2.Gizarte-eragileekiko lankidetza
Arartekoak eta, dagozkion kontuetan, Haur eta Nerabeen Bulegoak, bere jarduera-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari, bai haien eskubideak jendarteratuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera ahulean dauden neska-mutilentzako baliabide jakin batzuk kudeatuz.
Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan, eta abar.
Harreman ohikoa eta jarraitua daukagu haur eta nerabeen eskubideak babesteko erakundeekin, hala nola Save the Children eta UNICEFekin, Euskal Herriko Batzordearekin. 2016ko ekitaldi garrantzitsuenak “Haurren aurkako indarkeria” jardunaldian parte hartzea eta Euskadiko errealitatea landu zuen “Nik horretara ez dut jolasten” txostena erkatzea izan zen, eskola jazarpenari buruzkoa, lehenengoaren kasuan, eta “Berdintasuna haurtzaroan” lan mintegia antolatzen parte hartzea, aipatutako bigarren erakundeari dagokionez.
Ezgaitasunen bat daukaten pertsonen esparruan, ezgaitasun, mendekotasun eta osasun arloko koordinatzaileek harremanak dituzte sektoreko elkarteekin; hala, horrek ekarri du aurten bilerak izatea AVIFES, APDEMA eta ACABE elkarteekin. Ildo beretik, familia arloko arduradunak arlo horretako erakundeekin harremana dauka, oraingo honetan Hirukide elkartearekin. Aztertutako egoera edo arazo horrek haur edo nerabeengan eragin edo presentzia berezia daukan kasu guztietan elkarrekin egiten da lan, eta arazoen konponketan haurren ikuspuntua txertatzen da.
Babesik gabeko haurrei dagokienez, honako hauekin harremanetan izan gara:
• AVAIM, haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriaren gaineko kezka partekatuz.
• Bizgarri eta IRSE Araba, judizialki bideratuta familia topaguneetara ikuskaritza bisitak egiteko testuinguruan.
• SOS Arrazakeriak, familia erreferenterik ez daukaten adingabe eta gazte atzerritarren egoerari buruzko informazioa erkatuz.
• Bizkaiko Gurutze Gorria, Cáritas Gipuzkoa eta Cáritas Bizkaia, egoera ekonomiko prekarioan dauden eta adingabeen ardura daukaten familiek jasotako arreta eta egoerari buruzko informazioa bilduz.
• Jolas eta Ekin, haur eta gazteekin lan egiten duten Honduras eta Guatemalako GKEek Euskadira egindako bisiten anfitrioi izan diren aldetik.
• Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa, erakundera iristen zaizkien informazioen komunikazio formatua definitzeko, haur eta nerabeen eskubideak urratzea salatu bada edo horren susmoak egonez gero.
Urtean zehar, Arartekoa bizilagunen arteko bi liskarretan inplikatu da, eta bi liskarretan faktore komun bat zegoen: adingabe ugari zituzten ijitoen etniako familiei eragiten zien. Testuinguru horretan bilerak eta harremanak egin ditugu ijitoen herriaren erakunde sozialekin eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluarekin. Gatazka hauei buruzko informazioari eta, bereziki, liskarrek erasaten dituzten adingabeei komunikabideek emandako tratamendua Euskal Kazetarien Elkartearekin egindako bileran landu zen.