VIII. Atala. Erakunde harreman, hedapen eta lankidetzarako jarduerak
1. Arartekoaren erakundearen ikerketa bekak
Arartekoak lehenago eman zituen beketako ikerketa lanekin jarraitu da 2010. urtean:
1. "Juan San Martin" Giza Eskubideen Bildumaren barruan, aurreko urteetan emandako beka baten ikerketa lana argitaratu da:
Alazne Gozalo Goicoechea, Eva Jiménez Martín eta Laura Vozmediano Sanz. Adingabeak edo atzerritarrak? Esku hartzeko politiken azterketa, lagundu gabeko adingabe atzerritarren gainekoa.
Lan honetan, azken urteetan hiru lurralde historikoetako bakoitzean hartu diren lagundu gabeko adingabeko atzerritarren lagin esanguratsu baten egoera aztertu da. Adingabeko bakoitzari buruz bere espedientean dagoen informazioa bildu eta erabili da.
2. Badago beste ikerketa lan bat, atzerritarrek gure erkidegoan zerbitzu eta prestazio sozialak eskuratzeko dituzten aukerei buruzkoa, amaitzeko eta argitaratzeko zorian dagoena. Azterlan horrek EAEn bizi diren etorkinen errealitate sozialari buruzko datuak jaso ez ezik, zenbait tresna eskainiko ditu (adierazleak), pertsona horiek bigarren belaunaldiko gizarte eskubideak zein neurritan jasotzen dituzten, gainerako herritarrekin erkatuta, "neurtzen" laguntzeko.
3. 2009ko abenduan adjudikatutako ikerketa bekaren lanak, Euskal Autonomia Erkidegoko terrorismoaren biktimak oroitzeko eta aintzat hartzeko eskubideari buruzkoak, 2010. urtean zati batez egin dira, eta 2011. urtean amaitzea eta argitaratzea espero da.
4. 2010. urteko bekaren deialdia
Iazko abenduan 2010eko Ikerketa bekaren deialdia argitaratu zen. Aurreko urteetan ez bezala, oraingo honetan gure erkidegoko erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideetako batzuen aplikazioa sakonean aztertzea da helburua, ulertzen baita arazo horiek biztanlerik gehienengan dutela eragina eta eskubide horiek urratzeak eragin intentsuagoa duela babesik ez duten zenbait kolektiborengan.
Proiektu horren esparruan, era berean, mota guztietako telekomunikazioekin, teknologiarekin eta garraioekin zerikusia duten zerbitzuen inguruko eskubideen defentsa eta eskubide horiek exijitzeko modua aztertu nahi dira, baita administrazio eskudunek bete behar dute tutoretza papera ere.
2. EHUren udako ikastaroen jardunaldia, lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeari buruzkoa
Urtero bezala, Arartekoaren erakundeak giza eskubideak aztertzeko eta eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu ditu UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan. Hain zuzen ere, uztailaren 9an, Donostiako Miramar jauregian «Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzea» izeneko jardunaldia egin zen.
Arartekoak antolatutako ikastaroan honako gai hauek jorratu ziren: familia, lana eta norberaren bizitza bateragarri egitea, bateragarritasun hori sustatzeko ekintza positiboak abiaraztea, baita sustapenari lotutako hainbat politika publiko ere. Arartekoaren iritziz, aitek eta amek seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan gehiago parte hartzeak izan behar du jarduera horien lehentasunezko ardatz nagusi, eta arlo honetan eskarmentu handiagoa duten Europako beste eredu konparatu batzuen argitan aztertu behar dira bateragarritasuna errazteko politika publikoak aztertzean dauden joerak eta etorkizunerako asmoak.
Lana, familia eta geure bizitza bateragarri egitea gizartean sortu den betebehar berri bat da, industria iraultzarekin hasi zen produkzio-eredua agortu delako −jada ez baititu gaurko beharrak asetzen− eta dagoeneko bukatu delako familia tradizionalaren ereduan oinarritutako gizarte-antolaketa, hau da, familiako kideen arteko desberdintasunean oinarritzen zena.
Horretarako, zenbait aditu gonbidatu genituen udako ikastaroan parte hartzera, eta haiek gai garrantzitsu honekin lotutako alderdi batzuk aztertu zituzten:
1. Anita Nyberg Stockholmeko Unibertsitateko ekonomiako irakasleak eredu eskandinaviarraz hitz egin zuen, gai honi dagokionez. Kontu honetan jarduera egokiez mintzatu nahi bada, dudarik gabe, herrialde eskandinaviarrei begira jarri behar dugu, Estatu sozialaren erreferentzia eredugarria baita.
2. María Ángeles Durán Heras andrea Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko ikertzailea da, eta gai honetan aditua. Berak argitu zigun, bateragarritasunari buruz, zein testuinguru orokorretan azaltzen diren gure oraingo gizarteen erronka berriak.
3. Hitzaldien hurrenkerari jarraiki, ondoren María Dolores García Garcíak hitz egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia arloko oraingo zuzendariak. Euskadin bateragarritasuna sustatzeko gaur egun abiarazten ari diren politika publikoen ikuspegi zehatza eman zigun.
