2.5.Osasunerako eskubidea
24. artikulua
1. Haurraren eskubidea da osasun-mailarik altuena izatea eta gaixotasunak zaintzeko eta osasuna errehabilitatzeko zerbitzuak erabiltzea. Estatu kideek eskubide hori onartzen dute eta haur guztiek eskubide hori izateko eta zerbitzu horiek gozatzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.
2.5.1. Araudi-eta gizarte-testuingurua
2016an,Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea onetsi zen; lege horren helburua da adikzioen diziplina anitzeko abordatze integrala egitea. Legearen prebentzio eta arretako ereduaren oinarrien artean, osasun publikoaren ikuspuntua eta politika guztietan osasuna txertatzearen paradigma nabarmendu behar dira. Horien bidez, erakundeen arteko konpromiso bat lortu nahi da, sektoreen arteko zeharkako estrategia bat sustatzen duena, osasuna eta ekitatea osasunaren arloan politika publiko eta eragile sozial guztien helburuak izatera bideratutakoa.
Haurrak eta nerabeak legearen proposamenen hartzaile nagusietako batzuk direla adierazten da. Izan ere, proposamenaren hartzaile naturalen oinarrizko parte bat dira; proposamen horrek osasuna sustatzeko eta adikzioak eta drogen menpekotasuna prebenitzeko jarduteko oinarrizko estrategia gisa definitzen du osasunerako hezkuntza. Hori, osasun publikoaren ikuspuntutik, ohitura osasuntsuak eta osasunaren kultura sustatzera zuzenduta dago, bizitza autonomo, solidario eta librea bultzatzeko modu bezala. Prebentzio-jarduketetan, familia-, erkidego- eta hezkuntza-eremuek lehentasuna dute; horregatik, koordinatu beharko dira esku hartzen duten eragile sozial guztiak inplikatzeko.
Familiaren eremuko prebentzioari dagokionez, gurasotasun positiboaren printzipioa nabarmendu behar da eta familiekin esku-hartze soziala egitearen paradigma. Horren bidez, guraso-gaitasun positiboak garatzen dituzte gurasoek edo tutoreek seme-alabekiko harremanak hobetzeko. Horrez gain, jokabidearen mugak ezartzen dituzten balioetan oinarritutako hezkuntza azpimarratu behar da. Helburua da lotura afektiboko balioak sustatzea; egituratutako inguruneak indartzea; eskola-ikaskuntza suspertzea eta babestea eta seme-alaben balioa aitortzea, horiek euren burua eragile aktibo, eskudun eta gai gisa ikus dezaten bultzatzeko.
Erkidegoaren eremuari dagokionez, legeak nabarmentzen du pertsonarengandik hurbilen dauden inguruneek balio propultsatzailea dutela. Hortaz, horien inplikazioa eta parte-hartzea bilatu behar da proposatutako esku-hartzeetan. Hezkuntzaren eremuari dagokionez, lehentasunezko balioa dauka hezkuntza-sistemak paper nagusia daukalako pertsonen eskumenen eraikuntzan, batez ere garapenaren etaparik goiztiarrenetan. Hortaz, jotzen da beharrezkoa dela arrisku-egoeran dauden adingabeei zuzendutako neurriak hartzea, ikasleak substantzia batekiko adikzio bat edo portaerazko adikzio bat garatzeak dakarren arriskuaz jabetzeko eta horiei aurre egiteko eskumenak indartzeko. Horretarako, autokontrol eta autoebaluazioko tresnak jarriko dira bere esku, uste dugulako ezagutza ezinbestekoa dela borondatea eratzeko. Beraz, ezagutza beharrezkoa bada ere, harago joan behar da, batez ere arriskuan dauden adingabeez ari garenean.
Azkenik, arrisku altuan dauden adingabe eta gazteekin lotutako prebentzioari dagokionez, gizarte-hezkuntzako esku-hartze eta programa espezifikoak nabarmentzen dira, aholkularitzakoak, babesa ematekoak eta horien egoerara egokitutako esku-hartzeak.
