3. Ondorioak
Tranbia sistemak erreferentzia dira hiri garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalaren gaian.
Ez dira bakarrik "hiria egiten duten" proiektuak, hiri integrazioko lan sakona eta trazatua igarotzen den eremu funtzionaleko espazio berrantolamendua eskatzen duten aldetik; horrekin batera, bereziki, mugikortasun urriko pertsona taldeen gizarteratzea eta kultura integrazioa ahalbidetzen duten proiektuak dira, eguneroko joan-etorriak oztoporik gabe egingo direla bermatzen baitute. Azken batean, sistema hauek pertsona guztientzat atseginagoa izango den hiria sortzeko helburuan aurrerantz egiten dute.
Ingurune honen testuinguruan kokatu behar da EAEko tranbia sistemaren irisgarritasun diagnostikoa. Bilbo eta Vitoria-Gasteizko proiektuetan irisgarritasun fisikoaren oztopoak gaindituta egonda, egungo erronka orain komunikazioaren aldetiko erabateko irisgarritasuna bermatzea da zentzumen ezgaitasunen bat duten taldeei.
Zentzu honetan, Vitoria-Gasteizko tranbiak, hiriburu bizkaitarrekoa baino modernoagoa izateagatik, hobeki integratu ditu komunikazio irisgarritasunaren erronkak. Helburua hau da: Bilboko tranbiak Vitoria-Gasteizko tranbia proiektuak finkatutako bidetik aurrera egin ahal izatea.
Bereziki, irisgarritasunaren hurrengo alderdien hobekuntza azpimarratu beharko litzateke:
– Makina saltzaileen eta baliogabetzeko gailuen erabateko irisgarritasuna geralekuan.
– Informazio dinamikoa eta estatikoa geralekuan eta hura irisgarria izatea erabat.
– Atearen kokalekua non dagoen adierazteko sistema akustikoak instalatzea.
– Megafonia sistemak instalatzea "T Moduan", ibilgailuen barrualdean.
Azkenik, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko udalek aukera hau hausnartu behar dute: inbertsio esfortzua egiteko aukera tranbia geltokietara daramaten oinezko inguruneak egokitzeko. Horretarako, zoladuran hankaz ukitzeko zerrendak instalatu beharko lirateke gidari izateko, hain zuzen ere ikusmen urrituen taldeari zuzenduta.