Hiru hitzaldi horien gainean eztabaidatu ondoren, mahai-ingurua egin zen. Bertan, bateragarritasuna errazteko egungo politika publikoetako batzuk berriz aztertu beharra aztertu zen, ikuspegi desberdinetatik. Pertsona hauek parte hartu zuten:
1. Ander Bergara Sautuak −Emakundeko aholkularia baita− gai honetan genero-ikuspegiak duen eragina jorratu zuen.
2. Juan Pablo Landa Zapirain, berriz, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Berak, laneko denboraren egungo erregulazio juridikoa abiapuntu hartuta, legegintza-politikan gai honetan dauden erronkak aztertu zituen. Bateragarritasuna ondoen erraztu dezaketen kontratazio-motak garatzeaz mintzatu zen bereziki.
3. Francisco Javier Leturia Arrázola psikologoa da, adintsuen arloan aditua. Edadetuen beharrei erantzuteak dakarren erronkaz eta pertsona horiek bateragarritasunean duten eginkizunaz mintzatu zen.
4. María Luisa Aguirrechek −Ararteko erakundeko aholkularia da bera− politika publiko batzuetan antzeman diren arazoen berri eman zigun. Arazo horiek herritarrek gai horretaz egindako kexen bitartez antzeman ditu gure erakundeak.
Ikastaroa bukatzeko, debatea egin zen eta Eva Monente kazetariak mintzaldi guztien laburpena eskaini zigun. Monentek moderatzaile gisa ere jardun zuen mahai-inguruan.
Bertan emandako hitzaldiak 2011ko lehen hiruhilekoan argitaratu dira.
3. Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
3.1. Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXV
Herriaren Defentsaria eta autonomietako ordezkariak biltzen dituzten Herriaren Defentsarien Koordinazio Jardunaldiak eztabaida eta gogoeta foroak dira, erakunde horien funtzionamenduari eta helburuei lotutako interes komuneko gaiei buruzkoak eta Espainiar Estatuko defentsa-erakunde guztiek dituzten arazo sozialei buruzkoak.
Herri Defentsarien Koordinazioko XXV. Jardunaldiak Logroñon egin ziren 2010eko irailaren 27, 28 eta 29an, Errioxako Herri Defentsariak antolatuta. Jardunaldien erdigunea "krisi ekonomikoaren eragina pertsonen eskubideak gauzatzerakoan" izan zen.
Jardunaldi hauetara arartekoa, arartekoaren ondokoa eta erakundearen beste ordezkari batzuk joan ziren. Jardunaldien gaiak aztertzeko egin ziren batzarretan parte hartu zuten.
Elkarrekin egindako gogoeta honen ondorioz, behin betiko ondorioak onartu ziren Herri Defentsarien Koordinazioko XXV. Jardunaldi hauetan.
Era berean, Herritarren Eskubideen IX. Foroa egin zen, krisi ekonomikoari aurre egiteko zailtasun bereziak dauzkaten pertsonen egoera aztertzeko asmoz. Foro honetan, defentsariek eurek ez ezik, Errioxan oso hedatuta dauden estatu mailako zenbait GKEk eta elkartek parte hartu zuten: Cáritas, Cermi, Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartea, eta Pioneros Fundazioa besteak beste.
Koordinazioko XXV. Jardunaldi hauek baino lehen hiru tailer egin ziren beste hainbeste herri defentsariren egoitzetan.
Iruñean egin zen tailerrean, Nafarroako Arartekoak antolatua, "Krisi ekonomikoak ekonomi eta lan sektorean duen eragina" eztabaidatu zen. Eztabaida honetan, krisi ekonomikoak langabezi tasa handiko egoera batean duen eragina aztertu zen. Gogoeta hauen emaitzak ondorio oso interesgarriak izan ziren.
Murtzian, bertako Herriaren Defentsariak antolatuta, lan tailer bat egin zen: "Etxebizitza politikak, bizi dugun krisi ekonomikoaren testuinguruan". Batzar honetan zenbait gogoeta eta proposamen planteatu ziren, Espainian etxebizitza eskuratzearekin zerikusia duten arazoei konponbideak eskaini beharrari erantzun ahal izateko.
Azkenik, Aragoiko "Justiziak" tailerra antolatu zuen Zaragozan, "Krisiaren eraginaren bilakaera defentsa-erakundeen jardunean" gaiari buruz. Tailer horretan ondokoak aztertu ziren: krisiak bere jardunean izan dituen ondorioak, beren egoera ekonomikoaren ondorioz defentsa-erakundeetara jotzen duten herritarren ezaugarriak, eta zein gaitan eragiten duten edo ze erantzun ematen duten ordezkariek. Gai hauek aztertu ondoren, ondorioen dokumentua idatzi zen.
3.2. Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren (IOI) Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra)
Urriaren 4an eta 5ean Bartzelonan Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren (IIO) Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra egin ziren. Europako Biltzar honetara eta Batzar Orokor honetara, Síndic de Greuges de Catalunya delakoak antolatuak, Europa osoko estatuetako, eskualdeetako eta udalerrietako herri defentsariak, IIOko kide direnak, joan ziren.
"Europa: gizarte irekia" izenburuarekin, biltzar honetako parte hartzaileek, bi egunetan zehar, Europan bizi diren etorkinen eskubideen inguruan egiten duten lanarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu zituzten.
Biltzarrari hasiera emateko ekitaldian, ondoko hauek izan ziren hizlari: Mats Melin, Suediako herri defentsaria eta IIOko lehendakaria, José Montilla, Kataluniako Generalitateko lehendakaria, P. Nikiforos Diamandouros, Europako herri defentsaria, Thomas Hammarberg, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen ordezkaria, eta Rafael Ribó, Síndic de Greuges de Catalunya-ko kide eta IIOko Europako lehendakaria.