Gizarte-osasunaren eremuan, adierazi behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretua onetsi dela. Dekretu horren helburua da oinarrizko arauak ezartzea arreta goiztiarraren eremuan egiten diren esku-hartze guztiak antolatu eta koordinatzeko; esku-hartze horiek osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte zerbitzuen eremuetatik garatzen dira. Hori guztia, eredu integral eta eraginkor bat bermatzeko, sail desberdinen jarduketak behar bezala koordinatzeko. Dekretua indarrean sartzeak esan nahi du, beste ondorio positibo batzuen artean, hiru lurralde historikoetan emango zaiela arreta 0 eta 6 urte bitarteko haurrei. Hala, arreta hori handituko da oraindik handitu ez zuen lurraldean, hau da, Araban 3 urtetik 6 urtera arte.
Azkenik, ikuspuntu sozialetik garrantzitsua den araudiaren bestelako eremu batean, jarduketa publikoen orientazioa ezartzen duelako, adierazi behar da Emakumeen Genitalen Mutilazioari dagokionez Euskadiko Osasun Sisteman Gomendatutako Jardunen Gidaliburua argitaratu dela.
2.5.2. Euskal osasun sistemaren inguruko kexak
Aurten ere, aurkeztutako kexa ugarik zer ikusia izan dute atzerritarrek osasun-arreta jasotzeko dituzten zailtasunekin. Txosten honetan, aipatu ditugunak haurdun dauden emakumeek eta adingabeek osasun-arreta jasotzeko dituzten arazoetan oinarrituta daude. Hori horrela da haurtzaroaren inguruko legeriak azpimarratzen badu ere Espainiako herritartasuna duten haur eta nerabeek dituzten eskubide berak dituztela
Osasun Sailak eta Osakidetzak Arartekoari jakinarazi diote osasun-zentroetako onarpenen, fakturazioko eta bezeroen arretarako zerbitzuen arloetan horri buruzko prestakuntza ematen ari direla etengabe. Alabaina, jasotako kexek erakusten dute aplikatu beharreko arauek aplikazioaren arduradunei helarazten ari zaizkien irizpideekin bat ez datozen interpretazioak sortzen dituztela.
Atzerritarrei laguntzearen arlo honetan, Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen, bai baitzekien atzerritar jaioberriek zailtasunak dituztela eskubidez jaso dezaketen osasun-laguntza jasotzeko. Arazoa ez da osasun-arreta jasotzeko unean sortu, medikuak agindutako prestazio osagarriak eskuratzerakoan baizik, esaterako farmazia-prestazioa.
Hori gertatzen da umea jaiotzen denetik haurren gurasoek jatorrizko herrialdetik administrazio eskudunak (GSINk edo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, kasuaren arabera) laguntza jasotzeko eskubidearen aintzatespena izapidetzeko eskatu dien dokumentazioa lortzen duten arte igarotako denboragatik.
Egoera horrek eragina dauka bai adingabearengan, bai horren gurasoengan, apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, osasun-sistema nazionalari eusteko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko urgentziazko neurriei buruzkoak, osasun-laguntza jasotzeko onuradun izaera aitortzen baitie. Era berean, arau horrek berak, egoera berezietan osasun-laguntza jasotzeko kasuetan, atzerritarrak ez diren adingabeen baldintza berdintsuetan beti jasotzeko eskubidea aitortzen die.
Horrenbestez, osasun-laguntza (prestazio guztiak barne) jasotzeko eskubidea zalantzan jarri ez den egoera baten aurrean gaude, baina eskatutako dokumentazioa aurkeztu arte igaro daitekeen denborak horren eraginkortasuna baldintzatzen du luzaroan. Ondorioz, epe horretan zehar osasun-arretaren prestazio osagarriak bere osotasunean ordaindu behar dituzte.
