5. Azterketaren metodologia
5.1. Ikerkuntza-dokumentazioa
Irisgarritasun diagnostikoari ekin baino lehen, ikerkuntza lan xehatua egin da inguruneko irisgarritasun arazoren bat eta, zehazkiago esatearren, garraiobideetako irisgarritasuna jorratu eta arautu duten lege eta dokumentu iturrien gainean.
Hurrengoak ikertu eta dokumentatu dira: esparru juridiko autonomikoa, estatu mailakoa eta nazioartekoa; estatu mailako irisgarritasun planak; gizarte bazterkeriari eta ezgaitasunari buruzko berariazko txostenak; aukera berdintasuna eta bereizkeria eza sustatzeko programak; gizarte baliabideen mapak; ezgaitasunari eta mugikortasun urriari buruzko azterlanak, eta mugikortasun urria duten pertsonentzako irisgarritasun eta garraio konponbide zehatzak. Informazio multzo hori oso erabilgarria izan da diagnostikoa egiteko elementu gisa eta ondoren garraio sistema bakoitzean gomendio programa egiteko gida bezala.
Bibliografiaren idatz zatian xehetasunez jaso da kontsultatutako iturri tekniko eta juridikoen zerrenda.
5.2. Diagnostikoa egiteko tresnak
EAEko garraio sistema publikoaren irisgarritasuna ebaluatzeko prozesua landa kanpaina xehatu baten inguruan antolatzen da. Hura hurrengo bitartekoek eusten dute:
– Aurrez aurreko elkarrizketak erakundeen ordezkariekin, ezgaitasunaren gizarte agenteekin eta EAEn garraioaren plangintzari, kudeaketari eta eragiketari uztartuta dauden erakunde publiko eta pribatuekin. Elkarrizketa horiek aukera ematen dute lehen eskutik ezagutzeko zeintzuk diren irisgarritasuna hobetzearekin zerikusia duten agenteek beren eskumenen esparruan dituzten jarduera programak.
– Ekipamenduak eta garraiorako ibilgailuak behatzea; horrela, elkarrizketen fasean zehar bildutako informazioa alderatu eta osatzea ahalbidetu da. Ikuskatze lanak, halaber, froga grafikoak eta agiri bidezkoak eman dizkigu zerbitzuak ematerakoan topatutako irisgarritasun gabezien gainean.
– Telefono bidezko inkestak edo "mailing" bidezkoak, lehen mailako iturrietan eskuratutako informazioan sakontzeko.
Orokorrean, 25 elkarrizketa pertsonal egin da guztira, eta EAEko tren geltoki, autobus terminal, aireportu eta metro eta tranbia geraleku guztiak bisitatu dira. Horien gaineko behaketa prozesua landa laneko 100 orduraino iritsi da ia.
Erantsitako tauletan tokian bertan egindako elkarrizketa pertsonalen eta ikuskatzeen zerrenda xehatu da:
ERAKUNDEA
Eusko Jaurlaritza – Garraio eta Herri Lan Saila
Donostiako Udala / d-bus
Renfe Aldirikoak Bizkaia-Gipuzkoa
ELKARTU
Bilboko Udala / Bilbobus
ADIF
Bizkaiko Foru Aldundia / Bizkaibus
Euskal Trenbide Sarea (ETS) - EuskoTren
Gipuzkoako Foru Aldundia / Lurraldebus
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza
Arabako Foru Aldundia
Vitoria-Gasteizko Udala / TUVISA
ONCE - FEKOOR - EDEKA
FEVE
Bizkaiko Garraio Partzuergoa
AENA – Donostiako Aireportua
AENA - Vitoria-Gasteizko Aireportua
AENA – Bilboko Aireportua
Landa lanaren kanpaina
EGUNA | EBALUATU BEHARREKO ITEMAK | PROBINTZIA | ERABILITAKO ORDUAK |
Apirilak 15 | A-1 Linea. Renfe, Gipuzkoako Aldirikoak: Irun - Brinkola Donostiako Autobus Geltokia | Gipuzkoa | 12 |
Apirilak 16 | EuskoTren Zumaia - Lasarte Oria - Hendaia | Gipuzkoa | 7 |
Apirilak 19 | EuskoTren Bilbo - Eibar - Zumaia | Bizkaia - Gipuzkoa | 12 |
Apirilak 20 | EuskoTren Urdaibai - Txorierri Lineak | Bizkaia | 12 |
Apirilak 21 | FEVE Bilbo Balmaseda Lineak / Santander/Leon eskualdekoak | Bizkaia | 12 |
Apirilak 22 | A-1 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Santurtzi | Bizkaia | 7 |