Lehenengo egunean, Michel Villanek, Europako Kontseiluko Migrazio Batzordeko lehendakariak, hitz egin zuen. "Europa, gizarte irekia: emigranteak eta eskubideak" izenburua zuen hitzaldia eman zuen.
Gero, lan tailer batzuk egin ziren. Tailer horietako lehenengoan, "Parte hartze politikorako eskubideak, elkartzeko eskubideak, bozkatzeko eskubideak zenbait herrialdetan" izenekoan, hauek izan ziren hizlari: David Moya, Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea, Alex Brenninkmeijer, Herbeheretako herri defentsaria, Catello Aprea, Italiako Basilicata eskualdeko herri defentsaria, Francisco Javier Enériz, Nafarroako Arartekoa, eta Hans Gemmeltoft-Hansen, Danimarkako herri defentsaria.
Bigarren tailerrean, "Umearen eskubideak: hezkuntza, bazterketa eskoletan. Lagundu gabeko adingabekoak" izenburuarekin, hauek izan ziren hizlariak: Ismael Palacín, Bofill Fundazioko zuzendaria, Jane Martin, Erresuma Batuko Toki Administrazioko herri defentsaritzako lehendakariordea, Helena Vera-Cruz Pinto, Portugalgo herri defentsariaren ondokoa, María Jesús Larios, Síndic de Greuges de Catalunya-ren ondokoa haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko, eta Terezija Stoisits, Austriako Herri Defentsaritzako Batzordeko kidea.
Urriaren 5ean lan tailer batzuk egin ziren. Tailer horietako lehenengoan, "Gizarte bazterketa, krisiaren eragina, familiak berriz elkartea, jatorrizko herrialdera itzultzea, emakumeen trafikoa" izenburuarekin, hauek izan ziren hizlariak: Markus González, Espainiako Gobernuko Lan eta Inmigrazio Ministerioko zuzendari nagusia, Gero Storjohann, Alemaniako Parlamentu Federaleko Eskaeren Batzordeko kidea, Guido Schuermans, Belgikako herri defentsaria, Arne Fliflet, Norvegiako herri defentsaria, eta Iñigo Lamarca, EAEko Arartekoa, "Gizarte politikak, bazterketa eta inmigrazioa" izeneko hitzaldia eman zuena.
Bigarren tailerrean, "Integrazioa edo asimilazioa: kultura, nortasuna, harmena eta betekizunak" izenburuarekin, ondokoak izan ziren hizlari: Oriol Amorós, Kataluniako Generalitateko Inmigrazioko idazkaria, Emily O´Reilly, Irlandako herri defentsaria, Jari Pirjola, Finlandiako Herri Defentsaritzako aholkularia, Pere Canturri, Andorrako herri defentsaria, eta Claudia Kaufmann, Zurich hiriko herri defentsaria.
Gero, Tortura Prebenitzeko Mekanismoei buruzko berariazko batzarra egin zen. Hemen, Nazio Batuen Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Konbentzioaren Protokoloa (OPCAT) aztertu zen bereziki. Hauek izan ziren hizlariak: Malcolm David Evans, Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Nazio Batuen Azpibatzordeko (SPT) kidea, Mauro Palma, Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Europar Batzordeko (CPT) lehendakaria, Barbara Bernath, Tortura Prebenitzeko Elkarteko (APT) operazioen arduraduna, Kornelija Marzel, Esloveniako herri defentsariaren ondokoa, eta Miguel Ángel Borja, Mexikoko Tortura Prebenitzeko Mekanismo Nazionaleko zuzendari nagusia.
Biltzarrari amaiera emateko egunean ondoko hauek aritu ziren hizketan: Javier de Lucas, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako eta Filosofia Politikoko irakaslea, eta Fernando Mariño, Carlos III Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea.
Biltzarra amaitu ondoren, IIOren Batzar Orokorra egin zen. Batzar honetan, IIOren Eginkizunen eta Programen dokumentu bat onartu zen, Zuzendari Batzorderako bi kide berri aukeratu ziren (zehazki Arne Fliflet, Norvegiako herri defentsaria, eta Irena Lipowicz, Poloniako herri defentsaria) eta hurrengo IIOren Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra (2014. urtean egingo dena) zein herri defentsarik antolatuko dituen aztertu zen.
3.3. Umeen Defentsarien Europar Sarearen (ENOC) Urteroko XIV. Biltzarra
Urriaren 7an eta 9an, Frantziako Estrasburgo hirian Umeen Defentsarien Europar Sarearen (ENOC) Urteroko XIV. Biltzarra egin zen.
ENOC Europako zenbait herrialde eta eskualdetako umeen defentsariek osatutako sarea da. 1997. urtean sortu zen. Haren helburuak hauek dira: Umeen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Biltzarra aplikatzea, adingabekoen eskubideen alde lan egiten duten kolektiboen alde egitea, estatu kideen artean informazioa eta estrategiak trukatzea eta partekatzea, eta Umeen Defentsaritzako erakundeen garapena sustatzea.
"Umeei entzuten eta beren eskubideen sustapenean eta gauzapenean inplikatzen" izenburuarekin, hiru egun hauetan biltzarreko parte hartzaileek adingabekoen eskubideen alde egiten duten lanarekin zerikusia duten zenbait gai aztertu zituzten.
