Hau da, gure ahaleginen parte handiena eskaintzen diogu denbora-tarte jakin bateko arreta, esku-hartzea eta erantzuna aztertzeari. Baina oso posiblea da arazo larrienak ez gertatzea hor, fase horretan, ezpada lehenago (arazoa eratzean, esku-hartzeen detekzio edo erabakien aurretik) edo ondoren (adin nagusitasunarengatik emantzipazio prozesu bat abiaraztea edo familiaren testuingurura itzultzea…).
Arazoak denboraz prebenitzeko edo arazook larritzea saihesteko zailtasunak gainditzea, goiz detektatzeko, azkartasunez erantzuteko esku hartzeko aukerak oraindik ez direnean latzak, urrakortasun bereziko egoeran edo arriskuan dauden adingabeen gure arreta-sistemen erronkarik handienetako bat da ziurrenik. Zailtasun horiek urrakortasun egoeran dauden ume eta nerabeei eragiten dieten arazo askoren sorburuan daude, eta horretarako ondorio bereziki larriak izaten dituzte, kasurik larrienetan heriotzan edo konponbiderik gabeko egoeretan amaitzen dutenak.
Horrek kasu askotan familia giroan lan egin beharra eskatzen du. Agian hemen datu estatistiko bat gogoratu beharko genuke, oso garrantzitsua izanagatik, askotan oharkabean pasatzen dena: gure inguruan, ohikoena da adingabeen %99 "euren" familian bizitzea, edozein dela ere familia-eredua (familia biologikoa, harrera-familia, adopzio-familia, luzapenezko familia, guraso bakarreko familia…). Bestela esanda: babeserako erakunde batean harreran hartutako adingabeak ez dira ehuneko osoaren %1era iristen (adingabe instituzionalizazioak), bakarrik dauden atzerriko adingabeek barne hartuta ere ez.
Argi dago familia guztiek (edozein dela ere adingabea bizi den familia-eredua) ez dituztela euren zaintza eta babes funtzioak behar bezala betetzeko beharrezko baliabide, gaitasun eta eskumen guztiak. Arrazoiak oso ezberdinak dira. Eta ematen du arrazoi horiek hemen azaldutako urrakortasun bereziko edo arrisku egoera askoren jatorrian daude.
Baina horietariko familia asko, arrazoi asko tarteko, ez dira gai euren funtzioa behar bezala betetzeko, beharrezko laguntza eta babesekin egin ahal izango balute ere: babes teknikoa, trebakuntza, ezinbesteko baliabideak, aholkularitza, denbora-tarte bateratuak errazteko uztarketa neurriak, laguntza… Batzuetan zailtasun handiak daude familiei helarazteko ume-zerbitzuetatik egiten den lana.
Eremu honetan, dudarik gabe, lan eta hobekuntza aukerak oso handiak dira eta balio izango lukete, batik bat, prebenitzeko, eta, esperientziak erakusten digun bezala, behin gertatu ondoren adingabearen garapenean ondorio larriak (gerora konpontzeko zailak diren) dituzten arrisku larriko egoerak saihesteko.
8. Irteera eta emantzipazio programen ahulezia
Auzi hau, denboran esku-hartzearen bukaeran kokatzen bada ere, aurreko puntuan hasierako faseentzat adierazitakoaren alderdi komun asko erakusten ditu. Kasu bietan, ahuleziaren azalpena edo oinarria hau da, behintzat zati batean: "itxiak" edo "trinkoak" dei genitzakeen programen eta zerbitzuen arteko proportzioaren aldea izugarria (baliabideetan eta programetan) da, baita bitarteko aukerena eta esparru irekiko erkidegoko lanarena.
Horrela, "irteera", esku-hartze jarraituko hainbat urteren ondoren normalean, une gakoa izaten da, arriskuz betetako tarte kritikoa, dena pikutara bota dezakeena, denbora-tarte luzean egindako lana alferrikakoa izatea eragin dezakeena; gutxieneko jarraipen edo jarraitutasunarengatik; erreferentziazko heldu edo laguntzarik ezarengatik; baliabide espezifikorik ez izateagatik…
Gizarteratzeko ibilbide guztiz argiak dauden bezala (familia egituratua – eskolaratze arrakastatsua – profesionalen trebakuntza – lanerako edo familia-bizitza baterako sarbidea…), gure gizartean badira ere benetako bazterketa ibilbideak: Familiarik eza edo familia desegituratua –?eskolaratze arazotsua edo eskola-porrota – instituzionalizazioa – delinkuentzia – instituzionalizazio berria – berrerortzea…
Horra hor esku-hartzeak 18 urte bete ondoren ere luzatzeko garrantzia edo, gutxienez, egindako lanaren arrakasta edo porrotaren maila egiaztatzeko jarraipena egin beharra.