A-2 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Muskiz | Bizkaia | 7 | |
Apirilak 23 | Bilboko Metroa | Bizkaia | 7 |
Bilboko tranbia | Bizkaia | 7 | |
Termibus – Bilboko Autobus Geltokia | Bizkaia | 7 | |
Apirilak 26 | Vitoria-Gasteizko tranbia | Araba | 8 |
ADIFen geltokia, Vitoria-Gasteiz | Araba | 8 | |
Vitoria-Gasteizko Autobus Geltokia | Araba | 8 | |
Apirilak 28 | A-3 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Urduña ADIF Geltokiak (eskualdeko zerbitzuak) Araban | Araba - Bizkaia Araba | 12 |
Apirilak 30 | Donostiako Aireportua | Gipuzkoa | 2 |
Maiatzak 21 | Vitoria-Gasteizko aireportua | Araba | 2 |
Maiatzak 7 | Bilboko aireportua | Bizkaia | 2 |
GUZTIRA: 95 |
Ikuskatze lan guztiaren oinarrian elementu grafikoak (argazkiak, alegia) eta auditoretza fitxa izenekoak osatzea dago. Fitxa horiek lege eta eskumen esparrua aztertzearen ondotik eraikitzen dira, eta, bertan, behaketetan kontrolatu beharreko oinarrizko alderdi guztiak xehatzen dira.
Adibide modura, ikuskatze fitxa baten eredua erantsi da:
Deskargatu ikuskatze fitxa baten eredua
Txostenaren CD formatuan, behaketa kanpainatik etorritako auditoretza fitxa guztiak sartzen dira, garraio sistemak gorabehera antolatuta.
5.3. Eskuratutako datuen ustiapena
Landa laneko (behaketak eta elkarrizketak) kanpainatik etorritako informazioaren ustiapena jarraian datozen oinarrizko printzipioei jarraiki egituratu da:
– Hierarkia printzipioa: ekipamenduen eta material mugikorraren ezaugarriak finkatzeko saiakera egin da haien irisgarritasun maila gorabehera, baina, betiere, garraioetara iristea eta haiek normaltasunez erabiltzea baldintzatzen duten oinarrizko bi irizpideak aintzat hartuta balorazioan, alegia, joan-etorriaren segurtasuna eta funtzionaltasuna (autonomia).
– Homogeneizazio printzipioa: informazioaren azterketa eta ustiapen metodologia bat hartzeko saiakera egin da, horrek ondoren aukera eman zezan garraio sistemen eta lurralde eremuen izaera kuantitatibo eta kualitatiboko alderaketak ezartzeko.
Printzipio gidari horiek informazioaren tratamenduan sartzeko, metodologia berritzailea hartu da. Horrek, parametro komun batzuen ebaluaziotik abiatuta, aukera eman du tresna grafikoak lantzeko eta horien bitartez garraio sistemen irisgarritasun ezaugarriak kuantitatiboki eta kualitatiboki ikusteko.
Garraio azpiegitura eta ekipamenduen diseinua eta funtzionaltasuna heterogeneoa denez, tresna grafiko horien erabilerak erraztu egiten du instalazioen, garraio moduen eta lurralde eremuen arteko alderaketa egin ahal izatea.
Bi dira ezaugarriak ateratzeko prozesuan eta ebaluazio alderatua egitekoan erabiltzen diren tresnak:
– Gabezien matrizea
– Irisgarritasun diagrama
5.3.1. Gabezien Matrizea[12]
Izaera kuantitatiboko tresna bat da, eta informazio osoa eta alderatua ematen du aintzat hartutako garraio sistemarentzako dagoen joan-etorri katearen irisgarritasunaren ezaugarriei buruz.
Horretarako, Irisgarritasun Indizea (II) izena duen adierazle sintetiko bat sortzen da. Horrek, garraio ekipamendu bakoitzarentzat (trenbide geltokia, autobus terminala, aireportua) bateratuak izango diren parametro batzuk aztertu eta baloratzearen ondotik, aukera ematen du objektibotasunez zenbatu eta alderatu ahal izateko oinezko ingurunearen eta instalazioen irisgarritasun maila. Katearen etapa guztietan joan-etorriak duen segurtasunaren eta autonomiaren (funtzionaltasuna) ikuspegitik egiten da azterketa.