Hasierako eguneko lehenengo saioan ondoko hitzaldiak eman ziren: "Umeen eskubideei buruzko ikuspegi estrategikoa defendatzen", Maud de Boer-Buquicchioren eskutik, Europako Batzordeko idazkari nagusiaren ondokoa; "Umeen eskubideei buruzko Europako estrategiaren gaur egungo egoera: Europar Batasunaren funtsezko eskubideei buruzko programa", Aurel Ciobanu-Dordearen eskutik, Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Batasuneko Funtsezko Eskubideen eta Herritartasunaren Ataleko zuzendaria; "Nazio Batuen Batzordearen papera umeen eskubideen inguruan umeen defentsa-erakundeek aurkezten dituzten mehatxuak borrokatzeko: adingabekoen parte hartzeari buruzko 12. iruzkin orokorraren aurkezpena", Jean Zermattenen eskutik, Nazio Batuen Umeen Eskubideei buruzko Batzordeko lehendakariordea; eta "Nazio Batuen indarkeriari buruzko azterlanaren gomendioak gauzatzea", Marta Santosen eskutik, Nazio Batuen ordezkari berezia Umeen aurkako Indarkeriarako.
Lehen egun horretako bigarren saioan, "Justiziak adingabekoak kontuan izan ditzan Europako Batzordearen jarraibideen aurkezpena" hitzaldia eman zuen Ankie Vandekerckhovek, Europako Batzordeko aholkulari.
Bigarren egunean, lehenengo saioan hitzaldi hau eman zuen ENOCeko aholkularia den Peter Newellek: "Nazio Batuen Umeen Eskubideei buruzko Batzordearentzako komunikazio prozedura sortzen duen aukerako protokolo berria egitearen bilakaera".
Gero, zenbait lan tailer egin ziren. Haietan, umeen defentsa-erakundeen ordezkariek ondoko gaiak aztertu zituzten: indarkeria, osasuna, hezkuntza eta teknologia berriak.
Bigarren egun honetako azken zatia "Adingabekoei entzutearen balioa" izeneko hitzaldiarekin hasi zen, Europako Batzordeko Giza Eskubideen ordezkaria den Thomas Hammarbergen eskutik. Gero, baterako saioa izan zen. Bertan, 15 estatu kideetako adingabekoek proposamenak egin eta iritziak eman zituzten, aldez aurretik lan tailerretan landu zituzten gaiei buruz, eta umeen defentsa-erakundeetako ordezkariek iritzi horiek entzun eta proposamenak eztabaidatu zituzten.
Biltzarra amaitu zen egunean, ENOCek Europako Umeen Defentsa-erakundeak sendotzeko eginiko gomendioak onartu ziren, eta ENOCen Urteko XV. Biltzarrak jorratuko duen gaia aztertu zen. Umeen Defentsa-erakundeen Europar Sareak 2011. urtean egingo dituen jarduerak ere aztertu ziren.
3.4. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) XV. Biltzarra eta Urteko Batzarra)
Iñigo Lamarca arartekoa eta Julia Hernández Arartekoaren ondokoa Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) XV. Biltzarrera eta Urteko Batzarrera joan ziren, Kolonbiako Cartagena de Indias hirian, urriaren 26tik 28ra.
FIO herritarren eskubideak defendatzeko eta babesteko erakundeak biltzen dituen sare iberoamerikarra da. Haren helburu nagusia lankidetzarako foroa eratzea, esperientziak trukatzea, eta Ombudsmanaren figura sustatzea, hedatzea eta sendotzea da. Defentsarien topaketa horretan zenbait gairi heldu zitzaien edizio honetan: errefuxiatuak, emakumezkoen salerosketa eta derrigortutako leku-aldaketak.
FIOren XV. Biltzar honen barnean, FIOko Emakume Sarearen XI. Batzarra egin zen. Batzarraren lelo nagusia "Herritarren segurtasuna. Emakumeentzat seguruak diren hiriak" izan zen. Batzar honen ondorio gisa, Emakumeentzat seguruak diren hiriei buruzko adierazpena egin zen, FIOren XV. Batzar Orokor Arruntean irakurri zena.
3.5. Herri Defentsarien Europako Sarearen VII. Eskualde Mintegia
Azaroaren 8an eta 9an Austriako Innsbruck hirian Herri Defentsarien Europako Sarearen VII. Eskualde Mintegia egin zen. VII. mintegi hau Tiroleko herri defentsariak eta Europako herri defentsariak elkarrekin antolatu zuten. Mintegira herrialde hauetako eskualdeetako herri defentsariak etorri ziren: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Italia, Erresuma Batua eta Suitza.
Mintegia hasteko ekitaldian ondoko hauek parte hartu zuten: Josef Hauser, Tirolgo herri defentsaria, P. Nikiforos Diamandouros, Europako herri defentsaria, eta Herwig van Staa, Tirolgo Eskualdeko Legebiltzarreko lehendakaria.
Lehenengo egunean Anna Gamper irakasleak, Innsbruckeko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko katedradunak, hitz egin zuen. Eskualdeetako herri defentsarien papera aztertu zuen.
Gero, "Europako Zuzenbidearen ezagutza konpartitzen" izenburuarekin, lehenengo saioan ondoko hitzaldiak eman ziren, Iparraldeko Renania-Westfaliako Eskaeren Batzordeko lehendakaria den Rita Klöpperrek gidatuta: "Herri defentsarientzat bereziki interesgarriak diren Europar Zuzenbideko kontuak", Errioxako herri defentsaria den María Bueyoren eskutik; "Herri Defentsarien Europar Sarearen bidez jakintza konpartitzen", Austriar Herriaren Defentsariaren Batzordeko kide den Terezija Stoisitsen eskutik; "Europako Herri Defentsariaren ikerkuntza prozedura", Europako Herri Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Katrin Mülleren eskutik; eta "Eskualdeetako herri defentsariek ikerkuntza prozedura nola erabiltzen duten", Emilia-Romañako Herri Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Eloisa Cremaschiren eskutik.