Urte hauetako esperientziak argi erakusten du adingabeen esku jartzen direnean euren beharrizanetara egokitutako emantzipazio-baliabideak edo programak, lortzen den "arrakasta" maila laneratzean, gizarteratzean edo autonomian oso altua da. Bestalde, baliabiderik eza edo eskuratzeko ezintasuna (exijitutako baldintzak ez betetzeagatik) nerabe edo gazteen aldetik, zailtasun gaindiezinak izaten dira euretariko askorentzat.
Beraz, beharrezkoa ematen du programa horiek garatzeak, eta honakoak lortzeko baliabideak ahalbidetzea: emantzipazio progresiboa, gizarteratzea, edo esku-hartze zorrotza behartu zuten baldintza hobetuta adingabeak familiara edo jatorrizko testuingurura itzultzea. Finean, gizarteratze eta laneratzeko azken faseak hobetzea da kontua, berriz ere ez erortzeko arrisku egoera batean.
Ahulezi hori, babesgabetasun egoeretarako hemen modu berezian adibidez emana, txosten honetan ikertutako beste egoera batzuei aplika dakieke berdin-berdin: barnetegiratze neurriak bete ondoren nerabe arau-hausleen "irteera", edo, eskolaratze-aldia amaitu ondoren, hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleen enplegurako sarbidea.
9. Informazioaren tratamenduan konfidentzialtasuna bermatzeko mekanismo eta irizpide argirik eza
Beti ez dira izaten arrisku egoeran dauden adingabeei edo euren familiei zuzendutako informazioa lantzeko irizpide argi eta zuzenak: zer datu bildu (eta zer ez), nola jaso dokumentuetan edo nola gorde informazioa, nork duen sarbidea espediente pertsonaletara edo fitxategietara, zer egin espedienteekin zerbitzu baten esku-hartzea bukatutzat eman daitekeenean… Argi denez, adingabearen edo bere familiaren intimitatea jagotea da kontua eta, horretarako, konfidentzialtasun irizpideak aplikatu eta errespetatu behar dira. Baina beti ez da erraza, eta, izan litezke elkarrekin talka egiten duten irizpideak edo interesak.
Arazo hauek agerikoagoak izaten dira –gutxienez, gure esperientziaren arabera– egoera gatazkatsuetan, auzi bidezko banaketen kasuetan, poliziaren agenteek esku hartzen dutenean, hedabideek informazioa eskuratzeko interesa azaldu eta horretarako iturri ezberdinetara jotzen dutenean…
Hedabideek adingabeen inguruko informazioari ematen dioten tratamenduari dagokionez, ez da erraza errespetuzko irizpide deontologiko batzuk haien eskubideekin uztartzen, nahiz eta uztarketa beharrezkoa izan eta zenbait arlo eta gaitan jadanik lortu den, behintzat teorikoki. Halere, exijigarria eta nolabait erraza eman lezake adingabeekin lan egiten duten talde eta profesional guztiek gaiaren inguruko irizpide argiak izateak.
Baina irizpide horiek existitutakoan ere (eta ez da beti hori izaten kasua), beharrezkoa ematen du behar bezala betetzen dela ziurtatzeko kontrola egiteak. Horretarako, hainbat baliabide erabil daitezke: Espediente pertsonalen azterketa, fitxategien segurtasuna eta sarbidea egiaztatzea, gertakari eta oharren koadernoen azterketa, hedabideetan agertzen diren adingabeei buruzko albisteen eta haien iturrien jarraipena…
10. Populazio osoari zabaldutako umeen eskubideen kultura baten hutsunea
Adingabeentzako gizarte-arretaren esparruan, bada oraindik ongintzarekin lotutako mentalitate jakin bat. Kasu askotan ez da eskubide exijigarrien aurrean egoteko kontzientzia sozialik, ezpada doako prestazioen aurrean egotekoa; prestaziook baliabideen eskuragarritasunaren edo borondate oneko ekimenen arabera izaten dira…
Mentalitate sozial horretatik ondorioztatzen dira adingabekoentzat oro har oso txarrak diren ondorioak, bereziki urrakortasun bereziko egoeran edo arrisku egoeran dauden adingabekoentzat. Adibidez, pertsona askok oso inplikazio urria dute arrisku edo babesgabetasun egoeran dauden pertsonen egoerak salatzeko, hori egiteko betebehar moral eta legala izan arren. Baina ondorio txarrak badira eskumena duten erakundeentzat ere, errezeloak eta erresistentziak gainditzera beharturik. Horrela, kezkagarria da ikustea zer zailtasun aurkitzen diren, batzuetan, leku baten edo bestean "arazotsutzat" jotako adingabeentzako baliabide bat ireki nahi denean: Auzokideen gaitzespena, presioak, udal agintarien lankidetzarik eza… Azken urteetan, tamalez, horien guztien adibide ugari izan ditugu.
