Orokorrean, Bilboko me
tro sistemak kalifikazio altua eskuratu du irisgarritasunaren gaian. Hala ere, kasuan kasuko hobekuntza jarduerak egitea eskatzen duten gai batzuk badira, batez ere ikusmen eta entzumen urrituei sistema horretara autonomiaz iristea erraztuko dieten horiek.
Zentzu horretan, adierazi dezakegu instalazioak eta oinezko inguruneak irisgarriak badira ere mugikortasun urriko pertsonentzat, zenbait oztopo ere ageri dituztela komunikazioaren gaian, hain zuzen ere jarraian xehatuko ditugun hauek:
– Oinezkoentzako inguruneetan ikusi da ez dagoela zoladuran gida izateko ukimen seinaleztapenik, horren bitartez ikusmen urrituak orientatzeko igogailuen sarrerarantz eta atondora sartzeko arrapala eta eskaileretarantz.
– Gidatzeko ukimen seinaleztapenik ere ez dago igogailutik barruko atondoko intereseko elementu eta zerbitzuetarantz.
– Halaber, egiaztatu da nasara iristeko eskailera eta arrapaletan ez dagoela gida sistemarik (plakak Braillen eta goi-erliebean), horiek ikusmen urrituentzat orientazio izateko hartu nahi duten noranzkoa argitzeko garaian.
– Nasan ez dago gida zerrendarik ikusmen urritua bideratzeko unitate mugikorraren sarbide ateen kokalekurantz (urruneko ateak). Hori arazo bat izan daiteke unitate mugikor laburrenen kasuan.
– Igogailuei dagokienez, adierazi behar dugu egiaztatu egin dugula beharrezkoa dela erabilera lehentasunen sistema bat finkatu eta arautzea, eta, horrekin batera, gailu kopurua eta edukiera bermatzea. Horrela, geltoki berrietan eskaria behar bezala atenditu ahalko da.