Lehen egun honetako bigarren saioan, hitzaldi hauek aurkeztu ziren, "Herri Defentsarien Europar Sarea" izenburuarekin eta Burgi Volggerrek (Bolzanoko herri defentsariak) gidatuta: "Nortasun berria Herri Defentsarien Europar Sarearentzat" Europako herri defentsaria den P. Nikiforos Diamandourosen eskutik; "Eskualdeetako herri defentsarien artean loturak sortzen", Ingalaterrako tokiko herriaren defentsaria den Anne Seexen eskutik; eta "Herri Defentsarien Europar Sarearentzako kanpo sare berria", Europako Herriaren Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Ben Hagarden eskutik.
Bigarren egunean, "Ingurumen arazoak eta eskualdeetako herri defentsarien papera" izenburuarekin, lehenengo saioa Vorarlbergeko herri defentsaria den Gabriele Strelek gidatu zuen. Saio honetan "Europako Ingurumen Zuzenbidearen azken aurrerapenak" izeneko hitzaldia eman zuen Karl Falkenbergek, Europako Batzordeko Ingurumeneko zuzendari nagusiak.
Bigarren egun honetako azken saioan, Vaud kantoiko herri defentsaria den Véronique Jobinek gidatua, hitzaldi hauek aurkeztu ziren: "Uraren kudeaketa", Walloniako herri defentsaria den Frédéric Bovessek eman zuena; "Uholdeen aurkako babesa; fruta-arbolen mozketa", Thuringiako herri defentsaria den Silvia Liebaugek emana; eta "Amiantoak sortutako arazoak", Síndic de Greuges de Catalunya-ko Rafael Ribók emana.
Mintegia amaitzeko, Tirolgo herri defentsaria den Josef Hauserrek hitz egin zuen. Europako herri defentsaria den P. Nikiforos Diamandourosek ere hitza hartu zuen, eta azaldu zuen Ombudsman erakunde guztien arteko lankidetza sendotu behar dela Herri Defentsarien Europar Sarearen barruan.
3.6. Arartekoaren eta Andaluziako herri defentsariaren artean "DEFENTSARITZAK SAREAN" izeneko programa garatzeko lankidetza hitzarmena
Arartekoaren erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Andaluziako herri defentsa-erakundearekin. Hitzarmen horren arabera, bi erakundeek lankidetzako eta berrikuntzako zenbait proiektu garatzeko konpromisoa hartu dute. (ikusi txosten honetako VII.4 kapitulua).
Akordio hau herri defentsa-erakundeek XXIV. koordinazio jardunaldietan, 2009ko urrian Andaluzian eginak, ateratako ondorioetan oinarrituta egin zen. Bi erakundeek uste dute komenigarria dela beren funtzionamenduan komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabilera sartzea. Horrela, gaitasun berriak eskuratu ahalko dituzte, e-administrazioaren eta demokrazia parte hartzailearen printzipioak bereganatu ahal izateko.
"Defentsa-erakundeak sarean" programaren helburua erakunde biek zerbitzuak ematerakoan duten eraginkortasuna hobetzea da, baita IKTen ezarpena eta garapena ere, gizartean presentzia eta hurbiltasuna lortzeko, eta herritarrentzat irisgarritasun handiagoa ahalbideratzeko.
3.7. Arartekoaren eta Buenos Aires Hiriko herri defentsariaren arteko lankidetza hitzarmena
Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioan (FIO) Iberoamerikako beste herrialde batzuetako defentsa-erakundeekin sortzen diren harremanen artean, harreman berezia sortu da Buenos Aires Hiriko herri defentsa-erakundearekin (Argentinar Errepublika), lankidetza hitzarmen batean gauzatu dena, umeen eta nerabeen artean informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera segurua sustatzeko asmoz, batez ere adingabekoen datu pertsonalen pribatutasunarekin eta babesarekin zerikusia duen guztian. Lankidetza hitzarmen hau dela bide, bi erakundeek jarduketak modu koordinatuan garatu nahi dituzte, baterako jardueren programa bat proposatu nahi dute eta jakintza eta esperientziak trukatzeko lankidetzan aritu nahi dute.
3.8. Arartekoaren, Andaluziako herri defentsariaren eta Asturias Printzerriko prokuradore nagusiaren arteko lankidetza hitzarmena
Arartekoak, Andaluziako herri defentsariak eta Asturias Printzerriko prokuradore nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, gizartearekin harreman handiagoa eduki ahal izateko ekintza komunak garatzeko asmoz.
Herri defentsari horiek lan metodoak, tresna teknologikoak eta parte hartze esperientziak konpartitzeko konpromisoa hartu zuten, zerbitzuak ematean eraginkortasuna hobetzeko asmoarekin.
Zehazki, jakintza eta esperientziak trukatzeko, elkarri laguntzeko eta defentsariak herritarrengana hurbiltzeko beharrezkoak diren ekimenak garatzeko konpromisoak hartu zituzten. Zentzu horretan, herritarren eskubideak bultzatzeko baterako proiektuetan esperientzia konpartituak egin nahi dira, gizarte erakundeekin foroak egin nahi dira, haurren eta nerabeen eremuan lankidetza proiektuak egin nahi dira, eta herritarrek defentsa-erakundeekin ikus-entzunezko bitartekoen bidez zuzeneko harremana izan dezatela erraztu nahi da.
