V. Kapitulua. Sistema Metropolitarra
1. Sarrera, titulartasuna, kudeaketa eta ustiapena
Metro Bilbaoren sareak Bilboko trenbide metropolitarra eta Bilbo Handiranzko distantzia laburreko hiri arteko zerbitzua hartzen ditu. Eremu metropolitar hori Bilboko itsasadarraren bi ertzetan zehar zabaltzen da, eta, gutxi gorabehera, milioi bat biztanle pilatzera iristen da.
"Y" itxura duen trazatua du, itsasadarraren bi ertzetatik doazen bi linearekin; horiek Bilbo hegoalderaino iristen den trazatu komun batekin bat egiten dute. Guztira, metroak 40,61 km-ko luzerako trazadura du (2009. urtean), 38 geltokirekin guztira. Horietatik 22 lurpekoak dira eta 16 gainazalekoak.
Bilboko metroaren azpiegitura lanak gauzatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta hori Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoaren bitartez egiten du.
Egitura eskergen lanak eta material mugikorra jartzea Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP aurrerantzean) eskumena da. "Bilboko Trenbide Metropolitarra" izeneko garraio publikoko zerbitzuaren kudeaketa zuzena eta ustiapena BGPk egiten du ere. Azken xede horretarako, Metro Bilbao SA enpresa sortu zen.
2. Bilboko metroko irisgarritasunaren diagnostikoa
Eranskinen idatz zatian irisgarritasunaren diagrama bildu da; bertan, kualitatiboki erakusten da joan-etorri katearen irisgarritasun maila Bilboko metroaren sisteman.
2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Joan-etorri kateko segmentu guztietan erabateko irisgarritasuna bermatzeko xedearekin, lehentasunezkoa da metro sarea igarotzen den udalerrietako udalek inbertsioa egitea arkitektura-oztopoak ezabatzeko eta geltokietarako sarbideetako oinezko ibilbideen irisgarritasun integrala hobetzeko.
Ikusmen urritasunen bat duten pertsonak metro sarean sartzen direla errazteko, beharrezkoa da elementu mekanikoetarantz –igogailuak– eta eraikuntza elementuetarantz –eskailerak eta arrapalak– doazen oinezko ibilbideak ukimen elementuekin markaturik egotea. Ukimen elementu horiek zoladuran egongo lirateke eta bideratzeko zerrendekin gauzatuko.
Zentzu horretan, zera azpimarratu behar da: igogailuen hurbileneko inguruneetan botoiez eratutako ukimen zerrenda bat izaten bada ere kaletik aterantz orientatzeko, botoi horiek ez dira iristen espaloiko hormaraino, beraz, ikusmen urrituek horiek topatzea zaila izan daiteke.
Bestalde, sarbideko eskaileretarantz doan oinezko ibilbideak ere ez du hankaz ukitzearen bitartez gidatzeko sistemarik.
2.2. Barruko irisgarritasuna
BGPk emandako informazioaren arabera, hauek dira Bilboko hiri azpiko instalazioen irisgarritasun ezaugarri nagusiak:
– Metro sare osoan igogailuak eskura edukitzea.
– Goiko igarobideak dituzten geltokiek sartzeko arrapalak dituzte, malda egokiarekin gurpil aulkien erabiltzaileen zirkulazioa ahalbidetzeko.
– Sarbide motzak eta seguruak.
– Irakurterrazak diren seinaleak, bai tamainaren aldetik eta bai kontraste kromatikoaren aldetik.
– Lurzoru zimurra nasaren ertzean.
– Braille sistema edota makrokaraktereak goi-erliebean igogailuetan.
– Megafonia geltokietan.
– Makina baliogabetzailea mugikortasun urriko pertsona taldeentzat –zabalagoa, alegia– balioztatze lerroetan.
– Koskak txarteletan makina baliogabetzaileetan nola sartu jakiteko.
– Garraio txartelak saltzeko makinak egokitzea.
– Zona ilunik edota itsurik ahalbidetzen ez duen argiztapen sistema, eta, batez ere, horiek edukitzea baliogabetzaileetan, eskaileretan eta nasetan.