Umeen eskubideen Konbentzioak ez du soilik eskubideen katalogo bat zehazten: adingabe oro (ume zein nerabe) "eskubidedun subjektu" gisa definitzen du, eskubidedun herritar gisa. Kontzeptu hori gure kultura sozialean txertatzea, baita gure eremu profesionalean bertan ere, eraginkor egitea eguneroko praktikan, mentalitate aldaketa bat da, denbora, eta zabalkunde eta sentsibilizazio ahaleginak eskatzen dituena.
Dudarik gabe, gizarte osoari dagokion zeregin da, bere kide guztiei, baina erakundeei dagokie populazioa sentsibilizatzea –beste gai batzuen inguruan egiten den bezalaxe–, eta prozesuen buru izatea, babes soziala bilatuz eta talde jakin batzuek azal lezaketen gaitzespena edo presioa, baldin baleude, indargabetuz.
Ikuspegi horretatik, beharrezkoa da ume eta nerabeen partaidetza zuzenerako aukerak areagotzea (Konbentzioaren 12. artikuluan jasotako eskubidea), eta eskubideen ikuspegia txertatzea zerbitzu guztietan. Hemen jasota uzten dugu, baina aukera handiko ekintza-ildoa iruditzen zaigu –exijentzia ugarikoa– urrakortasun bereziko egoeran edo arriskuan dauden adingabeekin lan egiten duen edonorentzat.
11. Adingabeen eskubideen defentsa eta bermerako egungo tresnen mugak
Planifikazioa aipatu da jadanik, umeei laguntzeko politiken kontrol soziala ahalbidetzen duten elementuetako bat izanik. Badira hori bezain garrantzitsuak diren beste tresna batzuk eta azpimarratu nahi genituzke. Horrela, adibidez:
– Adingabeentzako zerbitzuen bizitza arautzen duten antolaketa eta funtzionamendu araudiak edo bizikidetza arauek eskubideak eta betebeharrak xedatzen dituzte, edo prozedurak finkatu.
– Adingabe bakoitzaren gainean hartutako erabakien edo adingabea inplikatutako gertakarien konstantzia uzteko erregistroak.
– Kexa eta erreklamazioak egiteko formula edo mekanismo egokien existentzia…
Argi dago erakunde edo zerbitzuek artatutako urrakortasun bereziko egoeran edo arrisku egoeran dauden adingabeen eskubideak errazago bermatzen direla hau bezalako tresnak existitzen direnean, alde guztientzako baliagarriak izanik:
– Adingabeentzat edo euren familientzat, arauen garapenean zuzenean parte hartzen dutenez, euren kexak bideratzeko esparru argi bat behar dute.
– Profesionalentzat, aldez aurretik ezarritako esparru baten araberako erabakiak hartzea ahalbidetzen duten irizpideak eta prozedurak izan baititzakete horrela.
– Eskumena duten administrazio edo entitateentzat, horrela kontrolerako mekanismoak baitituzte.
– Erakunde bermatzaileentzat, pertsonen eskubideen defentsa funtzio baitute, Arartekoaren erakundea kasu…
Kasu horietan guztietan gainditu beharreko mugak ikusten dira.
* * * *
Hemen adierazitako kausa edo ahulezien azterketa baliagarria bada, urrakortasun bereziko egoeretako adingabeen artapena hobetzeko arazo horiek konpondu beharko dira. Hau da:
– Egoera horien jatorrian dauden kausak errotik konpondu beharko dira (beraz, prebentzioa hobetu behar da).
– Zerbitzu espezializatuen eta ohiko sistema edo sareen arteko lankidetza hobetu beharko da.
– Honelako egoeretan esku hartzen duten administrazio eta zerbitzu ezberdinen arteko deskoordinazioa saihestu beharko da.
– Esku-hartzeak planifikatu beharko dira, sistematikoki ebaluatu beharko dira eta, emaitzen arabera, beharrezko aldaketak egin beharko dira.
– Egoera "berriei" ematen zaien erantzunaren azkartasuna eta egokitzapena hobetu beharko da.
– Egoera kaltetuenentzako konpentsaziozko neurriak hartu beharko dira.
– Datuen tratamenduko konfidentzialtasuna bermatu beharko da.
– Urrakortasun bereziko egoeretako umeekin esku hartzeko fase guztiak hobetu beharko dira, batik bat hasierako faseetan (detekzioan, neurriak hartzerakoan) eta bukaerako faseetan, gizarteratzea eta emantzipazioa sustatzen baitute.
– Urrakortasun bereziko egoeretako adingabeekin esku hartzen dutenen erantzukizunak eta ekintza-esparruak argitu beharko dira, profesionalen lan-baldintzak hobetuz.
– Umeen eskubideen gaineko kontzientzia sozial eta sentsibilizazio handiagoa lortu beharko da.
– Adingabe hauen eskubideen defentsa eta berme tresna eraginkorragoak izan beharko dira…
Hurrengo atalean egiten ditugun gomendioen zati handi batek aurreko ekintza-ildoak garatu eta zehaztu nahi ditu.