EuskaraEusko Legebiltzarrarentzako urteko txostena 20112012-07-277. Arartekoaren 7/2011 Gomendio orokorra, urriaren 28koa. Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzkoa.I. AurrekariakAzken urteotan antzeman dugu poliziaren funtzioa hizpide duten Arartekoaren zenbait gomendio ez direla betetzen eta kasu askotan ez direla gomendiook abian jartzeko mekanismo zehatzak artikulatu. Herrizaingo ataleko urteko txostenen sarreran horren inguruan gauzatu dugu jardueraren berri eman dugu, baita gure balorazioaren berri ere.Erantzun horri eta gomendio horietako batzuen ondotik gaiari berriro heltzea komenigarria dela iruditu zaigunez -kontuan hartuta gomendio orokorrak direla, eremu bati eta polizia-kidego jakin batzuei lotuta daudela-, egokia iruditu zaigu gaiari berriz heltzea, gomendio berri bat eginez. Azken horren xedea, ikuspegi orokor batetik, dagoeneko esandakoa sakontzea eta antzemandako gabezia esanguratsuenekin zerikusia duten hainbat hobekuntza proposatzea da.Horrez gain, atxiloketa giza eskubideetan eragin gehien duen poliziaren jarduera bat da eta horregatik une oro daukagu hizpide gai hori. Gure iritziz, komenigarria da gomendioa baliatzea berme sisteman sakontzen jarraitzeko, bereziki, gabeziak antzeman ditugun alderdi horietan.Giza eskubideei oso lotuta dagoenez, gure ustez egokia da indarraren erabilera aztertzea eta atzerritarrekin diskriminaziozko jarduerak saihestuko dituzten hainbat mekanismo proposatzea.Halaber, berme batzuk aztertu ditugu, hala nola, poliziaren uniformeetan lanbide identifikazio-zenbakia, agenteen prestakuntza eta gomendioan jasotako arloetan jarduera-protokoloen ezarpena.II. OinarriakGure azterketa euskal herri-administrazioen mendeko polizia-kidegoetara (Ertzaintza eta udaltzaingoak) mugatu da, gure kontrola haietara iristen baita, eta gure gomendioak behin eta berriz betetzen ez direla atzeman dugun eremuetara. Eremu horietako bakoitzean aipatu gomendioak eta giza eskubideak bermatzeko beste organismo batzuek egindakoak aintzat hartu ditugu, baita aplikatu behar direla irizten ditugun arauak eta jurisprudentzia ere. Hori oinarri hartuta, topatzen ari garen arazoak identifikatu ditugu eta horiek konpontzeko irtenbideak proposatu ditugu.Poliziaren jarduerak gainbegiratzeko mekanismoak ezartzeko premia bereziki azpimarratu dugu, bai maila orokorrean bai jarduera zehatzetan eta balio prebentiboan ere. Konstituzioak atxilotuari aitortzen dizkion zenbait eskubide aintzat hartu ditugu (adibidez, haren eskubideen eta atxilotzeko arrazoien berri berehala eta modu ulergarrian emateko eskubidea, aitortu behar ez izateko eskubidea eta abokatu-laguntza jasotzeko eskubidea). Halaber, gorputz-miaketa, atxiloketa epaitegiari jakinaraztea, jardueren erregistroa, otorduak eta eginbideak eta bideograbazio-sistemak aurrera eramateko lekuen gaineko irizpideen ezarpena aztertu ditugu, kontuan hartuta alderdi horietan guztietan gabeziak antzeman ditugula. Indarraren erabileraren gainean egin dugun azterketak proportzionaltasun printzipioa dauka oinarri eta bilera, adierazpen eta mintzaira eskubideen ziozko eskakizunak kontuan hartuta, indarraren erabilerara jotzea saihestuko duten bide berriak bilatuz, arreta berezia jarriz arazoak konpontzeko modu gisa indarraren erabilerara jotzea saihestuko duten bide berriak bilatzeko egokitasunean, betiere, posible bada. Atzerritarrekin diskriminaziozko jarduera posibleak prebenitzeko mekanismoei dagokienez, bakarrik arraza-ezaugarri jakinak eta arraza-delituen aurkako borrokan poliziaren egitekoak duen garrantzia oinarri dituzten poliziaren esku-hartzeak saihestu ditzaketenak izan ditugu hizpide.III. GomendioakGomendio orokorrak 30 gomendio hartzen ditu barne eta azken horiek ondorioen forma dute. Horietako batzuk laburtuko ditugu:

