2. Bilboko aireportua
Bilboko aireportua hiriburu bizkaitarretik 12 km-ra dago, Loiuko udal mugartean.
Azken urteetan, azpiegiturak hazkunde iraunkorra jasan du bidaiarien trafikoan. 2009. urtean, 3.654.951 bidaiari igaro zen instalazioetatik eta 54.146 hegaldi antolatu zen.
Fuente: aena.es
Azpiegituraren arduradunek 800-900 aldiz eman behar diete laguntza hilero mugikortasun urriko pertsonei. 2009. urtean, 17.097 aldiz izan zen. 2010. urtean (gaur arte), 4.140 dira. Aitzitik, ez dituzte bilerak edukitzen aldizka ezgaitasunaren elkarteekin.
Aireportuaren eraginkortasuna hobetze aldera eta terminalaren eraikina irisgarritasuna sustatzeko araudira egokitze aldera, jarduera zehatzak garatzen ari dira eta horiek instalazioen funtzionaltasuna hobetuko dute. Horien artean, hurrengoak dira azpimarragarri:
– Komunen egokitzapena terminalean (tokia areagotzea).
– Arrapalen eta igogailuen egokitzapena.
– Igogailu eta arrapala mekaniko berriak instalatzea iritsieren zonaldean.
– Informazio mahaietan eta AENAk mugikortasun urriko pertsonei laguntza emateko dituen puntuetan, indukzio magnetikoko begiztak jartzea, "T Moduko" audiofonoekin erabili ahal izateko.
Jarduera multzo honentzat zenbatetsi den gauzatze epea 6 hilabetetik 9 hilabetera bitartekoa da.
2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Loiuko aireportuak bere mailako aerodromo bati eska dakiokeen garraio publikoko eskaintza du. Taxi zerbitzuez gain, terminala komunikaturik dago bai hiriburu bizkaitarrarekin, bai gipuzkoarrarekin, errepidetiko hiri arteko garraio zerbitzuen bitartez. Probintziako linea (Loiu-Bilbo) 20 minuturo irteten da, eta, aldiz, probintzien artekoa (Loiu-Donostia) 60 minuturo irteten diren zerbitzuekin ematen da. Ibilgailuak, hasiera batean, ekipaturik daude arrapala eta plataformekin, modu horretara mugikortasun urriko pertsonen sarbidea erraztu ahal izateko.
Ibilgailuak aparkatzeko zonek parametro arautzaileetan bildutako erreserbak betetzen dituzte (plaza 1 mugikortasun urriko pertsonentzat 40 plaza bakoitzeko, edo horri dagokion zatikia). Berariazko bi eremu dago: nagusia, 2.908 plazarekin eta 58 mugikortasun urriko pertsonentzat, eta bigarren mailakoa, 672 plazarekin eta 17 mugikortasun urriko pertsonentzat (%2,5). Hala eta guztiz ere, aireportuko langileei zuzendutako aparkalekuak ez du berariazko erreserbarik mugikortasun urriko pertsonentzat.
Ibilgailuak aparkatzeko tokietatik dagoen oinezko ibilbidea funtzionala da, nahiz eta ez duen terminalaren eraikinerantz bideratzeko ukimen elementurik –zerrendak–.
2.2. Barruko irisgarritasuna
Atondoa eta bidaiariak egoteko eremuak (irteerak eta iritsierak) oztopoetatik libre daude joan-etorriak egiteko. Hala eta guztiz ere, toki horietatik batean ere ez dago ukimenez gidatzeko zerrendarik, horien bitartez ikusmen urrituak puntu interesgarrietara bideratzeko.
Terminalak megafonia zerbitzua eta informazio teleadierazgailuak ditu.
Fuente: aena.es
Azpimarratu beharreko beste alderdi batzuk hauek dira:
– Informazio eta fakturazio mahaiak ez daude egokituta. Ez dago garaiera baxuagoan egokituriko tarterik.
– Ez dago goi-erliebeko ukimen botoirik igogailuetan, Braille sistema eta egun instalaturik dagoen megafonia osatzeko.
– Eserlekuak ez daude egokituta eta mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako berariazko eserleku erreserba (multzoa) ere ez dago bidaiariak eta haiekin doazenak egoteko zona ezberdinetan. Euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
– Terminaleko atondoan komun egokituak daude eta baita bidaiariak ontziratzeko eta hartatik irteteko eremuetan ere.