4. Arartekoaren erakundearen beste jarduera batzuk
4.1. Arartekoaren informazio guneak dependentzia publikoetan
2010. urtean Arartekoa EAEko herritarrei ezagutzera emateko lanarekin jarraitu genuen, EAEn bizi diren pertsona guztiek erakunde honek ematen duen zerbitzu publikoa eta zertan lagundu ahal dien jakin dezaten.
Horretarako, aurreko urtean martxan jarri zen informazio kanpainari bultzada eman zitzaion. Kanpaina hartan, EAEko udaletxeetan Arartekoaren informazio guneak ipini ziren. Gune horietan harri-kartoizko eskultura bana jarri zen, eta euskarri horren barruan erakundeari buruzko informazioa dakarten liburuxkak, urteko aldizkariaren zenbait alerekin batera. Arartekoaren informazio gune horiek EAEko udaletxeetan mantentzeaz gain, 2010. urtean zehar hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren herritarren arretarako bulegoetan ere ipini ziren, jendea ibiltzen den eta erraz ikusteko modukoak diren lekuetan.
4.2. Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Arartekoaren erakundeak, legez aginduta dauzkan funtzioak betetzearekin zuzenean zerikusia duten jarduketez gain, urte osoan zehar jarduera asko egiten ditu, hala nola gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzea, giza eskubideei buruzko gaien inguruko zenbait forotan hitzaldiak ematea, erakundearen helburuekin zerikusi zuzena duten ekitaldi instituzionaletan egotea eta abar. Jarduera horien zerrenda osoa Arartekoaren web guneko "Jarduerak" atalean dago,. Hemen, egin diren jarduera guzti-guztien laburpena aurki daiteke, jarduera bakoitzarekin zerikusia duen dokumentazioarekin batera (adibidez, biltzarretan, mintegietan etab emandako hitzaldiak).
Hona hemen Iñigo Lamarca arartekoak egin dituen jarduerarik garrantzitsuenak, urteko txosten honetan ager daitezen:
o Otsailaren 25ean: Genero arrazoiengatiko jazarpenari eta asilo eskubideari buruzko I. Biltzarraren inaugurazioan parte hartu zuen, CEAR-Euskadik Bilbon antolatua.
o Otsailaren 26an: Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen gurasoen elkarteak (AMPGYL) antolatutako estatuko IX. jardunaldietan parte hartu zuen, Elchen, "Ezkontza homosexuala eta adopzioa. Lege ikuspegia" izeneko hitzaldiarekin.
o Martxoaren 4an: UPV/EHUren Esperientzia Geletan parte hartu zuen, "Arartekoak nola defendatzen du herria?" izeneko hitzaldiarekin, Donostian.
o Martxoaren 18an: Sagrado Corazón ikastetxean giza eskubideei buruzko hitzaldi batean parte hartu zuen, "Udaberria Europan" urteko kanpainaren barruan, Europar Batasunak bultzatua eta Gasteizko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeei zuzendua.
o Martxoaren 22an: Demokraziari eta gutxiengo sexualei buruzko hitzaldiak eman zituen Jaengo eta Kordobako unibertsitateetan, bi unibertsitateetako Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Zuzenbide Konstituzionaleko Sailek antolatuak, Jaenen eta Kordoban.
o Martxoaren 26an: Dibertsitate Afektibo eta Sexualeko Hezkuntzari buruzko I. Jardunaldietan parte hartu zuen. Jardunaldi hauek Errioxako Unibertsitateak antolatu zituen, GYLDA kolektiboarekin eta Logroñoko Udalarekin lankidetzan. Arartekoak hitzaldi hau eman zuen: "Dibertsitate afektibo eta sexualaren babesa: defentsariaren figuraren papera". Logroñon.
o Martxoaren 29an: Erizaintza Eskolako XXI. Jardunaldien inaugurazioan parte hartu zuen, "Gizarte eta osasun arreta eragin berezia jasotzen duten biztanle taldeengan", Gasteizen.
o Apirilaren 21ean: Deustuko Unibertsitateko Humanitate Fakultateak Herritartasunari eta Inmigrazioari buruz antolatutako tailerrean parte hartu zuen, "Lege alderdiak" izena zuen hitzaldiarekin, Donostian.
o Apirilaren 22an: Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainako "GOL 1 hezkuntzaren alde" ekimenean, mundu osoko 100 herrialde baino gehiagotan egin zena, parte hartu zuen, Eibarren.
o Maiatzaren 5ean: Caja Castellón Fundazioak antolatutako hitzaldi-eztabaidan parte hartu zuen, "Herritarren eskubideak krisialdietan" izeneko hitzaldiarekin, Castellón de la Planan.
o Maiatzaren 13an: "Jaunok, hitz egin behar dugu" jardunaldiko hitzaldi batean parte hartu zuen. Jardunaldi hori Bizkaiko Cáritaseko Emakume Taldeak antolatu zuen, "2010eko Berdintasunerako Foroaren" barruan, Emakundek abian jarri zuena, Bilbon.
o Maiatzaren 21ean: Herritartasun Digitaleko Nazioarteko I. Biltzarraren amaiera ekitaldian parte hartu zuen. Biltzar honetan, "Ciberbullyinga eta Interneteko beste erronka batzuk adingabekoentzat eskolan eta familian" aztertu ziren, Donostian.