Osasun Sailak laguntza-zentro guztiei emandako erantzuna helarazi dio Arartekoari, honako hau dioena: “Halako kasuetan ezin da erabili “Presbide” aplikazio informatikoa, pediatrek egiten duten preskripzioa errezeta elektronikoaren bidez izapidetzeko. Horren ordez Osakidetzaren errezeta ofiziala emango da paperean, eskuz idatzita, eta jaioberriaren gurasoetako edozeinen OTI zenbakia jarriko da bertan. Farmazia-bulegoan, besterik adierazi ezean, %40ko ekarpena aplikatuko diote, beste autonomia-erkidego batzuetako gaixoen errezetei aplikatzen dieten bezala, 65 urtetik beherako gaixoak izanez gero (zaharragoei % 10eko ekarpena aplikatzen zaie)”.
Kontsultatu diren iturri batzuek iradoki zuten adingabe horien arretaz arduratzen diren osasun-profesional guztiek ez dutela ezagutzen paperean errezeta ematea barne hartzen duen jarduteko moduari buruzko informazio hori. Hori dela eta, Arartekoak informazio osagarria eskatu zuen, oraingo honetan Osakidetzari. Eskaera horretan bertan, preskripzioak paperean egiteak adingabeen kolektibo horren historia klinikoan preskripzio horiek jasotzeko unean arazoa sortzen duen argitzeko eskatu da.
Kexetan maiz agertzen da beste gai hau ere: bigarren iritzia eskatzea, familiako medikua, ospitalea edo mediku espezialistak alda diezazkieten galdegitea. Kexa horien artean bat nabarmenduko dugu, adingabe bati baitagokio: bertan, ezezkoa eman zitzaion osasun mentaleko zentroa aldatzeari.
Eskaera hori hurbiltasun-arrazoiengatik egin zen (osasun-zentro berria bere bizilekuaren aurrean zegoen), eta medikua hautatzeko eskubidean oinarrituta zegoen. Eskubide hori Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuan jasota dago. Osasun-sistema publikoak erabiltzaileei eskaintzen dien aukera da, hasiera batean esleitu zaizkien bitartekoetan aldaketak eskatu ahal izateko.
Eskaeraren funtsezko arrazoia hurbiltasunari lotua zegoen, bizilekuaren aurrean baitago beste zentroa. Ukapena honetan oinarritu zen: plangintzak ez du aztertu aldaketa eskatu deneko adimen-osasuneko zentroan haren semeari arreta ematea.
Arartekoak egindako informazio-eskaerari emandako erantzunak azaldu zuen haur eta gazteen adimen-osasuneko zentro espezializatuetan posible den arretarik onena emateko irizpideak zonakatzean ezarritakoak direla, tresna horrek artatutako pazienteen kupoak parekatzen baititu.
Arartekoaren ustez, eskatutako aldaketa ukatzeak ez zituen apartekoak ez izan arren bereizirik azter daitezkeen bi esparru desberdindu. Lehenengoa plangintza-irizpideei buruzkoa da eta, beraz, osasun-administrazioak osasun-laguntzari esleitutako bitartekoak antolatzeko eskumenekin dauka zerikusia. Bigarrena hautatzeko eskubideari dagokio eta, eskubidea absolutua izan ez arren, izaera propioa dauka.
Bi esparru horiek bereizten ez badira, hautatzeko eskubidearen edukia husteko arriskua dago.
Administrazioak baliabideen plangintzarako duen eskumena justifikatzen duten arrazoiak eskuragarri dauden baliabideak antolatzeko bere ahalmeneko gaitasunaren esparruan kokatu behar dira. Baina justifikazio hori imitazioz eramaten bada geroko edozein eskaerara, erabiltzaileak hautatzeko duen eskubidearen isla izanik eskaera hori, aurretiko plangintzan oinarrituta, eskatu den banakako edozein aldaketa ukatzeko xedez, eskubide horren edukia husteko arriskua sortzen da. Horrenbestez, antolakuntza aldatzen duteneko modua justifikatzen ez bada, plangintza-irizpideen alegazio soilak ezin ditzake zentro-aldaketaren eskaerak ukatu.