– Ukimen gida instalatzea atondoa eta nasa komunikatzeko eskaileren azpian; horrela, itsuek edota ikusmen urrituek eskaileraren kokalekua topatu ahal dute.
– Barra estatiko bat jartzea informazio euskarrien behealdean (geltokiaren kokaleku planoak, linearen deskripzioa...).
2.2.1. Geltokiko atondorako sarbidea
Kaletik geltoki barruko atondoraino doan sarbidea gauzatu egiten da sistema mekanikoen bitartez –igogailuak, eskailera mekanikoak– edo eraikuntza elementuen bitartez –ohiko eskailerak–.
Igogailuak:
Hiri azpiko instalazioek kanpoko 28 igogailu dituzte eta lurpeko 22 geltoki.
Kaleko mailatik bertaratzeko, igogailu bakarra dago geltoki bakoitzeko. Igogailu horiek banaketa egiten den atondoraino eramaten dituzte bidaiariak. Bi igogailu mailaren konbinazioak –kaletik barruko atondora eta atondotik nasara– bermatu egiten du mugikortasun urriko pertsona taldeak bertara iristen direla.
Hala eta guztiz ere, ikusi da beharrezkoa dela igogailuak erabiltzeko lehentasunak behar bezala arautu eta seinaleztatzea, eta, horrekin batera, baita horien kopurua eta edukiera areagotzea ere geltoki berrietan, izan ere, geltoki nagusietan igartzen den erabilera eskariak baldintzatu egiten du hura lehentasunez erabiltzea mugikortasun urriko taldeen partetik.
Eskailera mekanikoak:
Metro sarearen erabiltzaileak igo eta garraiatzeko ohiko baliabidea da.
Metro geltokiak bi garaieratan banatuta daude: maila bat nasek eratzen dute, trenera iritsiz bertan; bestea, gorago kokatzen da, nasen gainean, eta bertan harrerako, txartel salmentako eta bidaiariak beren joan-etorrien noranzkoetara banatzeko atondoak kokatzen dira.
Barruko atondoak toki zabalak ditu, oztoporik gabekoak, eta horrek bermatu egiten du mugikortasun urriko pertsonek ekipamenduan ageri diren zerbitzu eta elementu ezberdinetara iristeko egin behar duten joan-etorriaren funtzionaltasuna, adibidez hauetara iristeko: txartelak, bezeroarentzako arreta, nasetara jaisteko igogailuak, eta abar.
Ikusmen urrituek arazoak eduki ditzakete barruko atondotik joan-etorri autonomoa egiterakoan hurrengo komunikazio oztopoak ikusita:
– Ez dago Braille sisteman eta goi-erliebeko karaktereetan idatzitako gida elementurik (plakak) eskaileretako eskubandetan, horien bitartez ikusmen urritua orientatzeko berak hartu nahi duen linearen zirkulazio noranzkorantz.
– Kontraste kromatiko oneko makrokaraktereetan, goi-erliebean eta Braille sisteman adierazitako errotulaziorik ez dago instalazioetan.
– Atondoko zoladuran ez dago gidatzeko zerrendarik, horren bitartez orientazioa errazteko igogailuaren irteeratik makina saltzaileetarantz, bidaia baliogabetzaileetarantz, nasara iristeko igogailuetarantz, informazio zutabeetarantz, eta abarretarantz.
2.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Banaketa egiten duten atondoetan bi igogailu egoten da, bata noranzko bakoitzeko, eta horiek pertsonak eramaten dituzte kasuan kasuko nasetaraino. Hiri azpiko sistemak nasako 52 igogailu ditu.
Gainazaleko geltokietan, nasen arteko igarotzea goiko igarobideen bitartez konpontzen da, pasabidera iristeko igogailu edo arrapala egokituak edukiz (Lamiako, Astrabudua eta Urduliz).
Ikusmen urrituek nasen artean egiten duten joan-etorriari dagokionez, hurrengo komunikazio oztopoak topatu dira:
– Nasarako sarbideak ez du ukimen sistemarik pertsona jakinaren gainean jarri eta orientatzeko hartu nahi duen zirkulazioaren noranzkoari buruz (Etxebarrirantz edo Plentzia/Santurtzirantz).