o Maiatzaren 24an: Bizkaiko Famili Gurasoen eta Ikasleen Gurasoen Federazio Katolikoak (FECAPP) antolatutako hitzaldi-eztabaida batean parte hartu zuen. Bizikidetzako eskuliburu batzuk aurkeztu ziren familientzat, irakasleentzat eta gazteentzat, Bilbon.
o Ekainaren 21ean: José Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehenbiziko lehendakariaren omenaldian parte hartu zuen. Bertan, lehendakariaren De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín lanaren pasarte bat errezitatu zuen. Bilbon.
o Abuztuaren 23an: "Adineko pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartzeko plan integral baterantz" udako ikastaroan parte hartu zuen, UPV/EHUaren Udako Ikastaroen XXIX. edizioaren barruan. "Adineko pertsonen eskubideak eta betebeharrak gure gizartean. Nahiak eta oztopoak" izeneko hitzaldia eman zuen. Donostian.
o Irailaren 1ean: "Zahartzea, gure gizarteko balio" udako ikastaroan parte hartu zuen, UPV/EHUren Udako Ikastaroen XXIX. edizioan, "Adineko pertsonen eskubideak eta betebeharrak" izenburua zeukan hitzaldi batekin, Donostian.
o Urriaren 6an: Gasteizko auzokideen sindiko defentsariak antolatutako Tokiko Defentsarien Estatuko III. Topaketaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen, "Defentsa-erakundeak demokrazien bidegurutzean" izeneko hitzaldiarekin, Gasteizen.
o Urriaren 15ean: LGBT pertsonei zuzendutako politika publikoei buruzko hitzaldia eman zuen "Bartzelonako Udalaren LGBT kolektiboarentzako Udal Planaren" aurkezpenean, Bartzelonan.
o Urriaren 21ean: Gizarte Kontseiluen I. Biltzarra irekitzeko ekitaldian parte hartu zuen, Gasteizen.
o Urriaren 22an: EAEko gizarte eta osasun erakundeen arteko topaketaren inaugurazioan parte hartu zuen, "Osasun mentala eta gizarte bazterketa: gaiaren egoera" izenburua zeukan hitzaldi batekin, Bilbon. Topaketa Birgaiketa Psikosozialaren Euskal Elkarteak (ASVAR) eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Europar Sareko Euskadiko atalak (EAPN Euskadi) antolatu zuten.
o Urriaren 23an: "Gipuzkoa solidarioa: Gipuzkoak mila aurpegi" ekitaldian parte hartu zuen. Ekitaldia SOS Racismok antolatu zuen, gaur egun euskal gizarteak duen eraketan etorkinek egin duten ekarpena eskertzeko asmoz, Donostian.
o Azaroaren 4an: Tratu txarrak jaso dituzten umeei buruzko Estatuko X. Biltzarrean parte hartu zuen, "Jardunbide egokia babes sisteman: adingabekoen beharrizanen eta sistemaren baliabideen artean" izeneko lan-mahaian moderatzaile lanak eginez. Biltzarra Umeen Tratu Txarrak Prebenitzeko Elkarteen Federazioak (FAPMI) antolatu zuen, Sevillan.
o Azaroaren 9an: Krisialdian dagoen gizarte baten balio demokratikoei buruzko mintegian parte hartu zuen, "Zer paper jokatzen dute balio demokratikoek gazteen eremu espezifikoan?" izeneko hitzaldiarekin. Mintegia Valsaín Fundazioak antolatu zuen, Eusko Jaurlaritzarekin, Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin lankidetzan, Gasteizen.
o Azaroaren 10ean: "Generoak, sexualitateak eta gorputzak" nazioarteko jardunaldien inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen. Jardunaldi hauek Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu zituzten, pertsona transexualen, gayen, lesbianen, bisexualen eta intersexualen desira eta nortasun sexualen errespetutik hurbilketa bat egiteko helburuarekin, Bilbon.
o Azaroaren 11n: Azkoitia Forumak laneko eta familiako bizitza adiskidetzeko antolatu zituen jardunaldietan parte hartu zuen, "Gure gizarte ereduan adiskidetzea posible al da?" izeneko hitzaldia emanez, Azkoitian.
o Azaroaren 20an: tratu txarren osteko eta giza eskubideen beste urraketa larri batzuen osteko ebaluazio mediko eta psikologikoari buruzko jardunaldian parte hartu zuen, "Euskal esperientzia tratu txarren egoeretan eta giza eskubideen beste urraketa batzuen aurrean: atxiloketa inkomunikatuko kasuen aipamen berezia" izeneko hitzaldiarekin, Ana Isabel Pérez Matxioren eskutik, Bilbon. Jardunaldi hauek OME osasun mentaleko eta psikiatria komunitarioko elkarteak eta OSALDE osasunerako eskubidearen aldeko elkarteak antolatu zituzten.
o Azaroaren 23an: Argentinako Rosario hirian "LGBT politika publikoa. Esperientziak eta eztabaidak" mahai-inguruan parte hartu zuen, aipatutako hiriko Dibertsitate Sexualeko Arloak eta Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko Dibertsitate Sexualeko Unibertsitate Programak antolatua. Era berean, sei egun beranduago, politika publikoei buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuen, Argentinako Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Federazioak (FALGBT) antolatua, Argentinako Nazioaren Biltzarrean.
o Abenduaren 9an: Bakerako Giza Eskubidearen Nazioarteko Biltzarreko hasierako saioan parte hartu zuen. Biltzarra Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Zuzenbiderako Espainiako Elkarteak (AEDIDH) antolatu zuen, 2010 Foroarekin, Munduko Elizen Kontseiluarekin (CMI) eta Alexandriako Bakerako Ikerketen Institutuarekin (IPS) batera, Donejakuen.