Eskatu den eskaera onartzearekin egungo antolakuntza kaltetuko dela egiaztatuko balitz, hautatzeko eskubidearen mugaketa justifikatua egongo litzateke. Eskubide hori baldintzatuta egongo litzateke ere, hizpide dugun kasuan bezala, ez balitz bermatuko eskatutako adimen-osasuneko zentroan beharrezkoa den haur eta gazteen berariazko arreta egun artatzen duten zentroan dauden baliabide antzekoekin gauzatuko dutenik.
Erakunde honen iritziz, ezin zaio aterik itxi hautatzeko eskubideari geroko balizko eskaeretan oinarrituta, aurkeztuko zireneko zantzurik ez bazegoen (Osakidetzak emandako erantzunean adierazi zen eskaera horri arreta ematea aurrekaria izango litzatekeela, eta hori onartzeak ezarritako antolakuntzan bat ez etortzeak ekarriko lituzkeela). Ukatzeko arrazoi hori onartzen bada, eskatutako banakako aldaketak antolakuntza oinarritzen duten plangintzen ostekoak direnez beti, ordenamenduak erabiltzaileei ondoren hautatzeko ematen dien banakako eskubidearen edukia hustuko litzateke.
Arartekoak zehatz-mehatz aztertu du autismoa duen beste adingabe bati emandako osasun-arreta. Adingabe horrek odontologia tratamendu bat behar zuen, eta autismoa zuelako, kirofanoan anestesia behar zuen.
Osakidetzaren plangintzarekin bat etorriz adingabeari esleitu zizkioten osasun-zerbitzuak bere osasun-arloari zegozkionak ziren, Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, odontologia-tratamendua Haurren Hortzak Zaintzeko Programan (PADI) dago, Osasun Sailak itundutakoa; hortaz, Osakidetzaren osasun-arloarekin bat ez datorren plangintza dauka. PADIren plangintza horren arabera, autismoagatik jaso behar zuen arreta berezia Bizkaian gauzatu behar zen, Sestaoko anbulatorioan lehenik eta, ebakuntza-gelara joan behar izanez gero, San Juan de Dios Ospitalean, Santurtzin.
Hasiera batean, Sestaoko medikuak erabaki zuen adingabeak behar zuen esku-hartzeak ez zuela ebakuntza-gelaren beharrik, eta lasaigarri batekin egitea proposatu zuen. Hori ez zen posible izan, eta hiru hilerik behin bere PADIko odontologoarekin koordinatutako mediku-azterketak egitea adostu zuten, hortzaren eboluzioa ikuste aldera. Ondoren, odontologo horrek esku-hartzea sedazioarekin (ebakuntza-gelarik gabe) egiteko aukeraren inguruko informazioa biltzeko gomendatu zien. Izan ere, txantxarraren neurria ikusita, ezin zen gehiago itxaron.
Gurasoek, aukerez informatu ostean, hitzordua eskatu zuten Donostiako Quirón Ospitalean (Osasun Sailarekin itundutako zentroa, esku-hartze horiek behar dituzten Gipuzkoako pazienteentzako dena). Gurasoek horren berri eman zioten Sestaoko zentroari, eta zentro horretan aurreikusita zeukaten hitzordua ezeztatu zuten. Quirónen esan zioten ezinezkoa zela sedazio bidezko esku-hartzea egitea, esku-hartzea luzea izango zelako eta, ondorioz, anestesia orokorra (ebakuntza-gela) beharko litzatekeelako.