– Unitate mugikorrera iristeko ateak kokatzen diren lekurantz orientatzen duen zerrenda bideratzailerik ez dago (urruneko ateak). Zentzu horretan, beharrezkoa da azpimarratzea garrantzitsua dela sartzeko ateen kokalekua bermatzea metro unitate motzenetan.
2.2.3. Atondoko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, atondo eta nasetako zoladurak propietate egokiak ditu trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzeen aurkako ezaugarriei dagokienez.
Nasetako segurtasun seinaleztapenari dagokionez, azpimarratu egin behar da Metro Bilbaoren geltokietan nasaren ertza ongi markatuta dagoela, bai ukimenaren aldetik (botoiak), bai kolorearen aldetik (zerrenda horiak). Hala eta guztiz ere, geldialdian, ez da jakinarazten metro unitate laburrenen amaiera non kokatzen den.
2.2.4. Altzariak eta txartelak
Garraio txartelak saltzeko makinek ukimen pantaila dute, eta horrek salmenta mekanika sinpleago egiten du. Gainera, makina berrietako botoiak garaiera baxuagoan kokatu dira, horren bitartez erabileraren unibertsaltasuna errazteko.
Hala eta guztiz ere, horiek ez daude egokituta ikusmen urrituentzat, haiek ezin baitute erosketa mekanika ukimenaren bitartez erabili, eta ez dute laguntzeko bestelako sistemarik eskura (soinu gailua, makrokaraktereak, Braille / goi-erliebeko sistemak). Gainera, autosalmentako makina guztiak ez dira berdinak, izan ere, batzuk kokaleku ezberdinetan dituzte ordainketa egiteko gailuen zirrikituak.
Balioztatze lerroetan, gainerako gailuak baino zabalagoa den makina baliogabetzailea dago, horren bitartez gurpil aulkien igarotzea, haur kotxeena, eta abar errazteko. Finkatutako denbora erregulaturik dago erabiltzaileak igarotzeko, horren bitartez erabateko irisgarritasuna bermatzeko.
Eserlekuei dagokienez, geltoki ezberdinetako egungo modeloek ez dituzte betetzen indarreko araudiak exijituriko irisgarritasun parametroak. Mugikortasun urriko pertsonentzat utzitako berariazko eserleku multzorik ez dago, ezta euskarri iskiatiko osagarririk ere.
2.2.5. Informazio eta komunikazio sistemak
Metroko geltokiek megafonia sistemak eta teleadierazgailuak dituzte erabiltzaileari informazioa emateko. Eragilearen kudeaketa zentroarekin komunikatzeko interfono bidezko sistema bat instalatuta dago, eta arreta iraunkorra da. Osagarri modura, informazio estatikoko panelak daude, tamaina handiko edukiekin eta kontraste kromatiko adierazgarriarekin.
3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Metro sistemak erabateko irisgarritasuna bermatzen du nasa-kotxe erlazioan, izan ere, hura maila berdinean gertatzen da (bereizketa tartea ia ezereza da). Unitate mugikorren eta nasen diseinua hasieratik orientatu zen lehentasunezko helburu honen bilaketara.
Metroaren ibilgailu flota UT-500 eta UT-550 serieetako 37 unitatek eta UT-600 Serieko 9 unitate berrik eratzen dute.
Unitatea eratzen duten lau kotxeak elkarri akoplatuta daude, ate edota bestelako bereizketarik gabe. Horrela, tren barruan pertsonei mugikortasun handiagoa ematen dien toki bakarra lortzen da, eta baita banaketa eta erosotasun hobeak ere.
Estetikaren aldetik, UT-600 Serie berriak ez du alde handiegirik jada existitzen ziren horiekin alderatuz gero, nahiz eta funtzionaltasunaren aldetik hobekuntza adierazgarriak sartzen dituen, batez ere intsonorizazioaren eta bezeroarentzako informazioaren alorretan.