Parametro hauetako bakoitzaren balorazioarekin, irisgarritasun alderdiak izena dutenak, eta ekipamendu bakoitzerako irteten diren irisgarritasun indizeekin, Gabezien Matrizea eraikitzen da. Horri esker posible da joan-etorri kate osoaren irisgarritasun egoera ikustea (ingurunea-ekipamendua-material mugikorra).
Bi irizpide finkatzen da joan-etorri katearen irisgarritasun alderdien balorazioa egiteko.
– Segurtasuna
Segurtasun bezala ulertzen da mugikortasun urriko pertsonak duen gaitasuna kasuan kasuko ekipamenduan edo ibilgailuan ageri diren elementuetara iritsi eta horiek erabiltzeko, segurtasun fisikoko, erosotasuneko eta duintasun pertsonaleko baldintza egokietan.
– Funtzionaltasuna
Funtzionaltasuna esaten denean ulertzen dena da mugikortasun urriko pertsonak duen gaitasuna kasuan kasuko ekipamenduan edo ibilgailuan ageri diren elementuetara autonomiaz iritsi eta horiek erabiltzeko.
Bi irizpideentzat hiru balorazio maila finkatu da metodologiaren aldetik:
– 0: egoera ezin hobea: segurtasuna duena eta funtzionala.
– 1: segurtasunaren aldetik nolabaiteko zailtasuna ageri duen egoera eta joan-etorrirako eta erabilera autonomorako oztopoak dituena.
– 2: egoera kritikoa segurtasunaren aldetik eta disfuntzionaltasunekin, joan-etorrietan eta elementuen erabileran autonomia ahalbidetzen ez dutenak.
Horrela, irizpide horiek oinarri hartuta, topatu diren gabeziak kritikotasuneko zazpi mailatan antolatuta geratzen dira erantsi den taularen ondotik:
Iturria: geuk egina.
Segurtasun eta funtzionaltasun irizpideak aplikatzeko kontuan hartzen diren irisgarritasuneko hamabi alderdiak antolatu egiten dira garraiora iristeko eta hura normaltasunez erabiltzeko funtsezko izaera edukitzearen arabera. Gauzak horrela, irisgarritasun alderdiak lehen mailakoetan eta bigarren mailakoetan bereizten dira.
– Lehen mailako izaera: alderdi hauen kasuan baldintza ezin hobetan egotea ezinbestekoa da erabat, mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorri segurua eta autonomoa bermatzeko garaian irisgarritasun kate osoan zehar.
Lehen mailako izaera duten irisgarritasun alderdien zerrenda:
• Kanpoko irisgarritasuna: oinezko ibilbidea, ateak, arrapalak, eskailerak...
• Barne joan-etorria ekipamenduan: ateak, eskailerak, oztopoak, zoladura, gidari izateko seinaleztapena, eta abar.
• Segurtasuneko seinaleztapena: zerrenda kromatikoak, botoiak...
• Ibilgailura sartzea eta hartatik irtetea.
• Joan-etorria ibilgailuaren barrualdean: oztopoak, ainguratzeak, barrak, eta abar.
• Informazio eta komunikazio sistemak instalazio eta ibilgailuetan: megafonia, zutabe estatikoak, teleadierazgailuak, eta abar.
– Izaera osagarria: Alderdi hauek ezin hobeak izatea ez da erabakigarria mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorriaren segurtasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko.
Izaera osagarria duten irisgarritasun alderdien zerrenda:
• Altzariak.
• Komunak.
• Leihatilak, salmahaiak.
• Zerbitzu osagarriak (telefonoa, kutxazainak, kafetegia...).
Ondorioz, kontuan hartutako irisgarritasun alderdiek 0 (egoera ezin hobea) eta 4 (egoera kritikoena) arteko balioak har ditzakete, balorazioan erabilitako segurtasun eta funtzionaltasun irizpideei jarraiki. Irisgarritasun Indizea irisgarritasun alderdi bakoitzaren balorazioaren baturaren eta baloratutako alderdi kopuruaren arteko zatiduraren emaitza izango da.