Aurrekari horiekin, gurasoek baimena eskatu zuten Quirónen bere semeari esku-hartzea burutzeko. Osasun-administrazioak Gipuzkoako zentro horretan esku-hartzea egiteko baimena ukatu zuen, haiei zegokiena ez izateagatik. Hori dela eta, hitzordua eskatu zuten Sestaon; bertan adierazi zieten esku-hartzea gauzatzeko ebakuntza-gela behar izanez gero erreferentziazko zentroa Santurtziko San Juan de Dios Ospitalea zela.
Administrazio-ikuspuntutik, Osasun Sailak emandako erantzuna zuzena izan zen. Alabaina, laguntza-prozesuaren eboluzioak izandako aldaketen arabera, ukatu zieten Quirónera joateko baimen-eskaera egin zuten unean adingabeak bi proposamen terapeutiko desberdin zeuzkan: bere Bizkaiko erreferentziazko zentroan (laguntza hori emateko itundutakoan) ukitutako hagina ateratzea proposatu zioten, baina Quirón zentroan (Gipuzkoako pazienteentzat itundutakoan) proposatu zioten tratamendua endodontzia bat zen.
Osasun Sailari egoera modu horretan azaldu zitzaionean, osasun-administrazioak aurrekari guztiak aztertu zituen, bereziki desberdina den proposamen terapeutikoa, eta azkenik gurasoen nahia bideratu zuen, proposamen desberdinen espezifikotasuna aintzat hartuz.
Tratamendu edota ebakuntzetarako itxaronaldietan egoten diren zerrendak, denborak eta informazioa direla eta, horiekin zerikusia duten kexek haurrei eta nerabeei ere eragiten diete, gainontzeko herritarrei bezalaxe. Edonola ere, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txosten honetan, nabarmendu nahi dugu itxaronaldi horiek garrantzi handia dutela antzutasun arazoetan, are gehiago emakumeak adin jakin baten mugara iristear daudenean, handik aurrera gutxitu egiten baitira arrakasta izateko aukerak.
Haur eta gazteen buru-osasunari dagokionez, elikadura-portaeraren nahasmenduei buruz egindako jarduera bat aipatuko dugu aurten.
Elikadura-portaeraren nahasmenduek ukitutako pertsonei laguntzeko elkarteek proposatutako zenbait alderdiren gainean jarraipen bat egite aldera, Arartekoak kexa-espediente bat ireki zuen. Horren bidez, Osakidetzaren 2014ko abenduko txosten batean jasotako ebaluazioa hartzen zen abiapuntutzat, pertsona horiek artatzeari buruzko eskaerari erantzunez.
Izapidetutako espedientea txosten hartako bi puntutan oinarritu da: paziente larriak ospitaleratzeko unitate espezializatu bat sortzeko eskaria, eta jantoki terapeutikoen zerbitzuak osatzeko beharra.
Lehenengo puntuan, zenbait gogoeta mota dela-eta, ezinezkoa izan da unitate espezializatu hori garatzeko eraren gainean ados jartzea. Bigarren puntuan –jantoki terapeutikoak– ordea, adostasuna dago haien erabilgarritasunari dagokionez, baldin eta laguntza-eskema koherente eta koordinatuan sartuta badaude.
Arartekoak puntu horiei buruzko informazio-eskaeraren artean eta Osakidetzak emandako erantzunaren artean igarotako denbora-tartean, lurralde historiko bakoitzeko ACABE eta Osakidetzako ordezkarien arteko bilera bat egin zen. Arartekoa ere joan zen bilera horretara. Jantoki terapeutikoen egungo egoeraz eta elikadura-portaeraren nahasmenduen berariazko arretaz hitz egin zuten, bai eta egungo gabeziei aurre egiteko aurreikusitako jarduerez ere. Alderdi horiei buruzko informazio-eskaerari Osakidetzak emandako erantzuna elikadura-portaeren nahasmenduak ukitutako pertsonei laguntzeko hiru elkarteekin egiaztatu ondoren, Arartekoak erakunde honek 2016ko uztailaren 14an emandako ebazpena helarazi du. Horren bidez, Osakidetzari gomendatzen zaio beharrezko zuzkidura jaso dezala elikadura-portaeren nahasmenduek ukitutako pertsonak artatzeari lotutako jarduera-proposamenak aztertze aldera.