Polizia-kidegoek euren jarduerak gainbegiratzeko mekanismoak ezarri behar dituzte, gerta daitezkeen praktika okerrak prebenitzeko eta kontrolatzeko modu gisa. Poliziaren jarduera oker baten zentzuzko edozein salaketa edo seinaleren berehalako ikerketa inpartziala mekanismo horietako bat da. Ildo horretan, poliziaren jarduera ebaluatzeko eta jarraipena egiteko aukera ematen duten jarduera horren gaineko datuak biltzeko sistemak ezartzea ere halaxe da.

Indarraren erabilerak azken baliabidea izan behar du beti, legezko egokitasun, premia eta proportzionaltasun printzipioak zorrotz bete, eta arrazoizko epaian oinarritu behar da, hierarkiako gainekoek kontrolatu eta egiaztatuta. Jarduera nahikoa dokumentatu behar da eta erabilitako indarraren deskribapen zehatza gaineratu behar du. Neurria poliziaren bulegoetatik kanpo hartzen bada, polizia-agenteek aginte eta kontrol zentroari jakinarazi beharko dizkiote arrazoiak.

Hasierako momentutik auzibidean arau-hauste gisa kalifikatutako gertakarien ondoriozko atxiloketak saihesteko kontrol mekanismoak ezarri behar dira, baita atestatuen eta administrazio atxiloketen edukia bete-betean errealitatearekin bat etortzen dela bermatzeko ere, agiriok eragiten dituzten gertakariei dagokienez.

Atxiloketaren hasi-hasieratik atxilotuei abokatu-laguntza jasotzeko aukera eman behar zaie.

Atxilotutako pertsonari unean bertan eta berarentzat erraza eta ulergarria den hizkuntza erabiliz, haren atxiloketa eragin duten gertakari eta arrazoi juridikoen berri eman behar zaio, bai eta bere eskubideak eta horiek gauzatzeko modua jakinarazi ere.

Atxiloketaren izapideek hori egiteko behar den gutxienezko denbora iraun behar dute. Gertatutako edozein atzerapen behar bezala dokumentatu behar da eta horren arrazoiak jaso behar dira.

Atxiloketan zehar egindako gorputz-miaketa behar bezala dokumentatu behar da, arrazoiak jaso behar dira eta proportzionaltasun printzipioa zorrotz betez eraman behar da aurrera.

Ezarri behar diren bideograbazio-sistemek honako hau ahalbidetu behar dute: grabazioa atxiloketaren unean bertan hastea; poliziaren bulegoko gela, atxiloketa-eremu eta polizia-agenteen eta atxilotuaren arteko elkarrekintzak gertatzen diren leku guztiak barne hartzea, atxilotuak aurkakoa esaten ez badu behintzat. Grabazioek irudiak eta audioa jaso behar dute. Grabatutako materiala grabatutako jardunen ondoriozko erantzukizun administratibo eta penal posibleak preskribatzeko gehienezko epealdia errespetatzeko nahikoa denboraz gorde behar da, bai eta eskubideak bermatzeko erakundeek esku hartzeko duten epean zehar ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kideek zenbaki edo erreferentzia bat eraman behar dute euren uniformean, argi eta garbi ikusteko moduan. Horrela, edozein pertsonak identifikatu ahalko ditu.

Jatorri atzerritarra duten pertsonen aurkako jarduera diskriminatzaileak jazotzen ez direla bermatu behar da, batez ere identifikazio kontrolen eremuan eta immigrazioari buruz zabaltzen den polizia-informazioari dagokionez. Polizia-kidegoek eginkizun aktiboa hartu behar dute euren gain istilu arrazisten aurkako borrokan.