Barrualdean, informazio teleadierazgailu bat instalatu da kotxeen arteko lotunean; horrekin, zerbitzuaren alderdiei buruzko informazioa eman nahi zaie bidaiariei. Sistema hau Aginte Postu Zentralizatuarekin (PZ) konektatuta dago, eta aukera ematen du trenaren destinoari buruzko eta hurrengo geltokiari buruzko informazioa emateko zerbitzu normalizatuko egoera batean. Hala eta guztiz ere, zerbitzuan gerta daitekeen edozein inguruabar jakinarazteko ere erabili ahalko da. Bereziki erabilgarria izango da entzumen urrituen taldearentzat.
Mugikortasun urriko pertsonei egungo unitate mugikorretan irisgarritasuna bermatzeko faktore adierazgarrienak hauek dira:
– Eserita bidaiatzeko plazen proportzioa altua da (%20 eta %30 artean).
– Erabiliko ez badira eserlekuak eraisgarriak izatea espazio laguntza bat da.
– Gurpil aulkien erabiltzaile diren bezeroentzat gordetako tokiak. Toki hauek muturreko kotxeetan kokatzen dira, eta segurtasun uhalak eta sakagailuak dituzte, gidariari jakinarazteko gurpil aulkian doan mugikortasun urriko pertsona bat dagoela. Gidaria, barruko bideo-zaintzako kameren bitartez, adi dago bezero horien aurrean.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako eserlekuak eta ohartarazteko botoia muturreko kotxeetan.
– Esekitze sistema, unitateko plataformaren garaiera iraunkorra bermatzeko.
– Ateak ixteari buruz ohartarazten duen soinu eta argi gailua.
– Argi informazioa, trenak linean duen kokalekua eta haren irteera jakinarazteko.
– Txistua trenetako ateak ixten direnean.
– Botoia unitate barruan gordetako eserlekuetarako.
– Dimentsio handiko ate bikoitzak, sarbidea errazteko.
– Igarobide argitsua, barrualde zirkularreko eraztunez elkartutako kotxeen artean.
– Iragartze akustikoa eta bisuala –linearen grafikoa erakusteko barruko kartelak–, ibilbideko hurrengo geltokiari buruz.
– Trenaren destinoa bidaiariei jakinaraztea nasan.
– Linearen aukeraketa eta egin beharreko ibilbidea.
4. Ondorioak
Metroaren garraio sistemak, orokorrean, kalifikazio altua eskuratzen du irisgarritasunaren gaian; ez bakarrik geltokien eta ibilgailuen erabilera unibertsala bermatzen duten baldintzak ezartzeagatik, baizik eta gain hartu den etengabeko hobekuntza konpromisoagatik, ahotsa emanez ezgaitu taldeei beren mugikortasuna modu autonomoan hobetzeko hobekuntzak sartzeko.
Testuinguru honetan, Bilboko hiri azpiko sistemaren irisgarritasuna erabatekoa izatea bilatzerakoan aintzat hartu beharreko alderdi nagusiak aipatzen dira:
– Hiri zoladura gainean ukimen zerrenden bitartez seinaleztatzea igogailuetara, arrapaletara eta atondora iristeko eskaileretara sartzeko oinezko ibilbideak.
– Ukimen seinaleztapena igogailutik atondo barruko elementu/zerbitzu interesgarrietarantz doazen ibilbideen gainean.
– Makina saltzaileak instalatzea, erabiltzaile guztiei egokituta.
– Nasara sartzeko eskailera eta arrapaletan gidatzeko sistema (plakak) jartzea, ikusmen urritua gidatzeko berak hartu nahi duen zirkulazio noranzkorantz.
– Nasan ez dago gida zerrendarik ikusmen urritua bideratzeko unitate mugikorraren sarbide ateen kokalekurantz (urruneko ateak). Kasu berezia da unitate mugikor laburrenena.
– Igogailuei dagokienez, ikusi da beharrezkoa dela erabilera lehentasunen sistema bat finkatu eta arautzea, eta, horrekin batera, haien gailu kopurua eta edukiera bermatzea. Horrela, geltoki berrietan eskaria behar bezala atenditu ahalko da.