2016an jorratutako haurren eta nerabeen osasun-eskubidearekin lotutako azkenengo kontu bat izan da Arartekoak eskatuta irekitako espediente batzuetan aztertu dena; horietan, izendatzaile komun bat dago, hau da, adingabeek alkoholdun edariak eskuratzea kontrolatzeko udal jarduketaren inguruko informazioa eskatzea. 2.1.1atalean adierazi den bezala, adikzioen inguruko lege berria aurkezterakoan, beste garai batean ordena publikoko kontu bat izan ahal zena, gaur egun, osasun publikoko kontu bat da.
Ofiziozko esku-hartzea zenbait udalen aurrean egin zen arren, azterketa orokorra egiteko helburua zuen. Esku-hartze hori burutu da zenbait herritarrek, intentsitate eta formatu desberdinekin, adierazi dutelako kezkatuta daudela nerabeen edari alkoholdunen kontsumoa dela-eta. Halaber, adierazi dute harrituta daudela, dirudienez, oso erraz eskuratzen dituztelako, adingabeei alkohola saltzea debekatuta egon arren.
Arartekoak bukatutzat jotzen du bere jarduketa; egiaztatu du egia esan neska eta mutil adingabeen edari alkoholdunen kontsumoa kontu konplexu bat dela. Hala, beharrezkoa da eragile guztien lankidetza, erakunde-eragileena, eragile sozialena eta partikularrena Oraingoan, beste une batzuetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza edo Osasun Sailarekin egin izan duen bezala, oroigarri bat zuzendu die euskal udalei. Horren bidez, udalerrietan neska eta mutil adingabeei ematen zaien alkohola kontrolatzeko dituzten legezko betebeharrak gogorarazi dizkie.
Aipatu dugun legea argia da zentzu honetan; hala, tokiko erakundeei esleitzen die ikuskatzeko eginkizuna (agintaritzako agentetzat hartzen diren langileak), baita dagozkien zigorrak ezartzeko eginkizuna ere.
Hala eta guztiz ere, lege honek, izenburuak adierazten duen bezala, adikzioen arazoa diziplina anitzeko ikuspuntu integral batetik aztertzen du. Zentzu horretan, prebentzioak berebiziko garrantzia dauka (osasun publikoaren ikuspegitik), eta horretarako oinarrizko estrategia gisa, osasunerako hezkuntza ere oso garrantzitsua da. Europar Batasunaren drogaren aurka borrokatzeko 2013-2020 Estrategia jarraituz, demanda murriztera eta eskaintza kontrolatzera bideratutako neurriak, desberdinak izan arren, osagarriak izan beharko dira.
Esku-hartze publikoaren oinarrian daude, berriz ere, haurren eta nerabeen eskubideak. Zehazki, osasunean, posible den maila altuenaz gozatzeko eskubidea eta bere garapen integralarentzat kaltegarria izan daitekeenaz babestua izateko eskubidea. Horiekin bat etorriz, alkoholari eta adingabeei buruzko politika publikoen lana hezkuntzan oinarritu behar da eta neurriek babes-testuingurua ezarri behar dute; hori izango litzateke adingabeei alkohola saltzearen kontrolaren kasua.
Udal batzuek Arartekoari erantzun diote jadanik; hala, burutzen ari diren prebentziozko jarduketen berri eman diote eta helarazi diote ahal duten heinean adingabeei edari alkoholdunak saltzea eta hornitzea kontrolatzera bideratutako jarduketak areagotu nahi dituztela.