1.1. Adingabeak eta arrisku egoera berezietan dauden adingabeak
Eskubide kontuetan, hizkuntza ekonomiagatik "adingabeez" hitz egiten denean, egiatan 18 urtez azpiko pertsona guztiez ari gara.
Adingabe horietako bakoitza delako nazio eta nazioarteko legediak bere adingabetasun hutsagatik ematen dizkion eskubideen subjektua. Ez dira "adingabeak", era abstraktuan, eskubideen subjektu, haur eta nerabe bakoitza baizik.
Beste arlo batzuetan, hala nola Psikologian edo Pedagogian, haurtzaroaren esanahia murriztuagoa da, zero urtetik 18 urtera doan adin tarte horretako adin jakin batzuetara mugatua. Txosten honetan, haren ikuspegi eta ezaugarriak direla-eta normala denez, aztergaia adin txikikoen multzoa bere zentzurik zabalenean izango da beti: adingabe guztiak, 18 urte arte.
Hortaz, EAEko egungo biztanleriari aplikatuta, 330.000 pertsona inguru dira (330.594 EINk argitaratutako errolda arteko azken kalkuluen arabera). Hori, gutxi gorabehera, gure erkidegoko herritar guztien %15,5 da.
Arartekoa bezalako erakunde bati dagokion eskubideak bermatzeko ikuspegitik, adingabe guztiak, adingabeak izate hutsagatik, "zaurgarritzat" jotzen dira. Denak: 330.594 horiek, testu hau idazterakoan dauden behin-behineko azken kalkuluen arabera.
Baina egia da, halaber, adingabe guztien artean, batzuk, hainbat inguruabar edo arrazoi direla medio, arrisku edo zaurgarritasun bereziki egoeretan bizi direna: euren familiaren laguntza edo arreta egokirik ez edukitzeagatik eta arrisku edo babesgabetasun larriko egoeretan egoteagatik; tratu txarrak edo jazarpena pairatzeagatik; osasun mentaleko arazo larriak izateagatik; gehiengoarena ez bezalako joera sexuala (homosexuala edo bisexuala) izateagatik edo nortasun transgenero edo transexuala sentitzeagatik; euren osasuna edo beste pertsona batzuena arriskuan jartzen duten zenbait jokabide izateagatik; euren hezkuntzarako eskubidea osorik erabiltzea zailtzen duten hezkuntza premia berezi edo berariazko batzuk izateagatik...
Txosten honek, berariaz, halako egoerei helduko die; egoera horiek, biztanleria adingabearen zati handi bati –handiagoa edo txikiagoa kasuen arabera– zuzenean eragiten diote eta arriskuan jartzen dute haien eskubideak erabili ahal izatea.
Gure ustez hemen aztertutako gai edo egoera guztiek daukate ezaugarri komun hori: denak dira arrisku edo zaurgarritasun bereziko egoerak. Baina jakin badakigu, gure erkidegoan beste arrisku egoera batzuk ere badaudena eta haiek ere azterketa sakona merezi luketela; hala ere, haiek ez dira txosten honetan landuko edo izatekotan, gainetik baino ez: adibidez, terrorismoaren biktima adingabeen egoera, edo genero indarkeriaren biktima direnak, edo ihesak jotako gaixoak, edo sexu abusuen biktimak, edo txirotasunean bizi direnak, edo aita edo ama kartzelan dutenak, etab. Zalantza barik, halako egoeren zerrenda oso luzea izan liteke.
Hemen egoera batzuk bai eta beste batzuk ez hautatzeko arrazoia da, batez ere, Ararteko erakundetik azken urteetan haiei buruz ikertu dugula ardura bereziz eta, ondorioz, gai haietan daukagu informazio handiagoa eta seguruago senti gaitezke. Arrisku egoera horiek, batez ere, honakoak ukitzen dituzte:
– Babes erakundeen harrera edo tutoretzapean dauden haurrak eta nerabeak.
– Euren familiarik gabe hona migratu diren beste herrietako adingabeak.
– Delituak egin eta neurri judizialen pean dauden nerabe arau-hausleak.
– Nekazaritza lanak egiteko leku batetik bestera dabiltzan sasoiko langileen familietako seme-alabak.
– Joera homosexuala (lesbianak edo gayak) edo bisexuala edo genero nortasun transexual edo transgeneroa duten haur eta nerabeak.
– Gaixotasun mental larriak dituzten haurrak eta nerabeak.
– Euren ezgaitasunetik, jatorritik edo gizarte ingurune ahul batekoak izateagatik hezkuntza premia bereziak edo berariazkoak dituzten ikasleak.
– Tratu txarren edo indarkeriaren subjektu aktibo edo pasibo diren adingabeak.
– Droga kontsumo arazotsuak dituzten nerabeak...
Txostenak –3. atalean, hura zabalena eta gorputz nagusia izanda– egoera horietako bakoitzari bereizita helduko dio, arazoak azpimarratuz, joerei igarriz, balizko hobekuntzak proposatuz... Beste arrisku egoera batzuei ere helduko die, baina ez hain sakonki: teknologia berrien erabilera batzuk, edo adingabeei eragiten dieten familia barruko gatazka edo indarkeria egoerak...
Gaiari sektorez sektore edo egoeraz egoera heltzeko modu honek, ordea, ahaztu behar ez diren muga edo arrisku batzuk ere badauzka.
Haietako bat da, hain zuzen ere, loturarik gabeko egoeren aurrean, haien artean loturarik ez duten adingabe taldeen aurrean gaudela pentsaraz dezakeela. Ez da horrela, ordea. Kasu askotan, harrera-zentro batean aurkitu, edo eskolatik kanpo edo eskolan porrot eginez ikusten dugun haur edo nerabe bera, barneratze zentro batean aurkituko dugu bihar, edo, berriz ere, denbora igarota, arrisku bereziko beste egoera batean aurki dezakegu. Horrek agerian uzten du gure gizartean oraindik bazterketa ibilbideak daudela, haietako asko adingabearen hazkuntza eta premientzako euskarri eta laguntza elementu oinarrizkoa izan behar lukeen familiarik ez egoteari, haren gaitasun ezari edo besterik gabe haren porrotari lotuak.
Ikuspuntu horretatik, berriz azpimarratu behar dugu oso garrantzitsua dela hezkuntza ibilbideetan edo esku-hartzeetan koherentzia eta jarraikortasuna lortzea, zein ere diren haietan parte hartzen duten zerbitzuak, profesionalak edo erakundeak (gizarte zerbitzuak, hezkuntza zerbitzuak, osasun zerbitzuak, justizia zerbitzuak, polizia zerbitzuak...).
Bai 4. kapituluak (diagnostiko eta balorazio orokorrekoa) bai gomendioen kapituluak (haietako askotan bai, behintzat) ikuspegi itxi hori "apurtu" edo gainditu nahi du eta arrisku egoera berezietan dauden adingabeak bere osotasunean hartu.
Izan ere, erraz uler daitekeenez, ez da gauza bera haur edo nerabe batek arrisku egoera bakarra pairatzea, eta haren pertsonarengan bere bizitzan bata bestearen atzetik datozen edo pilatzen diren arrisku mordoa metatzea, maizegi gertatzen denez.