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak:
o Otsailaren 6an: Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren XX. urteurrenaren ekitaldian egon zen, Madrilen.
o Otsailaren 17an: Fernando Buesaren omenezko ekitaldian egon zen, haren hilketaren X. urteurrenean, Gasteizen.
o Otsailaren 19an: Genero Indarkeriaren aurkako III. Jardunaldien amaiera ekitaldian parte hartu zuen, Barakaldon.
o Martxoaren 18an: Emakumea eta Ezintasuna Foroaren VII. edizioan parte hartu zuen, Ezintasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (FEKOOR) antolatua. Hitzaldia egin zuen, Ezindutako Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren 6. artikulua (ezintasunari eta berdintasunari buruzkoa) aztertzen. Bilbon.
o Apirilaren 15ean: Euskadiko Eskola Kontseiluaren eraketaren XX. urteurrenaren ekitaldian egon zen, Bilbon.
o Apirilaren 20an: Deustu Forumek Giza Eskubideei buruz eta Justizia Unibertsalaren Printzipioari buruz egin zuen biltzarrera joan zen, Bilbon.
o Maiatzaren 12 eta 13an: "Gazte talde biolentoak: esku hartzeko estrategiak" gaiari buruzko jardunaldietan parte hartu zuen, Madrilen.
o Maiatzaren 16an: "Adingabekoaren eskubideak eta zaintza konpartitua" jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian, Kidetzak (Euskadiko guraso bananduen federazioak) antolatua, parte hartu zuen. Zaintza konpartituaren gaiaren inguruko egoera aztertu zuen bere hitzaldian. Arartekoaren erakundeak gai honi buruz egin duen gomendioa aztertu zuen. Gasteizen.
o Maiatzaren 16an: Ertzaintzaren Egunaren ospakizunean egon zen, Erandion.
o Maiatzaren 22an: Nazioarteko COVITE Sariaren IX. edizioko ekitaldira joan zen, EAEko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak emana, 2010. urteko terrorismoaren biktimak oroitzeko eta laguntzeko jarduna saritzeko, Donostian.
o Maiatzaren 26an: World Café batean parte hartu zuen, hezkuntza komunitatean diharduten zenbait eragilerekin batera. Eskolako kirolaren egoera, helburuak eta xedeak aztertu zituzten. Gasteizen.
o Ekainaren 10ean: Alkoholiko Anonimoak Fundazioak bere 75. urteurrenean antolatu zuen hitzaldi-eztabaidan parte hartu zuen, Donostian.
o Ekainaren 23an: "Terrorismoaren biktimen ikusgarritasun soziala eta politikoa" izeneko jardunaldietara joan zen, Gasteizen.
o Irailaren 11n: Xabier María de Munibe Institutuak antolatu zuen Ilustrazioari eta haren balioei buruzko I. mintegiko amaiera ekitaldian parte hartu zuen, "Evaren ilustrazioa" izenburuarekin. Emakumezko literatur idazleen analisia egin zuen bere hitzaldian, batez ere ilustraziotik aurrera. Azkoitian.
o Urriaren 6-8an: Tokiko Defentsarien Estatuko III. Topaketan parte hartu zuen, Gasteizen.
o Urriaren 10ean: Adimen Mentalaren Munduko Egunerako antolatutako ekitaldietan parte hartu zuen, Laudion.
o Urriaren 26an: Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioko (FIO) Emakumeen Defentsa-erakundeen Sarearen urteroko batzarrean parte hartu zuen. Herritarren segurtasunaren gaia eta emakumeen eskubideak aztertu ziren, "Emakumeentzat seguruak diren hiriak" izenarekin. Kolonbiako Cartagena de Indias hirian.
o Urriaren 29 eta 30ean: genero indarkeriari buruzko hitzaldiak eman zituen UMD unibertsitatean eta bigarren hezkuntzako eskola batean, Kolonbiako Bogota hirian.
o Azaroaren 15etik 21era: Umeen eta Nerabeen Eskubideei buruzko IV. Munduko Biltzarrean parte hartu zuen, "Umeen esplotazio sexualaren bezeroak" izeneko hitzaldiarekin, Puerto Ricon.
o Azaroaren 24an: Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean antolatutako ekitaldietan parte hartu zuen, generoari eta ezintasunari buruzko hitzaldi batekin, Plasencian (Caceres).
o Abenduaren 3an: Ezindutako Pertsonen Nazioarteko Egunerako antolatutako ekitaldietan egon zen, Bilbon.
o Abenduaren 13an: Artean eta kulturan sexuen arteko berdintasunerako politikei buruzko I. topaketara joan zen, Gasteizen.
o Abenduaren 16an: Deustuko Unibertsitateko Gizarte premiei buruzko IV. jardunaldien inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen. Eman zuen hitzaldian, genero indarkeriak emakumeentzat eta beraien haurrentzat dakartzan ondorioek EAEn sortu duten egoera aztertu zuen. Donostian.
o Abenduaren 18an: Ghanaren Lagunak GKEak Etorkinaren Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu zituen ekitaldietan parte hartu zuen. Giza eskubideei eta inmigrazioari buruzko hitzaldia eman zuen. Durangon.