EuskaraArrisku egoera berezietan dauden adingabeak2012-07-27F) Jarraipenaren beharrizanen gaineko azken gomendioa50. Urrakortasun egoera ezberdinen eta bilakaeraren aldian aldiko azterketaUrrakortasun bereziko egoera, normal denez, etengabe aldatzen da, onerako eta txarrerako. Bere bilakaera ezagutzea beharrezkoa da, baina ez nahikoa errealitatean zehaztasun handiagoz eta kausa-ezagutzaz eragiteko.Arartekoaren erakundeak, bere funtzio eta baliabideei jarraiki, egoera jakin batzuen jarraipena egin du urteetan zehar, txosten honetan adierazitako aukera eta mugekin. Aukera eta muga horiek ondo aztertutako urrakortasun egoeren (ez denen) kantitateak eragin ditu, baita erabilitako baliabideek eurek ere: baliabideetarako bisitak; ofiziozko espedienteak; kexak; ikerketa monografikoak... Arartekoaren asmoa da eskura dauden bideak erabiltzea eta jarraipenarekin aurrera egitea, bere aukeren barruan. Bestalde, urrakortasunaren beste faktore batzuk jorratu nahi ditu, pobrezia edo gaixotasunak, besteak beste, orain arte gutxi landu izan baitira. Baina hemen azpimarratu nahi dugu horrelako jarraipenak eskumena duten administrazioek egin behar dituztela modu berezian.Alde horretatik, bereziki egokia iruditzen zaigu aldian aldiko ikerketak egitea, helburu, irizpide eta metodologia antzekoak erabilita; horrek aukera emango du datu konparagarriak izateko eta erabakiak horien arabera egokitu eta hartzeko. Jarduteko modu hori -hemen jorratutako gai batzuetan aplikatzen dena jadanik, eskola esparruan berdinen arteko tratu txarren kasuak bezala- urrakortasun bereziko egoera guztietara zabaldu behar da.Beste gauza bat litzateke arazoen ikuspegi globalago bat lortzea, ikertutako egoeretako bakoitzak aintzat hartuko lukeena, baina aztertuz euren artean erlazionatuta eta ikuspegi orokorrago batetik.