Matrizeak bi II balio edukiko du ekipamendu bakoitzeko: bata, irisgarritasun alderdi guztien baloraziotik datorrena eta, bestea, garrantzitsuagoa, lehen mailako irisgarritasun alderdiak bakar-bakarrik aintzat hartzetik etorritako emaitza izango dena.
Instalazioen ezaugarriak atera eta aldez aurretik sailkatze honek lagundu egiten du ondoren egingo diren gomendioak hierarkizatzen. Zentzu horretan, ekipamendu jakin batzuetan lehentasunezko esku-hartzearen beharra are argiago geratzen da Irisgarritasun Indizearen balioa instalazio bakoitzean dagoen bidaiari eskaerarekin gurutzatzen denean.
Osatu gabeko matrizea azaltzeko eredua erantsi da.
Deskargatu matrizea azaltzeko eredua
Gabezien Matrizeko irisgarritasun alderdien balorazio guztiak hartu eta irisgarritasuneko indize sintetikoak kalkulatzen direnean, emaitza honela geratzen da:
– II≥2 ageri duten instalazio guztiak egoera kritikoan daudela uste da. Kasu hauetan, IIren balioa gorriz itzaleztatuta geratzen da matrizean.
– II≤1 ageri duten instalazio guztiak "irisgarritzat" jotzen dira[13]. Kasu hauetan, IIren balioa berdez itzaleztatuta geratzen da matrizean.
– 1 eta 2 artean kokatzen den Irisgarritasun Indizea duten instalazio guztiak (1>II<2) oso funtzionaltasun gutxikotzat jotzen dira.
– Bestalde, eskarian oinarrituta, geltokia bereziki garrantzitsua bada aintzat hartutako biztanleria gunean, IIren balioa gorriz seinaleztatuta geratzen da.
Jada eraikitako matrizea azaltzeko eredua erantsi da.
Deskargatu jada matriz eraikita azaltzeko eredua
5.3.2. Irisgarritasun Diagrama
Irisgarritasun Diagrama izaera kualitatiboko irudikapen grafiko bat da; bertan, aintzat hartutako mugen ezaugarriak eta tipologia gorabehera (fisikoak eta komunikaziokoak) eta joan-etorri kateko segmentu bakoitzerako, islatu egiten da zein den ebaluatzen ari den garraio sistemaren irisgarritasun egoera.
Irisgarritasun Diagramak irisgarritasun maila baloratzeko hiru kategoria ditu: irisgarria, funtzionala eta eskuraezina. Horiek bat datoz hiru irudikapen kolorerekin: berdea, anbarra eta gorria. Balorazio maila hauek aplikatu egiten dira garraio modu bakoitzeko irisgarritasun fisikoaren eta komunikaziokoaren ebaluazioan. Ebaluazioa joan-etorri katea gorabehera egiten da, kualitatiboki baloratuz ingurunearen egoera etapa ezberdinetan: Ingurunea, ekipamendua eta ibilgailua, eta, horrekin batera, baita puntu kritikoak ere, alegia, kanpoko ingurunearen eta garraio ekipamenduaren eta garraio ekipamenduaren eta ibilgailuaren arteko loturak.
Emaitza diagrama bisual bat da, eta bertan irisgarritasunaren egoeraren gaineko alderaketak ezartzerik dago trenbide korridoreak, aireportuak, errepidetiko garraio zerbitzuak, lurralde eremuak, eta abar gorabehera.
Jada beteta dagoen Irisgarritasun Diagrama baten eredu bat erantsi da.
Diagnostikoaren emaitzak (matrizeak eta diagramak) nahiz txosteneko ondorio eta gomendioak garraio sistemak gorabehera antolatzen dira, EAEko eremu funtzional ezberdinetan dagoen garraio publikoko eskaintzari jarraiki.
Premisa horiek oinarri hartuta, diagnostiko txostenaren eta ekintza planen idazketa hurrengo garraio sistemei eta zerbitzu elkartuei jarraiki egituratzen da:
[12] Azterlan honen esparruan, Gabezien Matrizea hurrengo sistemei aplikatu zaie: trenbideenari, errepideenari eta airetikoari.
[13] Ohikoa da ekipamendu hauetan eta guzti gabeziak topatzea, baina ez dira kritikotzat jotzen garraiobide bat segurtasunez eta funtzionaltasunez erabili ahal izateko.